Albisteak

Albistea

KIRIWIKI izango da Bermeoko Gazteleku berriaren izena, Gazte Kontseiluak erabakita

  • Haur, Nerabe eta Gazteen Partaidetzarako Tokiko Kontseiluak ikasturteko azken saioan aurkeztu du Gazteleku berriaren inguruan hartutako erabakia; Ametzaga gunean kokatuko da eta urte amaierarako prest egotea aurreikusten da

Joan den barikuan egin zuen ikasturteko azken saioa Bermeoko Haur, Nerabe eta Gazteen Partaidetzarako Kontseiluak. Ikasturte osoan zehar, Gazteleku berria izango denaren proiektua izan dute aztergai, eta egindako lanketaren ondoren, Gazte Kontseilua osatzen duten 14 ikasleek (Eleizalde Ikastolako, Sagrado Corazon ikastetxeko eta Bermeoko Institutuko DBH 1. eta 2. mailako ikasleak) euren ondorioak eta hartutako erabakiak aurkeztu zizkieten alkateari eta zinegotziei, udaletxean egindako bigarren Osoko Bilkuran.

Ikasleek udalbatzari egindako proposamena izan da aurrerantzean Gazteleku berria antzinako Jose Done Ikastetxean (Hermanuek) kokatzea, hau da, Ametzaga gunean. Era berean, gazteek eurek aukeratu dute espazio berriaren izena ere: KIRIWIKI izango da Bermeoko Gazteleku berriaren izena.

Gazteleku berriak 200 metro koadro inguruko azalera izango du, eta, horrenbestez, orain arte erabilitako espazioa baino handiagoa izango da (Gizarte eta Kultura Etxeko Gaztelekuak 75 metro koadro zituen). Ikasturtean zehar, gazteek aukera izan dute etorkizuneko Gaztelekuaren jardueren diseinua lantzeko, espazioaren hobekuntzak proposatzeko eta zerbitzua aberastuko duten ideia berriak mahai gainean jartzeko.

Bermeoko Udala dagoeneko hasi da Gaztelekua hartuko duen gunea egokitzeko lanekin, datorren ikasturterako prest egon dadin. Lan horiek Ametzaga gunearen berreskuratze-prozesu zabalago baten parte dira. Izan ere, eremu hori berroneratzeko lanean ari da udala, eta epe ertainera guneak bestelako itxura eta erabilera izango ditu, herritarrentzako espazio erakargarriago eta biziago bihurtuz.

Gazte Kontseilua Bermeoko Udaleko Gazteria eta Herritarren Partaidetza sailetatik bultzatutako proiektua izan da, eta Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako ekimen baten baitan sortu zen, Bizkaiko udalerrietan haur eta nerabeen partaidetza-organoak bultzatzeko helburuarekin. Arduradunek azaldu dutenez, Bermeoko kontseilua izan zen pasa den urtean aurrera egitea lortu zuen bakarra; hori dela eta, ikasleei egindako lanagatik eta erakutsitako konpromisoagatik harro egoteko modukoa dela adierazi diete.

Kontseiluko kideek oso modu positiboan baloratu dute ikasturtean zehar egindako lana. Adierazi dutenez, gustura eta pozik aritu dira parte-hartze prozesuan, eta datorren ikasturtean ere kontseiluko kide izaten jarraitzeko asmo irmoa dute. Izan ere, galdetuta ea hurrengo ikasturtean berriro parte hartuko duten, denek baieztatu dute Bermeoko Gazte Kontseiluan jarraitzeko prest daudela. Datorren ikasturtean, gainera, eurentzat interesgarriak izango diren beste hainbat gai jorratuko dituzte.

Amaierako saioan, Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak ikasleen lana eta inplikazioa nabarmendu nahi izan zituen: “Kontseiluan parte hartuta, entzun egin duzue, proposamen desberdinak aztertu eta landu eta horiei buruz hausnartu eta erabakiak hartu dituzue. Hori da politika egitea; hori da, gutxi gorabehera, guk politikariok egiten duguna”.

Era berean, alkateak eskerrak eman zizkien ikasleei ikasturte osoan egindako lanagatik, eta prozesu honetan familiek eta ikastetxeek emandako laguntza eta konpromisoa ere azpimarratu zituen.

Alkateak, gainera, berriro azpimarratu zuen haur eta nerabeen parte-hartzeak duen garrantzia. Horren harira, gazteen ikuspegia eta ekarpenak udal politiketan txertatzearen balioa nabarmendu zuen. “Haurrek eta nerabeek eskubide osoa dute eragiten dieten gaien inguruan parte hartzeko; horregatik da hain garrantzitsua Gazte Kontseilu hau”, adierazi zuen alkateak.

Bermeoko Udalaren ustez, horrelako ekimenek gazteen ahotsa entzunarazteko aukera emateaz gain, herritartasun aktiboa, erantzukizuna eta erabakiak hartzeko gaitasuna sustatzen dituzte, etorkizuneko herria gazteekin batera eraikitzeko oinarriak ezarriz.

11 / 06 / 2026

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
[email protected]

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0