Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak 2017. urteko ordenantza fiskalak, zergak eta tasak onartu ditu

Ondasun higiezin gaineko zergan, etxe hutsen %50eko gainkarga ezarriko da, eta Alde Zaharrean gazteak etxebizitzak alokatzeko programa lantzen ari dira

 

 

Bermeoko Udalak atzo egin zuen Osoko Bilkuran 2017. urterako ordenantza fiskalak, zergak eta tasak onartu zituen, Bermeoko Udal Gobernuak alderdi ezberdinekin hainbat adostasun lortu ondoren. 

Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak, azaldu duenez, azken hiru urteetan Bermeoko Udalak tasak eta zergak aztertu barik izan ditu, eta horregatik “azterketa beharrezkoa izan da kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzen jarraitu ahal izateko”. 

Hori dela eta, tasak banan bana aztertu dituztela adierazi du. Horretarako, bere esanetan, alde batetik, kosteak kontuan hartu dituzte, eta, beste alde batetik, Bermeoren esfortzu fiskala antzeko herriek dutenarekin alderatu dute, eta ikusi dute “antzeko herrien (Gernika, Mungia, Ermua…) esfortzu fiskala handiagoa dela”. 

“Hori garrantzitsua da, izan ere, Udalkutxak, dirua banatzerakoan, herri bakoitzaren esfortzu fiskala du kontuan eta, zenbat eta txikiagoa izan, Udalkutxak diru gutxiago ematen dio herriari”, azaldu du. “Horregatik ere, garrantzitsua izan da ordenantza fiskalak, zergak eta tasak onartzea”, gaineratu du. 

Hortaz, Bidegurenek adierazi duenez, etxebizitzetako sastar batze zerbitzuaren tasa berria onartu da, izan ere,  “hau urteetan igo barik egon da eta tasa hau Udalkutxak kontuan hartzen du ahalegin fiskala kalkulatzerakoan”. Horrela, orain arte, hiru  hilabeteetan sastar batze zerbitzuaren tasa 13,23 euro izan da, eta hori 14 eurora (3 hilabete) igotzea onartu du Bermeoko Udalak. Igoera horrek ez du eraginik izango dendari, ostatu, bulego eta antzekoetan. “Etxebizitzetako sastar batze zerbitzuaren kostua benetan ordaintzeko 24 euro ordaindu beharko genituzkeela” jakinarazi du Bidegurenek. 

Bestalde, hilerriko tasa %3 igoko da. Zerbitzu horrek 107.400 euroko kostua duela eta Udalaren sarrerak 21.000 euro direla gogoratu du alkateak. Ibilgailuak zepoarekin daudenean handik kentzeko ordaindu beharreko tasa %10 igoko da, hau da, orain arte 61,20 euro zen eta 67,32 euro izango da. 

Bide publikoan zangak zabaltzeagatik tasa %10 igoko da; eta herriko lurrak obra hondakinekin, hesiekin, aldamuekin… okupatzeagatik eta bide publikoaren lurzorua okupatzeagatik ordaindu beharreko tasek %3ko igoera izango dute. Agiri konkretu batzuk emateak %10eko igoera izango du, esate baterako, planoen fotokopia ematea  3,06 eurotik 3,37ra pasako da. 

Bermibusaren kasuan, Bermibusen txartela erabiltzen duten erabiltzaileek ez dute inolako igoerarik izango. Noizbehinkako bidaia 0,90etik euro batera pasako da, eta familia ugariek Bermibusen hobariak izatea onartu du Bermeoko Udalak. 

Animaliak edukitzeko eta babesteko tasak %25eko igoera izango du, albaitariak kobratzen dituzten gastuetara egokitzeko; eta animali arriskutsuenak %3koa. Urigintza eta ingurumen tasak %3 igoko dira. Plusbalioen gaineko zergaren ordenantza Foru Araura egokituko da, eta tipoa 6,20an jarriko da, baina horrek ez du igoerarik suposatuko. 

Etxe hutsak 

Ondasun higiezin gaineko zergan, etxe hutsen %50eko gainkarga ezartzea onartu du Bermeoko Udalak. Bermeoko alkateak adierazi duenez, Bermeon 2.000 etxebizitza huts daude, eta horietatik 700 Alde Zaharrean; eta helburua etxe hutsak merkatuan sartzea da. 

Horrela, “Alde Zaharreko etxebizitza hutsak gazteek alokatu ahal izateko programa bat diseinatzen” ari direla jakinarazi du Bidegurenek. “Alde Zaharra biziberritzeko proiektuaren barne dago programa hori, bere helburu bat gazteentzat Alde Zaharra erakargarria izatea delako”, gaineratu du. 

Bestalde, Ondasun Gaineko zergan hiru hobari onartu dituzte: eguzki plaketan eta etxe hutsen programa %30ekoa, eta hondamendia jasan duten eraikinetan %100ekoa. Ildo berean, Ondasun Gaineko zergan BICEsen karga tasa %1,4626 izatea onartu du Udalak. Trakzio mekaniko ibilgailuen zergan ibilgailu ekologikoentzat eta ibilgailu historikoentzat hobariak onartu dira. 

Bestalde, hainbat izango dira aldaketarik izango ez dituzten zergak eta tasak: autoen zergak, taxiak, obra lizentziak, establezimenduak irekitzeko udal jarduerak eta terrazak, besteak beste. 

Ildo berean, Gizarte Ongizateko Patronatuaren tasak ez aldatzea onartu du Bermeoko Udalak. Beraz, udal zaharren egoitzako, etxebizitza komunitarioko, etxez-etxeko zerbitzuko eta jantoki sozialeko tasak berdin mantenduko dira. 

Bidegurenek adierazi duenez, “ordenantza fiskalak, zergak eta tasak aztertzea beharrezkoa da zerbitzu publiko eraginkorrak eduki ahal izateko”. 

27 / 10 / 2016

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0