Albisteak

Albistea

"Udaletik erraztasunak eskaini behar dira ekintzaile izateko"

Aritz Abaroa Cantuariense EAJ-ren alkategaia

Herritarren bizi kalitatea hobetzea eta ekonomia biziberritzea oinarri dituen proiektua prestatu du alderdi jeltzaleak. Aritz Abaroak lau urte egin ditu oposizio buru eta bermeotarren kezkak, beharrizanak eta egiten dituzte proposamenak udaleko egunerokotasunean sartzea izan dutela helburu adierazi du.

Bermeo abante eroan gura dozue. Zer behar da horretarako?

Gure proiektua herritarren beharrizan eta proposamenetatik sortuta dago. Azken hileotako entzute aktiboko prozesutik dator. 100 eragiletik goragaz batu gara, herritarrekin zein arlo desberdinetako adituekin. Herriko beharrizanak, aukera zein mehatxuak eta arazoak zeintzuk diren ezagutzea lortu eta horiei aurre egiteko iniziatiba zerrenda bat egin dugu. Hortik sortu da Bermeo abante, eta Bermeo berriro martxan jartzeko da. Orain urte batzuk Bizkaiko kostako erreferente izan da, eta erreferentzi hori lortzea da gure asmoa. Proiektu irekia da eta izaera horri eusteko, entzute aktiboko prozesuari lau urterako zabalkundea emango diogu. Ekarpenak jasotzen segitu gura dugu. Sail bakoitzeko pertsona erreferente bat jartzea proposatzen dugu. Helburua da herriko talde edota herritarrek sail bakoitzea erreferentzia bat edukitzeko, eta harremana askoz ere errazagoa izateko. Herriko taldeen artean ere koordinazioa sustatzea da gure asmoa. Asko daude eta sarri euren artean ez dago koordinazioarik. Denon artean atera behar dugu proiektua aurrera. Era berean, herria area desberdinetan banatzea proposatzen dugu eta bakoitzean pertsona erreferente bat izendatzea, arduradun bat. Horrek bere inguruko proiektuen jarraipena egingo du. Auzokide zein merkatariekin etengabeko harremana edukita, jarraipena egin eta beharrizanak identifikatuta edukiko ditugu. Baserri auzoetan auzo alkateak ditugu eta alkateen arteko foro bat sortzea proposatu dugu. Herriko alkateak auzo alkateekin lan egingo luke, beharrizanak identifikatzeko.

94 ekintza zehatz eta 9 lehentasun jaso dituzue. Proiektuaren ardatz bat bizitza kalitatea da.

