Albisteak

Albistea

Elkarbizitza sustatzeko mintegiak antolatu ditu Gizarte Ongizaterako Udal Patronatuak 200 langile eta arduradunen parte hartzearekin

 

Bermeoko Gizarte Ongizaterako Udal Patronatuak (BGOUP) elkarbizitzaren aldeko apustuari eutsiz, kultur aniztasuna eta elkarbizitza sustatzeko eta bideratzeko lanean dihardu azken urteotan. Lan ildoen artean, udaleko langileriari zuzenduriko formakuntza, sentsibilizazio eta gaitze ekintzak nabarmendu behar dira. Horrela, aurreko urteetako dinamikarekin jarraituz, aurten ere, udaleko langileriari zuzenduriko mintegiak antolatu ditu, 200 langile eta arduradunen parte hartzearekin.

Mintegiak, IKUSPEGIko, Immigrazioaren Euskal Behatokiko, profesionalek eskaini dituzte.  Benito Ibarrolazak, Bermeoko Gizarte Ongizaterako Udal Patronatuko presidenteak, azaldu duenez, mintegien helburua izan da “kultur-aniztasunari buruzko gaietan sentsibilizatzea”. “Horretarako, Euskal Autonomi Erkidegoko eta Bermeoko gaur egungo egoera eskaini da eta populazioaren artean zabalduenak dauden immigrazioarekin lotutako diskurtsoak, jarrerak, aurreiritziak eta estereotipo negatiboak eztabaidatu dira”, adierazi du. 

Guztira 7 mintegi antolatu dira eta udaleko 200 langile eta arduradunek parte hartu dute. Parte hartu dutenak honakoak izan dira: ordezkari politikoak, sail guztietako teknikariak, arreta zuzena eskaintzen duten teknikariak, etxez-etxeko zerbitzuan lan egiten dutenak eta adinekoen erresidentzian lanean dabiltzanak, Udaltzaingoa eta zerbitzuetako langileak (herri lanak, kale garbiketa…) 

Ikastaroen edukiei dagokienez, ordezkari politikoei zuzendutako saioan EAEko eta Bermeoko immigrazioaren gaineko datu soziodemografikoak aurkeztu dira eta, bigarren partean, estereotipo eta aurreiritziak landu dira, diskurtso politikoak populazioaren jarreretan duen eragina azpimarratuz. 

Beste saioek antzeko eskema izan dute, baina egituran zenbait aldaketa barneraturik, izan ere, immigrazioaren errealitateaz gain, zabalduenak dauden estereotipo eta zurrumurruei buruz hitz egin da, baliabide audiobisualak eta talde-dinamika erabiliz.

Bermeoko Gizarte Ongizaterako Udal Patronatuko presidenteak azpimarratu duenez, mintegi hauekin profil ezberdinetako Udaleko langileei immigrazioaren gaineko datuak jakinaraztea lortu da, gaur egungo Estatu eta EAEko zein Bermeoko errealitatea eskainiz. Aldi berean, immigrazioarekin lotutako estereotipo eta aurreiritzi nagusienak partekatzea eta eztabaidatzearen bidez haien atzean dauden argudioak zalantzan jartzea lortu da. Horren bidez, aurreiritzien osagai kognitiboa, gai konkretu bati buruz informazioa duena, lantzea ahalbidetu da. 

Ibarrolazak adierazi duenez “ezinbestekoa” da ekimen “aitzindari” hauek martxan jartzea kultur aniztasunean eta elkarbizitzan aurrera egiteko, eta gure balorazioa “guztiz positiboa” da.

 

 

 

09 / 03 / 2016

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0