Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak ASTEKLIMA 2022 ekimenaren barruan 2 ekintza burutuko ditu

-Alde batetik, irailaren 24an, udalaren Ingurumen Sailak ibilbide gidatu bat antolatu du Tonpoiko itsasertzeko gune natural berria ezagutzeko

-Bestetik, Gaztelugatxeko kostaldea hondakinez garbitzeko auzolan bat egingo da urriaren 1ean

Bermeon, 2022ko irailaren 21ean.- Bermeoko Udalak irailaren 23tik urriaren 2ra bitartean ospatuko den ASTEKLIMA klima eta energiaren astearen bigarren edizioaren barruan hainbat ekintza antolatu ditu. ASTEKLIMA 2022 Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, EEE eta IHOBE bere erakunde publikoen bidez bultzatutako ekimena da. Ekimen honen helburua da herritarrak kontzientziatzea eta mobilizatzea ezinbestekoa den energia -eta klima- trantsizioaren aurrean.

Bermeoko Udalak kanpaina horretan parte hartuko du eta horretarako bi ekimen prestatu ditu. Alde batetik, irailaren 24an, zapatuan, udalaren Ingurumen Sailak ibilbide gidatu bat antolatuko du Tonpoiko itsasertzeko gune natural berria ezagutzeko, batez ere bertan dauden balio eta elementu bereziak, eta baita espazio hori klima aldaketara egokitzeko ezarritako neurriak ezagutzera emateko. Geralekua Talan izango da, eta ekintza hau 11:00etatik 12:30etara bitartean burutuko da. Ez da aurretiaz izenik eman beharko.

Honez gain, gune honen sarreran laster panel informatibo berezi bat jarriko da Tonpoiko gune berriari buruzko ingurumen informazioa emateko.

Bestetik, Gaztelugatxeko kostaldea hondakinez garbitzeko auzolan bat egingo da urriaren 1ean, zapatuan, Lurgaia Fundazioaren laguntzarekin. Jarduera honen helburu nagusia da herritarrak sentsibilizatzea gure bizimoduak ingurumenean eta kliman sortzen dituen ondorioez jabetzeko. 2020ko urrian antzeko jardunaldi bat antolatu zen eta arrakasta handia izan zuen, 30 pertsonatik gora parte hartu baitzuten. Jardunaldi honekin, guztira, zazpi auzolan antolatu dira jada azken hamar urteetan Gaztelugatxeko kala garbitzeko.

Jarduera honetan edonork parte hartu dezake, baina kontuan izan behar da kala harritsua dela. Geralekua urriaren 1ean, zapatuan, Gaztelugatxe ondoan dagoen Eneperi jatetxearen aparkalekuan izango da, goizeko 09:30ean. Horrela, itsasbehera aprobetxatuko da garbiketa lanak egiteko.

Jarduera hasteko, antolatzaileek gure bizimoduari buruzko hausnarketa egingo dute eta, ondoren, garbiketa lanak zelan egin behar diren azalduko dute. Horren ostean, lekura oinez jaitsi, eskularruak eta poltsak banatu eta boluntarioak taldetan antolatuko dira.

Zakuetan jasotako hondakinak sailkatu egingo dira ahal den guztia birziklatzeko. Ondoren, haitzetatik errepideraino aterako dira giza kate bat osatuz eta, azkenik, hondakinen edukiontzi batera eramango dira. Hemendik, Bermeoko Udalak ontzien edukiontzietara edo hondakin geldoen zabortegi batera eramango ditu. Jardunaldia 14:00etan amaituko da.

Antolatzaileek gomendatzen dute arropa eta oinetako erosoak (labaintzen ez dutenak eta busti daitezkeenak), ordezko arropa eta edatekoa eramatea.

Materiala eta garraioa antolatzeko eta derrigorrezko asegurua ateratzeko, ezinbestekoa izango da izena ematea irailaren 28ko 18:30ak baino lehen info@lurgaia.org posta elektronikoan edota 606 141 837 Whatsapp zenbakian. Izena ematerakoan izen-abizenak, adina eta kontakturako telefono bat eman beharko dira.

21 / 09 / 2022

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0