Lehen konpromisoa bermeotarrak dira. Bermeo bizi kalitate altuko eta gazteak berton bizi eta euren familia proiektua aurrera ateratzeko herria dela sumatzea gura dugu. Herri garbia, ondo mantendu eta argiztatutakoa, bizimodu profesional eta familiarra kontziliatzeko zerbitzuak eskaintzen dituena izatea. Besteak beste, jolas guneak berriztea, jolasgune eztaliak egitea eta auzoetan bizia sustatzeko auzoguneak egitea proposatzen dugu. Herriko gune desberdinetan bizia sortzea. Herri erakargarria izateko kalitatezko instalazioak behar dira; beharrizanei erantzuna ematen dietenak. Adibidez, futbol zelaia berriztea, aldagelak berriztea, frontoiko aldagelak berrizteko proiektua aurrera ateratzea eta arraun elkartea pabiloi berrira pasatzea proposatu dugu. Herri erakargarria bizi kalitate altua duena da, eta mugikortasuna eta irisgarritasuna bermatzen dituena. Oraindik badaude irisgarritasuna guztiz bermatu barik duten auzoguneak: Zarragoitxi, Itsasbegi, Iparragirre… horietarako neurri konkretuak proposatu ditugu. Pertsonak euren etxeetara modu irisgarrian heltzea da helburua, bai eta larrialdietako zerbitzuak lekuetara ailegatzea bermatzea ere. Espaloiak berriztatu behar ditugu. Irisgarritasuna bermatu behar dugu oraindik bermatu barik dagoen lekuetan. Trafiko dentsitate handia duten guneetan dentsitatea murriztu gura dugu. Santamañe eta Kurtzio inguruan aparkaleku baten proiektuari heltzea proposatu dugu, edota Itsasbegin 75 ibilgailurentzat aparkalekua egitea. Sahiesbidetik lotura berri bat etorriko da eta horrek zirkulazioaren berrantolaketa ekarriko du. Horri esker, trafiko dentsitate handia dagoen lekuetan beste mota bateko aktuazioak egiteko aukera edukiko dugu. Adibidez, Hondarraburun irisgarritasuna ez dago ezelan ere bermatuta. Hor erdioinezkotzea lortuko dugu, horrela bizi kalitatea irabaztea eta Lamera eta Alde Zaharra gune bakar modura ipintzea lortuko ditugu. Bizi kalitatedun herria segurua ere izan behar da. Jendeak esan digunez, segurtasun falta igartzen hasi dira, batez ere alde zaharrean eta puntu ilunenetan, trapitxeoak gora egin eta droga kontsumoak gorakada eduki duelako. Gertuko udaltzaingo bat gura dugu. Herritarrak sumatu behar du udaltzaingoa kalean dabilela eta arazoen aurrean erantzun egiten duela. Drogen gaian prebentzio plan bat egitea proposatu dugu, eta substantzien trafikoaren gaineko kontrola areagotzea. Suteei dagokienez, Herri Babesa indartu behar dugu eta ematen duen zerbitzu ona eta arina sustatzeko taldea bera indartzeko neurriak bultzatu behar ditugu. Ekonomikoki lagundu behar dugu, batez ere formakuntza eskaintzeko eta arazoen aurrean modu koordinatuan erantzuna emateko baliabideak izateko. Larrialdi egoeretan, larrialdi zerbitzu guztiak koordinatuta egon behar dira. Horregatik proposatzen dugu udalean larrialdi zerbitzuen koordinaziorako mahai bat eratzea: ertzainak, suhiltzaileak, herri babesa, udaltzaingoa, gurutze gorria… bakoitzak jakin dezan zer egin behar duen. Suteak itzaltzeko zerbitzu onak eduki behar ditugu, baina, hobe da suteak aurrez ekiditea. Suteen kontrako prebentzio plan bat lantzea proposatzen dugu eta bakarrik bizi diren pertsona nagusien etxeetan eta batez ere alde zaharrean su eta keen detektagailuak ipintzeko programa martxan jartzea. Suteei aurrea hartzea da helburua. Bermeo denontzako herria izan behar da. Zerbitzu sozial, idartsu, publiko eta kalitatezkoak modu eraginkorrean eta zorrotz kudeatuta egon behar dira. Erakundeen zein herriko talde sozialen arteko elkarlana giltzarria da. Zerbitzu karta bat egitea proposatzen dugu; herritarrek jakiteko zer eskaintzen dugun eta herriko taldeek zer eskaintzen duten. Nagusientzat aisialdirako iniziatibak lantzen jarraitu behar dugu.

“Udalean larrialdi zerbitzuen koordinaziorako mahai bat eratzea eta suteen kontrako prebentzio plan bat lantzea proposatzen dugu”

Ekonomiaren biziberritzea da beste ardatz nagusi bat. Zer proposatzen duzue hori lortzeko?

Orain arteko sektoreak mantentzeko apustua egin behar du Bermeok, baina, horretaz gain, eguneratu egin behar gara. Gazteek, ekintzaileek eta berton behar egin gura dutenek horretarako aukerak eduki behar dituzte. Merkataritza eta ostalaritza sendo bategaz lortzen da hori, eta horretarako dinamizazio planak landuko ditugu eurekin. Alde zahar erakargarri bat behar dugu herri bizi bat gura badugu. Gero eta gehiago dira itxita eta batez ere egoera txarrean dauden lokalak. Alde zaharra sustatzeko proposamen konkretuak ditugu, besteak beste, reurbanizazio-lanak egitea. Lokalbide programa martxan ipini gura dugu. Helburua da lokal hutsen jabeekin negozio eta jarduera berriak ipintzeko iniziatibak proposatzea eta erraztasunak ematea. Tasetan bonifikazioak ematea eta alokairuetarako adostutako prezioak lortzea. Udal azokak aldaketa bat behar du. Horretarako aukera asko ditugu. Bertoko produktuak saltzeko puntu erreferentziala izan behar da. Bermeo mundu mailan kokatuta badago, kalitatezko produktuak egiten digulako da. Gure produktuak saldu eta dastatzeko gune erreferentzial modura jarri dezagun azoka. Bertako komertziante eta elkarteagaz erosketa zentral bat lantzea proposatzen dugu. Bermeotar guztiek azokan erosketak egiteko aukera edukitzea da asmoa. Itsasora begira bizi izan da eta biziko da Bermeo. Horregatik itsasoa jarduera berrien sorleku izan ahal da; horrela ulertu behar dugu. Gure portua gure historiaren eta etorkizunaren arteko lotura da eta izan egin behar da. Aisialdirako gunea da, baina, gune ekonomiko berri modura ere ulertu behar dugu. Arrantza gure nortasun ikurra da, eta oso garrantzitsua da gure betiko sektoreak apuntalatzea, baxurako arrantza, adibidez. Kofradiagaz lankidetzan aritzeko proposamen konkretuak jaso ditugu. Baxurako arrantza mantendu eta indartzeko, baina, batez ere, gazteei horri buruzko hezkuntza emateko. Atunontziek jasangarritasuna ordezkatzen dute, eta kontserberek kalitatea. Sektore horiek herrian mantentzeko neurriak landu behar dira. Eta dibertsifikaziora eta tendentzia berrietara begira jarri behar gara. Erakundeekaz elkarlanean aritu behar gara portuaren birmoldaketa industriala sustatzeko. Portuagaz eta itsasoagaz lotura duten organismo guztiekin lan talde bat sortzea proposatu dugu, eskualdeko gune ekonomiko erreferentzial bihurtzeko. Gure balioak mahai gainean jarrita, etorkizunera begiratuta eta dibertsifikaziorako aukera ikusita, portuan ekonomia zirkularragaz edota itsasoagaz lotura duten jarduera ekonomiko berriak erakarri ahal izatea da helburua. Eskualdean turismoak gorakada eduki du eta hori aukera bat da. Itsas zein aisialdi jarduerak sustatu behar dira portuan. Horren inguruan sortu ahal diren zerbitzu eta jarduerak bultzatu behar ditugu, jarduera ekonomikoak direlako. Bisitariak herrigunera erakartzea lortu behar dugu, esaterako, Gaztelugatxera doazen bisitariek euren bisita Bermeon hasi eta amaitzea. Gure historia, kultura, gastronomia eta nortasuna balioan ipiniko dituzten produktu turistikoak landu behar ditugu, turismoak duen eragin ekonomikoa ahalik eta handiena izateko, herrigunean zein eskualdean. Betiko sektoreen eta turismoaren artean sinergiak sortu behar ditugu.

