Albistea
Bermeok XXXVIII. Busturialdeko Dantzari Txiki Eguna hartuko du datorren domekan, ekainaren 21ean. Busturialdeko euskal dantzaren urteko hitzordu garrantzitsuenetako bat bihurtu den ekitaldiak eskualde osoko dantzari gazteak elkartuko ditu, tradizioa, kultura eta belaunaldien arteko transmisioa ospatzeko asmoz.
Aurtengo edizioak esanahi berezia izango du Bermeorentzat, Alkartasuna Dantza Taldea bere 50. urteurrena ospatzen ari baita. Urteurren horren harira, Busturialdeko dantzarien topagune nagusiak herrian bertan egingo dira aurten: alde batetik, XXXVIII. Busturialdeko Dantzari Txiki Eguna, ekainaren 21ean; eta bestetik, udazkenean ospatuko den Busturialdeko Dantzari Eguna, azaroaren 7an, hain zuzen ere.
Joan den hilean Bermeok Bizkaiko Dantzari Eguna ere hartu zuen, eta Lamera izan zen ekitaldiaren agertokia. Ehunka dantzarik eta ikuslek parte hartu zuten jardunaldian, eta euskal kulturaren aldeko konpromisoaren erakusgarri izan ziren bertan bizi izan ziren irudi ikusgarriak. Oraingoan ere, Lamera izango da dantzaren eta jai giroaren erdigunea.
Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomalyk azpimarratu duenez, “ohore handia da Bermeorentzat Busturialdeko Dantzari Txiki Eguna hartzea, are gehiago Alkartasuna Dantza Taldearen 50. urteurrena ospatzen ari garen urte honetan. Euskal dantza gure nortasunaren eta kultur ondarearen adierazpen garrantzitsuenetako bat da, eta pozgarria da ikustea belaunaldi berriek ilusioz eta konpromisoz eusten diotela tradizio horri. Domekan Lameran bilduko diren ehunka dantzariek erakutsiko dute gure kulturak etorkizun sendoa duela”.
Guztira, 250 dantzari inguruk parte hartuko dute XXXVIII. Busturialdeko Dantzari Txiki Egunean, Busturialdeko zortzi dantza talderen eskutik: Alkartasuna Dantza Taldea (Bermeo), Itxas Alde (Bakio), Irrintzi Alai (Busturia), Urdaibai (Forua), Elai Alai (Gernika-Lumo), Baso-Txoritxu (Ibarruri), Lorea (Ibarrangelu) eta Artie (Gautegiz Arteaga).
Jardunaldiaren helburu nagusia da euskal dantzen transmisioa sustatzea eta belaunaldi berrien lana ikusaraztea. Haur eta gazteek urte osoan zehar egindako ahalegina erakutsiko dute, eskualdeko dantza tradizioaren aberastasuna plazara ekarriz. Izan ere, dantza taldeek egiten duten lana ezinbestekoa da gure ondare immateriala bizirik mantentzeko eta belaunaldi berriei kultur transmisioa bermatzeko.
Busturialdeko dantzari txikiek hainbat dantza eskainiko dituzte: Dantzari Dantza, umeen jolas-dantzak, Txulalai, Sardinerak, Markinako Zaragi Dantzak, Ziekoko dantzak, Txantxoak eta Makil Txikiak, Gorulariak eta Domingillo. Jardunaldia amaitzeko, talde guztietako dantzariak batera arituko dira Olagueko Esku Dantza interpretatzen, egunari amaiera berezia emanez.
Egitarauari dagokionez, dantza talde guztiak 11:30ean elkartuko dira Taraskan. Handik, 11:45ean, kalejira egingo dute Lameraraino, eta 12:00etan hasiko da dantza emanaldia.
Antolatzaileek herritarrak eta bisitariak gonbidatu nahi dituzte ekitaldira bertaratzera eta euskal kulturaren adierazpen bizienetako batez gozatzera. XXXVIII. Busturialdeko Dantzari Txiki Egunak, beste behin ere, dantzaren bidez eskualdeko herrien arteko loturak sendotuko ditu, tradizioaren transmisioa bermatuz eta etorkizuneko dantzariei aitortza eginez.