Albisteak

Albistea

Sanmartinek txerriki festa ekarriko dute eskualdera

Azaroagaz batera txerriki festaz gozatzeko unea iritsi da Bermeo eta Foruara. San Martin Egunagaz batera asteburuan ekimenen egitarau zabala prest egongo da udalerriak berotzeko gogo handiz.

Sanmartinak antzinako ohitura eta tradizioak berreskuratu eta herrietara berriz ekartzeko gogoekin datoz beste urte batez.

Azaroaren 11 baserrietan txerria hiltzeko eguna izaten zen, eta hori jarraituz txerrikia jateko egun aproposa izaten da San Martin Eguna. Aurten jai eguna astelehenean datorren arren, aurreko egunetan ere zer ospatu edukiko dute Busturialdeko hainbat herritan.

Aurten Bermeon eta Foruan ospatuko dituzte jaiak. Foruan egitarau zabala prestatu dute sanmartinetarako. Bihar egingo dituzte lehen jarduerak: 31. urtez tute txapelketa lehiatu ostean dantzarien plazan batuko dira odolosteak jateko.

Zapatuak hainbat lehiaketa ekarriko ditu Forura. Dagoeneko tradizio bilakatu diren igel eta mus txapelketak lehiatuko dituzte lehenengo; 2.000 kiloko harria eramango duten idiak izango dira protagonistak Foruan iluntzea heldu aurretik.

Domeka izango da egun handia: 18. nekazal azokak ortuariak, artisauak eta beste hainbat produkturen erakusketa, salmenta eta dastaketa ekarriko du udalerria. Karakolen txapelketagaz edota Urdaibai Dantza Taldekoen erakustaldiagaz zer edo zer egongo da asteburua amaitzeko. Astelehenean baina, 32. Briska Txapelketa egingo dute. Parte hartu gura duenak Urdaibai tabernan izena eman beharko du.

Bermeon, azoka. Bermeotarrentzat egun handia izaten da San Martin, eta ohi legez, Lameran batuko dira azoka ospatzeko. 10:00etan irekiko ditu bere ateak azokak; 15:30ak arte baserri giroan murgilduko dira herrikoak. Txerrikia nagusi izango da, baina horrekin batera euskal pastela, gazta, eztia, txakolina, patea eta lorak bezalako produktuak ikusi, dastatu edota erosteko aukera egongo da.

Azokagaz batera odoloste txapelketa ere egingo dute; aurtengoa haragitegien lehia ekarriko duen ekimena egiten duten 18. urtea izango da.

Egitaraua:

Bermeo:

  • Domeka.
    • 10.00-15:30. Azoka Lameran.
    • 13:00. Bermeoko Udalaren XVIII. Odoloste txapelketako sari banaketa ekitaldia, Andeko taberna aurrean.

Forua:

  • Bihar.
    • 18:30. XXXI. Tute txapelketa. Urdaibai tabernan eman behar da izena.
    • 19:30. Odolosteak, trikitalariekin girotuta, Dantzarien plazan.
  • Zapatuan.
    • 13:30. XVII. Igel lehiaketa, Batzoki tabernan.
    • 18:00. XXIV. Mus txapelketa. (17:30ean eman behar da izena Batzoki tabernan).
    • 18:00. Idi Probak 2.000 kiloko harriarekin: Jon la Cruz (gatika), Iturbe anaiak (Arrieta) eta Maderas Duñabeitia (Gernika-Lumo).
  • Domeka.
    • 11:00. XVIII. Nekazal azoka.
    • 12:30. Meza nagusia.
    • 13:30. Urdaibai Dantza Taldeko umeen erakustaldia.
    • 14:00. Karakolen txapelketako kazolak aurkeztu.
  • Astelehena.
    • 12:00. Meza nagusia.
    • 17:30. XXXII. Briska txapelketa. (17:00etan eman behar da izena Urdaibai tabernan. Ondoren, txerriaren zozketa egingo dute

HITZA

08 / 11 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0