Albisteak

Albistea

Ekialdeko Errege Magoak eguenean itsasontziz helduko dira Bermeoko Portura arratsaldeko 18:00etan

 

Urtero bezala, Ekialdeko hiru Errege Magoak Bermeora etorriko dira  urtarrilaren 5ean, eguenean; eta, herri arrantzalea izanik, Erregeak itsasontziz helduko dira Bermeoko Portura, Artza Frontoi aurrera, arratsaldeko 18:00etan. Horrela, bermeotarrok portuan batuko gara euren etorrera ospatzeko. Erregeen kabalgatan 125 pertsonatik gora parte hartuko dute, eta ia 450 kilo gozoki banatuko dira, gluten gabekoak. 

Lehorreratu ondoren, Umeen Danborrada eta Kabalgatako Lagunek (BUDEK elkarteak) prestatutako karroza ikusgarrietan, hiru Erregeak kalerik kale ibiliko dira herritarrak agurtzeko eta kolorez eta gozokiz betetzeko herriko bazter guztiak. 

Ibilbidea hau izango da: Portua, Lamera (kanpotik), Askatasun Bidea, Erreñe Zubi, Ondarraburu, Artieda tar Iñigo, Esparru, Bizkaiko Jaurerria, Arresi, Ongintza, Irakaskintza, Doniene, Sabino Arana enparantza, Arostegi, Lamera (barrutik) eta Liburutegia. 

Kabalgata bukatutakoan eta gaueko 21:00ak arte, Liburutegian umeek euren azken eskariak egin eta argazkiak ateratzeko aukera izango dute. 

Segurtasuna bermatzeko helburuarekin, kale estuetan karrozetara ez hurbiltzeko eskatzen zaie herritarrei; eta, animalia biziak egongo direnez, kontuz ibiltzeko. Ildo honetan, Udaltzaingoa, Herri Babesa eta talde antolatzaileen oharrei kasu egiteko eskatzen da. Trafikoari dagokionez, Erregeen kabalgatak irauten duen bitartean, ibilbideko kaleak itxita egongo direla gogoratu du udalak. 

Erregeen kabalgata BUDEK elkarteak eta Bermeoko Udalak antolatzen dute;  Herri Babesa, Udaltzaingoa, Bermeoko Gurutze Gorria,  Itsas Salbamendua, Izaro Bikers, Bermeotarrak fanfarrea, Udalaren Musika Eskola eta herriko emakumeen laguntzarekin. Horrez gain, desfilean parte hartuko dute traktore-gidari, paje, postari, animalien gidariek eta umeek.

 

 

03 / 01 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0