Albisteak

Albistea

Mareak jaialdiak abangoardia eta tradizioa batzen dituen ekimenak eskainiko ditu Bermeon

Jaialdiak kontzertuak, hitzaldiak, kontaketak eta proiekzioak hartuko ditu gaurtik eta urriaren 15era

 

 

Irailaren 22tik, gaurtik, eta urriaren 15era arte, abangoardia eta tradizioa batzen dituzten hainbat arte-diziplinatako ekimenak eskainiko ditu Bermeon egingo den Mareak Jaialdiaren bigarren edizioak. Guztira, eszenatoki ezberdinetan egingo diren zortzi ekitaldi kulturalekin (kontzertuak, hitzaldiak, kontaketak eta proiekzioak) gozatzeko aukera izango dugu Mareak jaialdian. 

Horrela, adierazi dute Ane Ortubek, Mareak jaialdiaren antolatzaile eta ordezkariak,  Irune Ormaetxeak,  Bermeoko Turismo zinegotziak eta Aingeru Astuik, Kultura zinegotziak, gaur Mareak Jaialdiaren aurkezpenean. 

Ortubek eta Ormaetxeak Beleza Malandra Ateneo Kulturalak eta Bermeoko Udalak antolatutako Mareak jaialdia aurkeztu dute Bermeoko Aita Guria baleontzian, izan ere,  baleontzian emango zaio hasiera gaur, irailaren 22an, arratsaldeko 19:00etan, jaialdiari Alemaniako ‘Dad Horse experience’ taldearen kontzertuarekin. Sarrera 3 euro izango da. 

Irailaren 25ean, domekan, Aita Guria Baleontzia, XVII. mendeko baleazaleen bizimodua erakusten duen Bale Arrantzaren Interpretazio Zentroa, dohainik ezagutzeko aukera izango dute herritarrek. Baleontziaren ordutegia 10:00etatik 14:00etara da eta bisita gidatuak euskaraz 10:15ean eta 12:00etan dira eta erdaraz 11:00etan eta 13:00etan. 

Urriaren 11n, martitzenean, Edorta Jimenez idazle mundakarraren kresal gustuko itsasoko kondairak ‘Haizeari berbetan. Itzalak eta hegalak’ entzuteko aukera izango dugu 19:00etan Aita Guria baleontzian. Sarrera dohainik izango da. Egun berdinean, Beleza Malandra Ateneo Kulturalan 21:30ean Tau (Islandia/ Venezuela/ Berlín) taldearen kontzertua izango dugu. Kontzertu honetan buruaren bidaia batean murgilduko gara soinu psikodelikoekin. Sarrera 3 euro izango da. 

Urriaren 12an, eguaztenean, Nestor Basterretxea aretoan ‘Searching for the wrong eyed Jesus’ pelikula britainarra ikusteko aukera eskainiko du Marea Jaialdiak 19:30ean. Sarrera doan izango da.

Urriaren 13an, eguenean, euskal kulturan eta folklorean aditua den Juan Antonio Urbeltzek ‘Del carnaval a San Juan-simetría de la fiesta’ hitzaldia eskainiko du 19:00etan Arrantzaleen Museoan.  Urbeltzek aratusteaz hitz egingo du, euskal herritarren ikuspegitik, eta udako solstizioaren inguruko ospakizunekin duen harremana azalduko du. Sarrera doan izango da. 

Eguenean ere Nueva Yorkeko bi neska eta mutil batek osatutako Boy Toy taldearen kontzertua izango da Beleza Malandra Ateneo Kulturalan 21:00etan. Hauek, pop melodia bikainak tartekatuta garajeko R&R sortzen dute. Sarrera 3 euro izango da. 

Urriaren 14an, barikuan, Malmö Ziater-en film eszenikoa ikusteko aukera izango dugu Bermeoko Kafe Antzokian 21:00etan. Sarrera 6 euro izango da. 

Urriaren 15ean, zapatuan, 12:30ean Neonymus proiektu musikal bereziarekin disfrutatzeko aukera izango dugu Arrantzaleen Museoa bezalako eszenatoki paregabean. Neonymus proiektuak paleolitotik modernitatera bitarteko soinu paisaiak birsortzen dituzte eta ametsezko tokietara eramango du ikus-entzulea, emoziozko momentuak sortuz. Sarrera dohainik 

Egun berdinean gaueko 22:00etan Jupiter Jon (Irun), Perlak (Zarautz) eta Petra (Donostia) taldeen kontzertuak izango ditugu Bermeoko Kafe Antzokian. Kontzertuen sarrera 5 euro izango da. 

Ortubek azaldu duenez, “urte osoan jaialdiaren egitaraua ilusioz prestatzen aritu izan gara dute eta espero dugu interesgarria izatea”.“Gure lan egiteko filosofia, Mareak jaialdian herri kulturaren bitxi eder eta txikiak eskaintzea da, normalean inor ohartu igarotzen direnak”, azpimarratu du.

Azkenez, Ormaetxeak, Astuik eta Ortubek pertsona guztiak gonbidatu dituzte Mareak jaialdian parte hartzera, kulturarekin gozatzeko aukera paregabeak eskainiko dituelako ekimen kultural ezberdinen bidez. “Zuon gogokoa izatea eta gozatzea espero dugu”, nabarmendu du Ortubek.

 

22 / 09 / 2016

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0