Albisteak

Albistea

Errekorrak ezarri dituzte Adnan Mustaficek eta Andrea de la Herak MDK Swim proban

400 parte hartzaile baino gehiago batu dira aurten Bermeo eta Mundaka arteko itsas zeharkaldian. 26 minutu eta 31 segundoko marka egin du probako azkarrenak.

Errekor berriak ezarri zituzten Adnan Mustafic eta Andrea de la Hera igerilariek zapatuan [ekainaren 15a], MDK Swim itsas zeharkaldian. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, “espainiar estatuko zein nazioarteko 400 parte hartzaile baino gehiago” batu ziren proban.

12:30ean ekin zioten Bermeoko portutik VI. ekitaldiko igerilariek eta Mundakara heldu bitarteko 2.500 metroak eguzkipean egin zituzten, itsaso bare eta 18 gradutako tenperatura ezin hobearekin. Itsas zeharkaldia hasi bezain laster, faborito nagusia zen Mustafic gorliztarrak eta Haigor Aranguren donostiarrak aurre hartu zieten gainerako parte hartzaileei. Atzetik, aldiz, Xavi Llobet kataluniarra eta Andrea de la Hera galdakaoztarra zetozen bigarren taldetxoa gidatuz.

Errekor berriak. Mustaficen erritmoa azkarrak lasterketa hautsi zuen, donostiarrak ezin izan baitzion jarraitu, eta Llobetek ere bigarren taldeko gainerako igerilariak atzean utzi zituen. Helmugan, Mustafic izan zen lehena hirugarren urtez, iaz berak ezarritako errekorra hautsiz: 26 minutu eta 31 segundo. Haigor Arangurenek ia minutu bat gehiago behar izan zuen proba amaitzeko, eta Xavi Llobetek bi.

Emakumeei dagokienez, Andrea de la Herak ia bakarrik egin zuen Mundakarako bidea. Izan ere, Irene Garai eta Erika Amundaraini alde nabarmena atera zien hasiera-hasieratik. Galdakaoztarrak bere lehen txapela lortu zuen 29 minutu eta 44 segundoko denborarekin, errekor berria ezarriz. Podiuma Garaik eta Amundarainek osatu zuten 32 minutu eta erdi inguruko igeriketa saioa egin ostean.

HITZA

18 / 06 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0