Albisteak

Albistea

"Enplegua sortu ahal duten egitasmoak bultzatu behar ditugu"

Bittor Asteinza - Bermeoko EH Bilduren alkategaia

Bermeo soziekonomikoki indartzeko pausoak ematea da zuen helburuetako bat. Nola lortu gura duzue hori?

Guretzako Bermeo atunaren munduan erreferente bat da, eta horretarako Bermeo Tuna World Capital proiektua sortu genuen. Horren barnean hainbat gauza egin nahi ditugu, orain arte udalak egindakoari jarraipena emateko. Adibidez, munduko beste hiriburu batzuekin harremanak sortu eta gure herrian lanpostuak sortzeko aukerak eskaini nahi ditugu. Kontserba eta atunontzien industriagaz eta beste agente batzuekin elkarlanean ekonomia zirkularra landu nahi dugu. Horren harira, Nautika eskola indartzea ere gura dugu. Eta beste alde batetik, enplegua. Badakigu turismoa dagoela, baina ez dugu nahi guztia turismoaren inguruan ibiltzea, beste aukera batzuk ere bilatu nahi ditugu, eta enplegu egonkorra ematen duten proiektuak babestu.

Zer proposatzen duzue porturako eta arrantza sektorerako? Ze ildo dituzue portuaren egoera indartzeko?

Argi dago arrantza oso garrantzitsua dela Bermeon, eta portuak zeresan handia daukala. Portuaren berrantolaketaren alde gaude, eta portuarentzat ona dena herriarentzat ere ona dela argi utzi behar dugu. Gauzak proposatu eta beste eragile batzuekin elkarlanean lan egiteko prest gaude.

Sollubeko tunelak eraikitzearen alde egin duzue, herriko konexioak indartzeko.

Oinezkoei lehentasuna eman nahi diegu herri barruan. Bizkaiko Jaurerria kalea Alde Zaharreraino doan arteria bat bihurtzeko plana eginda dago orain urte batzuetatik. Horretarako, lehenik autoak herrigunetik kendu behar ditugu. Saihesbideko lotura ere dago hor, baina hori gauzatu barik tunelen proiektua hankamotz geratu da. Guk gure aldetik bete ditugu egin beharreko lan guztiak, baina aldundiaren zain gaude ea loturaren obrak noiz hasiko dituzten. Tunela heldu arte beste zerbait egin beharko dugu, beste alternatiba batzuk bilatu: garraio publikoa, esate baterako, maiztasuna handituz edo bestelako irtenbideak bilatuz.

Edozein adinetako pertsonentzako Bermeo erakargarri bat eraiki nahi duzue. Nola lortuko duzue?

Herri lagunkoia programagaz jarraituko dugu. Horren barnean adinekoentzako gune batzuk prestatzen ari gara, kirola egiteko tresneria dutenak. Irisgarritasuna ere hobetu nahi dugu, nagusiek zein mugikortasun arazoak dituztenentzat oztopo gutxiago egoteko. Nire familian halako kasuak daude, eta argi daukat zeintzuk diren arazo horiek. Kaleen egoera gutxika-gutxika hobetzen joan behar gara, argi dago ezin dela dena batera egin. Gainera, zaharren udal egoitzaren aldeko apustua egiten jarraituko dugu, zerbitzu publikoa eskaintzeko. Benetan zerbitzu ona daukagula uste dut, eta horren alde egingo dugu.

Eta gazteentzat?

Gazteen aldetik, horiek Alde Zaharrera erakartzeko ahaleginak egiten ari gara, gazteen emantzipazioa lortu eta Alde Zaharra biziberritzeko. Horretarako alokairurako diru laguntzak eman ditugu. Alde Zaharra edertzeko lanean ere ibili gara, orube hutsak berreskuratuz. Bekoportala da horren adibiderik argiena. Herritarrekin batera egindako parte hartze prozesu baten bidez eraberritutako orube eta lokala da. Ormaza lantegian ere beste gune kultural bat sortzeko proiektua daukagu. Herriaren parte hartzea oso garrantzitsua da, eta hor daude Jazzber, Marea jaialdia, Magurios topaketa… gazteei begirako ekintza asko sortu dira herrian. Horiek herriarentzat egindakoak dira, eta, beraz, herriak ere beraien sorkuntzan parte hartu behar duela uste dugu. Argi dago azken 8 urteetan gestioaren arloan eta parte hartze prozesuetan heldutasun bat lortu dugula. Beti ahal da hobetu, horretaz jabetzen gara, eta, beraz, gure taldeak gutxienez orain arte udalak izandako maila hobetzeko asmoa dauka.

