Albisteak

Albistea

Halloween Metal Fest 2016 Bermeoko Kafe Antzokian azaroaren 12an, zapatuan

Halloween Metal Fest  jaialdiaren bederatzigarren edizioa izango da Bermeoko Kafe Antzokian azaroaren 12an, larunbatean, gaueko 21:00etan. Bertan, Legacy Of Brutality (Asturias), Thirteen Bled Promises (Madril), Overdry (Jerez de la Frontera), Diabulus In Musica (Nafarroa), eta The Wizards (Bilbo) taldeekin gozatzeko aukera izango dute bertaratzen diren guztiek. 

Halloween Metal Fest jaialdiaren sarrera 7 eurokoa da aurretiaz erosita, eta 10 eurokoa leihatilan. Salmenta puntuak Bermeoko Kafe Antzokia eta Luma liburu-denda, Gernikako Ospa taberna, Mungiako Herriko Taberna eta Bilboko Gothic zone dira. Horrez gain, www.musikaze.com webgunean ere eskuratu daitezke.

Halloween Metal Fest 2016 jaialdian parte hartuko duten taldeei dagokienez, Legacy Of Brutality Asturiaseko death metal talde bat da. W:O:A Metal Battle Spain irabazi zuten, eta horri esker munduko Metal jaialdirik garrantzitsuenaren azken edizioan parte hartu zuten, Alemaniako Wacken Open Airen, hain zuzen ere. Lehenengo aldiz egongo dira Bermeon eta Giants bere diskoa aurkeztuko dute.

Bestalde, Thirteen Bled Promises taldea deathcore estiloaren erreferentea dira. Madrileko boskote hau lehenengo aldiz egongo da Bermeon, eta bere azkeneko lana aurkeztuko dute, The Black Legend, hain zuzen ere.

Bi urte pasa dira Overdry Bermeoko Halloween Metal Festera etorri zenetik. Jaialdiaren 7. edizio horretan Jerez de la Fronterako taldeak hiru kantu propio eta hainbat bertsio aurkeztu zituen. Antolatzaileek azaldu dutenez, ordutik hona euren errepertorioarekin ekarri nahi izan dituzte jaialdira, eta, horrela, oraingoan, euren disko berria aurkeztuko dute: ‘El oscuro Reino Del Verso’. “Groove Metal talde honek ez du inor epel utziko”, gaineratu dute.

Halloween Metal Fest jaialdiaren bederatzigarren edizioaren kartel burua Nafarroako Diabulus In Musica izango da. Metal sinfonikoa egiten duen talde horrek lehenengo aldiz aurkeztuko du Bermeoko Halloween Metal Festen bere azken lana Dirge for the Archons, azaroaren 18an merkaturako dena, hain zuzen ere. Izan ere, Diabulus In Musica taldeak Bermeon hasiko du bere nazioarteko bira.

Nazioarteko talde garrantzitsuen hasierako kantariak izan dira, hala nola, Leaves Eyes, Atrocity, Xandria, Theatre Of Tragedy, Tarja Turunen eta Manowar. “Power eta metal sinfonikoaren zaletuek gozatu egingo dute Zuberoa Aznárezen ahotsak gidatzen duen Diabulus In Musica taldearen musikarekin”, adierazi dute antolatzaileek.

Pastelaren ginga The Wizards bilbotarrek, 2014an Bilboko Hiria lehiaketaren irabazleek, jarriko dutela azpimarratu dute antolatzaileek. Bere estiloa 70. hamarkadako Heavy Metal bezala definitu daitekeela zehaztu dute. “Bilbotar bihurri hauek, Ian Mason buru dutela, bere izena daukan The Wizards diskoaren abestiekin eta abesti berriekin ere gozatzeko aukera eskainiko dute Bermeoko Halloween Metal Fest jaialdian”, nabarmendu dute.

Baina jaialdia ez da kontzertuekin bukatuko, izan ere, ondoren, Halloween Metal Videojukebox izango da, hau da, bideoklipen proiekzioa. Gainera bideoklip horiek musika talde ezberdinetako kideek, antolakuntzako kideek eta hainbat lagunek aurkeztuko dituzte.

Bermeoko Spookypheria Productions kultur elkarteak bederatzigarren urtez antolatzen du Halloween Metal Fest jaialdia, Bermeoko Udalaren laguntzarekin. Jaialdi horretan herritarren parte hartzea gero eta handiagoa izan da urtetik urtera eta musikarekin gozatzeko aukera ezin hobea eskaintzen du. 

02 / 11 / 2016

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0