Albisteak

Albistea

Garbiketa lanak indartu dira Bermeon herri garbiagoa lortzeko helburuarekin

Torronteroko aulkiak berritu dira eta udal eraikin batzuetan hobekuntza lanak egiten ari dira

Bermeoko Udalaren helburua da herri garbiagoa izatea eta hori lortzeko garbiketa lanak indartu ditu hainbat neurriren bidez. Garbiketa zerbitzuak hobeagoak izateko, Bermeoko Udalak adierazi duenez, gauerako langile talde bat jarri da. Talde honek, astelehenetik eta eguenera, gauetan ureztatze lanak egiten ditu Bermeoko kale ezberdinetan (arkupeak, eskailerak,  espaloiak…). Asteburuetan eta jai egunetan ere, talde honek goizetan kale ezberdinak ureztatzen ditu gure herria ahalik eta garbien mantentzeko helburuarekin. 

Horrez gain, hidrogarbigailua martxan jarri da,  eta makina honen bitartez Bermeoko kaleetan garbiketa sakona egitea posible da, zikinkeri guztia eta berdina ere kentzen baitu. Jadanik garbitu dira hainbat gune hidrogarbigailuaren bidez, besteak beste, Erreten Lamera, Atalde, Lamera eta Alde Zaharreko toki ezberdinak (Torronteroko eskailerak; Kale Istua, Irakaskintza…) . 

“Hidrogarbigailuarekin herriko toki ezberdinak garbitzea aurreikusten dugu, makina oso eraginkorra da garbiketa lanak egiteko eta gure herriko gune ezberdinak txukun gelditzeko”, adierazi du Udalak. 

Ildo berean, garbiketa lan bereziak (sasiak eta belarrak ebaki, zuhaitzen inausketak…), egin dira herriko hainbat tokitan, besteak beste, Futbol zelaiaren eta haurreskolaren inguruan eta Baztarreko beheko aldean. 

“Ekimen guzti hauek Bermeo garbi-garbi kanpainaren barne garatu izan dira, izan be, herria txukun mantentzea gure erronka garrantzitsua da, eta horretarako, Udala ahalegin bereziak egiten ari da”, azaldu du. “Denon artean gure herria zaindu behar dugu herri garbia izateko”, gaineratu du. 

Torronteroko aulkiak eta udal eraikinetan hobekuntzak 

Bestalde, Torronteroko aukiak ere berritu egin dira, “euren egoera ez zen ona,  kaltetuta zeunden eta berritzeko beharra ikusi dugu”. Horregatik, hobekuntza lanak egin dira eta material berezi bategaz osatu, aulkiak berrituz.

Ildo berean, hainbat udal eraikinetan, besteak beste, Nestor Basterretxea aretoan eta Udal musika eskolan hobekuntza lanak egiten ari dira, hala nola, teilatua hobetzeko lanak, hezetasunak kentzeko lanak, margotze lanak eta argindar lanak. 

 

 

07 / 03 / 2016

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0