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna da zuen programako ardatzetako bat. Nolako berdintasun politikak eratu dituzue?

Berdintasunerako Kontseilua indartu gura dugu. Horregaz batera, hezkuntza oso garrantzitsua dela uste dugu, eta ikastetxeetan hezkidetza programa lantzeko proposatu dugu. Udalean berdintasunerako teknikaria daukagu, baina horren lanpostua egonkortu gura dugu. Azkenik, gure proiektu garrantzitsuenetariko bat hutsik geratuko den Berualako eraikinean Andrazkoen Etxea eratzea da. Bertan herriko emakumeen talde desberdinak batu eta beraientzako lekua edukitzea nahi dugu. Agian, hitza ez da berdintasuna bakarrik, feminismoa da. Hori landu egin behar dugu.

Azken hilabeteetan sexu erasoen kasuak izan dira Bermeon. Horregatik kezkatuta zaudete? Zein neurri hartzea proposatzen duzue?

Edozein indarkeria kasuri aurre egingo diogu. Halakoak gertatzerakoan erantzun bat eman behar dugu. Herritarren segurtasuna areagotzeko neurriak ere hartu nahi ditugu, jagoletza areagotuz, agian. Heziketa eta formakuntza benetan garrantzitsuak direla uste dut. Andrazkoen Etxeak ere horretarako balioko du, bertako agenteek emango duten laguntzagaz.

Zelan baloratzen duzu EH Bilduk azken urteetan Bermeon egindako lana?

Oso pertsona baikorra naiz, gauzak ilusioagaz ikustea gustatzen zait. Nondik gatozen ikusi behar da. Galerak izan dituen enpresa bat hartzen duzunean, ezin duzu urtebetean hondotik atera. Orain dela zortzi urte EH Bilduk udalera sartzerakoan zor handia aurkitu zuen, eta horiek kentzen joan gara. Hori dela eta, beste hainbat proiektu gauzatzeko diru barik geratzen egon gara. Gauzak beste era batera eginda, proiektu politak sortu ahal dira, eta horiek landu ditugu. Etorkizunera begira, taldeari beti esaten diot Super Bermeo bat eduki nahi dudala. Ez dut geldituta dagoen Bermeo bat, Bermeo ilun bat ikusten. Aukera asko ditugu, baina horiek landu egin behar ditugu, denon artean.

Alkatetza lortuko bazenu, zer izango litzateke lehenengo egingo zenukeen gauza Super Bermeo hori lortzeko?

Ezagunek alkatetzara aurkezten nintzela jakin zutenean, kaletik gelditu eta kakanahaste batean sartu nintzela esaten zidaten. Nik ez dut horrela ikusten. Ilusioa eta gogoa ikusten ditut, izugarrizko taldea dut nigaz, eta gure baikortasuna herritarrei kutsatzen ari gara. Turismo jasangarria, gune ederrak izatea, jendea herrira erakartzea eta hemen geratzea… horiek dira hasieran lortu gura ditudanak.

Eskualdeko gainerako herrietan ze egitasmo nagusi dituzue? Ze alor lehenetsiko dituzue?

Bermeotik Gernikarainoko bi norabideko trenbidea egitea ideia ona dela uste dut. Horrek trenen maiztasuna areagotzea eta bidaia azkarragoak egitea suposatuko luke. Gainera, portutik merkantziak ateratzeko balioko luke, errepidetik atera beharrean. Hori bideragarria den aztertu behar dugu. Enplegua sortu ahal duten egitasmoak bultzatu behar ditugu, eta tokiko ikuspegia izan beharrean ikuspegi zabalago bat edukitzeak aukera handiagoak eskaini ditzake.

HITZAk biztanleko 3 euroko diru laguntza eskatzen die udalei, euskararen normalizazioan pausoak ematen jarraitzeko. Zelan lagunduko duzue?

Gure kultura, gure hizkuntza eta gure ondarea bultzatzen dituzten iniziatibak sustatu behar ditugu. Gure ildoak argi dauzkagu, eta euskara oso garrantzitsua da, beraz, euskarazko hedabideei laguntzeko prest gaude, diru laguntzekin edo beste ekimenekin.

 BUSTURIALDEKO HITZA

24 / 05 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0