Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak herriko garbiketa modu eraginkorragoan egiteko hidrogarbigailu berria erosi du

- Ibilgailu berri honi esker, presio bidezko garbiketak egingo dira eta lana azkarrago eta modu eraginkorragoan egingo da

- Hidrogarbigailua erosteko ‘renting’ sistema erabili da eta 63.159,10 euro inbertitu dira, BEZ barne

- Datozen asteetan, gainera, beste bi kamioi iritsiko dira: sastarrak batzekoa eta organikoa biltzekoa

Bermeon, 2020ko azaroaren 24an.- Bermeoko Udal Gobernuak legealdi hasieran herriko garbiketa egiteko ibilgailuak berritzeko konpromisoa hartu zuen ‘Bermeo erakargarria’ helburuari lotuta. Bada, aste honetan hidrogarbigailu berria iritsi da. Ibilgailu berria erosteko ‘renting’ sistema erabili da eta 63.159,10 euro inbertitu dira. Datozen asteetan, gainera, beste bi kamioi ekarriko dira sistema bera erabiliz: sastarrak batzekoa eta organikoa biltzekoa.

Ibilgailu berri honi esker, presio bidezko garbiketak egingo dira eta lana modu azkarragoan eta eraginkorragoan burutuko da. Hidrogarbigailuak, besteak beste, honakoak garbituko ditu: komun publikoak, edukiontziak eta euren kokaguneak, lirdinga agertzen diren guneak, hiri-altzariak,  horma ertzetako txizak, isuriak… Bermeoko Udalak pertsona bat jarriko du ibilgailu honekin lanean eta, aurretiaz finkatutako lanez gain, egunean zehar sortu daitezkeen ezusteak ere kubrituko ditu. 

Gainera, datozen asteetan ere Bermeoko Udalak beste bi kamioi ekarriko ditu: sastarrak batzekoa eta organikoa biltzekoa. Aipatu hiru ibilgailuen (hidrogarbigailua, sastarrak batzeko kamioia eta organikoa biltzeko kamioia) helburua izango da aurrekoak ordezkatzea eta langileei euren lana ahalik eta hoberen egiteko erramintak eskura jartzea. Ibilgailu berri hauei esker, aurrerapauso nabarmena emango da Udal Gobernuaren helburu estrategiko batean: ‘Bermeo erakargarria’ ardatzean, hain zuzen ere. Hiru ibilgailuak kontutan hartuz, guztira eta BEZ barne, 489.873,58 euroko inbertsioa egingo da.

Bermeoko alkate Aritz Abaroak esan du: “ibilgailuak ordezkatzea behar beharrezkoa zen. Aste honetan hidrogarbigailua ekarri dugu eta, gure ustez, garbiketak modu eraginkorragoan egin ahal izango dira. Hau da, langileek euren lana hobeto egin ahal izango dute. Bermeo garbi bat nahi badugu, guztion konpromisoaz gain, ahalik eta erraminta hoberenak eskura izan behar ditugu. Gainera, datozen asteetan iritsiko diren kamioi berriei esker, beste pausu bat emango dugu”.

24 / 11 / 2020

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0