Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak Hurtado de Mendozako orubearen etorkizuna herritarrekin batera definituko du, eta ekitaldi bat egingo du abenduaren 30ean

 

 

Irune Ormaetxeak, Bermeoko Urigintza zinegotziak, jakinarazi duenez Bermeoko Udalak Hurtado de Mendoza kalean dagoen orubearen eta lokalaren etorkizuna herritarrekin batera definituko du. Horretarako, parte hartze prozesu bat hasi da, eta horren berri emateko abenduaren 30ean, barikuan, ekitaldi publiko bat egingo da, arratsaldeko 19:00etan, ‘Danon argidxegaz biztuku’ lelo eta filosofiarekin. Jai giroan egingo den ekitaldi horretara, herritar guztiak gonbidatuta daudela adierazi du Ormaetxeak. 

Ormaetxeak guzti horren berri gaur prentsaurrekoan eman du. Berarekin batera egon dira Santi Murua, Berualako zuzendaria, eta Ugaitz Gaztelu eta Ainhoa Vázquez parte hartze prozesua martxan jarri duen Arkibai elkarteko kideak. Prentsaurrekoan gune hau dinamizatzeko erabiliko den logoa ere aurkeztu dute. 

Urigintza zinegotziak azaldu duenez, Hurtado de Mendoza kalean, orube eta lokal bat dago. Orubea, egoera oso txarrean zegoenez, Udalak desjabetu egin du,  eta lokala Berualarena izanda, gune hori berreskuratzeko prozesua abian jarri du Udalak. Hori aurrera eramateko Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun  sailaren diru laguntza izan du Bermeoko Udalak, Itsaspen programaren barne. 

“Gune hau berreskuratzeko prozesu hori herritarrekin batera egitea ezinbestekoa dela uste dugunez, parte hartze prozesu bat abian jarri dugu herriko elkarte eta eragileekin, batez ere Alde Zaharrean murgiltzen direnekin”, gaineratu du. 

Ildo honetan, azaldu duenez, lehenenik eta behin,  “herritarren parte hartzearekin, Alde Zaharreko eta zehazki, gune horretako beharrak identifikatu nahi ditugu; eta, behin horiek ezagututa, orube eta lokal hori zertara bideratu daitezkeen aztertu herritarrekin batera”. “Ondoren, proiektua egin eta lanak martxan jarri erabakitako erabilerari egokituz”, gaineratu du. 

“Helburua bikoitza da: alde batetik Lameratik Alde Zaharrerako sarrera den gune hori balioan jartzea, izan ere, historikoki Antzinako portutik Bermeoko hirian sartzeko ate nagusienetariko bat izan zen; eta, beste alde batetik, herriari aukera eman gune hori zelan berreskuratu nahi duen erabakitzeko”, nabarmendu du. 

Parte hartze prozesu horren berri emateko jai giroan ekitaldi bat egingo da, abenduaren 30ean, barikuan, izan ere, “horren berri eman nahi zaio herri guztiari”. Horrela, arratsaldeko 19:00etan Lameran irrintziak entzungo dira, eta horrekin ‘Lekitxoko deabruak’ taldeko kideek jendea erakarriko dute. Aurkezpen txiki bat egin ondoren orubera joango dira guztiak elkarrekin eta bertan sorpresaz beteriko ekitalditxo bat izango da. “Ekitaldi hori antolatzeko herriko hainbat elkarteren laguntza izango dugu, eta horregatik eskerrak eman nahi dizkiegu”, esan du Ormaetxeak. 

Hortaz, herri guztia gonbidatu du Ormaetxeak ekimen horretan parte hartzera, “guztiok elkarrekin, gune hori berpizteko eta, horrekin batera, Alde Zaharra eraberritzeko beste pausu garrantzitsu bat emateko”.   

Ildo honetan, Muruak azaldu duenez, Bermeoko Udala denbora luzean Alde Zaharra biziberritzeko lanean ari da, eta horretarako hainbat ekintza martxan jarri izan dira (lore lehiaketa, food truck, kaleko artea, lokal hutsen azterketa…). “Gaur aurkezten duguna beste ekintza bat da, eta espero dugu ekintza guztiekin  Alde Zaharrera jarduera berriak eta jendea erakartzea, gure herriarentzat hain garrantzitsua den zona hori indartzeko”, nabarmendu du. 

23 / 12 / 2016

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0