Albisteak

Albistea

Bekoportala 'erakusleiho sozialean' bihurtzeko lanak hasiko dira

Otsailaren 20an, martitzenean, Bekoportale proiektua herritarrei aurkezteko hitzaldia eskainiko da Bermeoko kultur etxean

 

Bermeoko Udalak Hurtado de Mendoza kalean (Mokoneko aldatzan) dagoen orubearen eta lokalaren etorkizuna herritarrekin batera definitu zuen, eta gune hori ‘erakusleiho sozialean’ bihurtzea erabaki zuten, hau da, erabilera anitzeko gunea sortzea: familia eta adin guztietako pertsonek erabiltzeko espazioa; erakusketak eta tailerrak antolatzeko gunea, Alde Zaharrari buruzko informazio puntua, ekitaldi kulturak egiteko tokia… Bekoportala proiektua herritarrei aurkezteko eta horri buruzko zehaztasunak azaltzeko otsailaren 20an, martitzenean, 19:00etan hitzaldia eskainiko da Bermeoko Kultur etxean (Gaztelekuan). 

Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak; Santi Muruak, Berualako zuzendariak; Ugaitz Gazteluk, View Arkitektura eta Ikerketa enpresako arkitektoak eta proiektuaren egileak; eta Jon Atxikallendek, Arkibai elkarteko kideak; honen berri eman dute gaur prentsaurrekoan. 

Santi Muruak, adierazi duenez, hurrengo astean proiektu hori egiteko lanen lehenengo fasea martxan jarriko da, eta lan horien bidez honakoak egingo dira: lurren mugimendua eta azterlan arkeologikoa eta, ondoren, lokalaren egokipena eta bere aurreko orubearen urbanizazio lanak. Lan horiek hiru hilabete irautea aurreikusten da. Ondoren, bigarren fase bat martxan jarriko litzateke eta horretan beheko orubea urbanizatuko litzateke. 

Berualako zuzendariak adierazi duenez, proiektu guztiaren kostua 500.000 euro ingurukoa da eta proiektu honetarako Bermeoko Udalak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun sailaren 109.394 eurokoa diru laguntza izan du, Itsaspen programaren barne. 

Bidegurenek gogoratu duenez, Hurtado de Mendoza kaleko orube eta lokal horiek egoera oso txarrean daude. “Hori dela eta, Udalak orubea desjabetu zuen eta, lokala Berualarena izanda, gune hori berreskuratzeko prozesua abian jarri genuen Udaletik parte-hartze prozesu baten bidez”, nabarmendu du. 

Alde Zaharra biziberritzen 

Bere esanetan, proiektu hori 2014. urtean Bermeoko Udalak martxan jarritako Alde Zaharra biziberritzeko plangintzaren barne kokatzen da, zehazki, orubeen egoera hobetzeko interbentzioen atalean. Orubeak berreskuratzeko, besteak beste, honako ekintzak abiarazi ditu Bermeoko Udalak: azaltzen ari garen Bekoportale prozesua, Tala eta Talakoetxeako arte lanak, EHUrekin elkarlanean orubeak berreskuratzeko ideia lehiaketa… 

Bekoportaleko parte-hartze prozesuari dagokionez, “eredugarria” izan dela adierazi du alkateak; izan ere, “ondo diseinatutako eta dinamizatutako” prozesu bat izan da, proiektuaren hasieratik herritarren parte-hartzea bermatu da eta asko izan dira prozesu horren barne jasotako ekarpenak, pertsona eta talde ezberdinek egindakoak: talde politiko ezberdinak, Udalaren sail ezberdinak, auzokideek, merkatariek, elkarteek eta herritarrek orokorrean.  

Muruak azaldu duenez, Udalak Arkibai, Garapen jasangarrirako eta sozialerako arkitekto elkartearekin, martxan jarri zuen parte-hartze prozesua eta bertan,  lehenenik eta behin,  “herritarrekin Alde Zaharreko eta, zehazki, gune horretako beharrak identifikatu ziren; eta, ondoren, orube eta lokal hori zertara bideratu  aztertu zen herritarrekin batera”. Horren ondorioz, espazio hori erakusleiho sozialean bihurtzea erabaki zen. 

Ugaitz Gazteluk proiektuaren zehaztasunak azaldu ditu. Ildo horretan, adierazi duenez, Arkibai elkartearekin elkarlanean gauzatu den proiektu honen “asmo nagusia” orube eta lokalaren “berreskuratzea eta herritarren beharrizanetara egokitzea izan da”. 

Ildo horretan, adierazi duenez, erakusleiho sozialerako guneak sortzerakoan, “irisgarritasunean eta berdintasunean oinarritutako hirigintza irizpideak aintzat” hartu dira. “Era berean, Alde Zaharreko portale berri bat osatzeko asmoz, orubeko kanpo espazioa Lameratik datozenengana zabaltzen da, bertako ikuspegiarekin jokatzen delarik eta bere bukaeran beiratez itxitako lokala aldarrikapen bezala azaltzen delarik”, nabarmendu du. 

Erabilera bikoitza 

Gazteluk gogoratu duenez, Bekoportalaren erabilera “bikoitza” izango da, “herritar txikienentzako espazio irekiak zein babestuak egokituko dira, eta, era berean, hainbat eratako erakusketa artistikoak eta bestelakoak gauzatu ahal izango diren guneak sortuko dira”. 

“Horrekin batera, Alde zaharreko nortasuna balorean jartzeko asmoz, neurri  batean gaur egungo harrizko horma mantenduko da, eta kanpo espazioan, herritarrek aipatu zuten bezala, tratamendu gogor eta berdea konbinatu dira”, zehaztu du. 

Horrez gain, alkateak adierazi duenez, “euskararen transmisioa bermatzeko gune aproposa dela uste dugu eta horregatik milaka herritarrek parte hartu duten “Geuk Eus” egitasmoa islatuko da”. “Herritarrek euskarekiko duten harreman sendoa erakustea da helburua”, gaineratu du. 

Santi Muruak adierazi duenez, orain lehenengo faseko lanak martxan daude eta hiru hilabetetan bukatzea aurreikusten da. Gune horretan proiektu hori martxan jartzen denean,  helburu bikoitza lortuko dugula azpimarratu du alkateak, “alde batetik, Lamera ondoan dagoen gune degradatu bat berreskuratzea eta, bestetik, Alde Zaharrerako sarrera eder hau balioan jartzea”. 

Gainera, bere esanetan, herritarrei ekimen ezberdinak egiteko aukera paregabea eskainiko duen espazioa izango da; izan ere, leku pribilegiatu horretan “arte erakusketak, kultur ekimenak, hitzaldiak, aurkezpenak, topaketak eta bestelakoak egin ahal izango dira”. “Horrez gain, familien arteko topagunea ere bilakatuko da; izan ere, txikienentzako guneak osatzerakoan, umeak eta nagusiak, bertan elkarrekin egoteko eta jolasteko aukera izango dute”, gaineratu du.  

Herritarrei proiektu guzti honen berri emateko hitzaldia eskainiko da otsailaren 20an, martitzenean, 19:00etan Bermeoko kultur etxean (Gazteleku), eta Bermeoko alkateak herritar guztiak gonbidatu ditu horretan parte hartzera. 

06 / 02 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0