Albisteak

Albistea

Kirol Jaia egingo dute Bizkaiko 35 herritan, tartean Bermeon eta Mundakan

Kirol Jaia Bizkaiko Foru Aldundiak eta udalek elkarlanean antolatuta ekimena da, eta aurten 15. urtez egingo da. Bermeon eta Mundakan ekintzez bete dute asteburua.

Herritarren egunerokotasunean kirola sustatzeko Kirol Jaia antolatu dute hamabosgarrenez  Bizkaiko 35 herritan, tartean Bermeon eta Mundakan. Hori horrela, parte-hartzea, inklusioa, osasuna eta gogobetetzea bultzatzeko hainbat jarduera egingo dira zapatuan eta domekan Bermeon eta Mundakan.

Kirol Jaia Bizkaiko Foru Aldundiak eta udalek elkarlanean antolatuta ekimena da. Hala, jarduera fisikoa praktikatzeko guneak eta lekuak irekita eta jardueraz beteta egongo dira asteburuan zehar.

Bermeon, Kirolari Ateak Zabalik izeneko jardunaldiak bultzatu dituzte, eta Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzendutako Eskolarteko XV. Olinpiadagaz hasiko dira Araneko kiroldegian, zapatuan 10:00etatik 12:00etara. Bermeoko Udalaren Kirol Patronatuaren eta Taraska Gazte-Zahar Atletismo Taldearen eskutik, barne atletismoko probak egingo dituzte lau gunetan banatuta; jaurtiketa gunea, altuera jauziena, luzeera jauziena eta lasterketa gunea egongo dira.

Bestalde, Lamerako kioskoan arte martzialen gunea jarriko dute, 11:30etik 13:00etara. Line dance eta gimnastika erritmikoko erakustaldiek ere beteko dute Lamera, 12:00etatik 14:00etara bitartean.

Domekan, eskubaloi gunea izango dute Zubiaur Tar Kepa 50eko enparantzan 10:00etatik 12:00etara (euria bada Araneko kiroldegian). Artza frontoian, berriz, Women 3.0 gunea edukiko dute interesatuek.

Bermeoko Udalaren kirol patronatuak jardunaldiak posible egiten duten taldeen laguntza eskertu dute: Taraska Gazte-Zahar atletismo talde, Urdaibai eskubaloi taldea, Karate taldea eta Xixili Gimnastika taldea. Era berean, Sagrado Corazon ikastetxeari, San Frantzisko herri ikastetxeari eta Eleizalde ikastolari eskerrak eman dizkie ikasleei ekimen honen berri emateagatik.

Mundakarrek ere bat egingo dute Kirol Jaiagaz. Hala, asteburu osoko egitaraua prestatu dute. Zapatuan goizeko 10:00etan hasita, ekintzak egongo dira Isla Kale Kiroldegian. 10:00etatik 11:00etara saskibaloira jokatu ahal izango dute nahi duten guztiek, eta hori bukatuta, tenis eta taichia egongo dira aukeran nagusientzako.

12:00etatik 13:00etara herri kirolak praktikatuko dituzte, eta ibilketa nordikoa praktikatzeko aukera edukiko dute helduek.

Arratsaldean, portura eta hondartzara egingo dute salto. 16:00etan hasita eta 18:00ak arte, paddlesurf eta arrauna egingo dute portuan. Hondartzan, berriz, kayak surfa praktikatuko dute.

Domekan futbol 5 jokatuko dute kiroldegian 10:00etan hasita. Frontoian umeek eskubaloian jokatzeko aukera edukiko dute 11:00etan hasita, eta kirol jardunaldiekin bukatzeko kros herrikoia egingo dute herriko kaleetan zehar; 13:15ean jarri dute hitzordua.

HITZA

30 / 05 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0