Estiloa eta nortasuna ere azpimarratu dituzue.

Hirugarren konpromisoa gure nortasuna eta gure estilo propioa balioan jartzea da. Euskaldunak, zintzoak, ekintzaileak eta solidarioak garelako eta hala erakutsi dugulako. Herritarrengandik jaso ditugun balioak udaletik maila berdinean erantzutea gura dugu. Beti ere bizkarrezur bat edukita, eta hori gure itsas nortasuna da. Helburua herritarrengandik hurre dagoen udala izatea da. Herritarren proposamenak jaso eta maila berean erantzun behar dugu. Bermeo abante ipintzeko formularik onena denen inplikazioa da.

Bermeo gazte eta moderno bat sortzeko lan egiteko gogoa adierazi duzue, sektore ekonomiko berriekin batera jarduera ekonomikoa, enplegua eta aberastasuna sustatzeko.

Gazteek ekintzaile bihurtzeko aukerak topatzen dituen herria izan behar da Bermeo. Erakundeetatik eta udaletik erraztasunak eskaini behar zaizkie ekintzaile izateko, autonomo izateko. Negozio edo jarduera berri bat zabaltzeko udalak erraztasunak ematen dituela ikusi behar dute. Udal tasetan erraztasunak ematea eta bonifikazioak ematea proposatzen dugu. Lokalbide programa garatu gura dugu. Eta elkarlana giltzarria da gure enpresarik erreferenteenekin. Garrantzitsua da enpresa horien beharrizanak identifikatzea eta jakitea hemendik eta urte batzuetara zelako perfilak beharko dituzten. Udaletik identifikatuta edukitzea garrantzitsua da, arlo horietan formazioa eskaini ahal izateko herriko gazteei. Herriko enpresetan herriko jende profesionala formatu ahal izateko elkarlana giltzarria da. Tele-lana ere errealitatea da enpresa askotan. Ahal dugun neurrian hori sustatu gura dugu, gure profesionalei gure herritik behar egiteko aukerak eskaintzeko. Gure inguruak eskaintzen dituen aukerak, tendentzia berriak identifikatu eta horietarako dibertsifikazioa bultzatu behar dugu udaletik. Gaztedi Busturialdea programa ere giltzarria da, eta jarraipen bat eman nahi diogu. Bermeoko gazteen artean sortutako enpresa ideiak aurrera eroateko laguntzak eskaini gura ditugu. Herriko gazteen ideia berriak behar ditugu, eta horretarako tresnak mahaian ipini behar ditugu.

“Dibertsifikaziora eta tendentzia berrietara begira jarri behar gara. Erakundeekaz elkarlanean aritu behar gara portuaren birmoldaketa industriala sustatzeko”

Oposizio buru lau urte eman dituzu. Zeintzuk izan dira zure helburu, eginkizun eta kezka nagusiak?

Helburu nagusia bermeotarrak izan dira; beti bilatu dugu bermeotarren ahotsa izatea. Bermeotarren kezkak, beharrizanak eta egiten dituzte proposamenak udaleko egunerokotasunean sartzea izan da helburua eta ahalegina. Oposizioan egoteak mugak ditu, baina, herritarren ordezkari izan eta hainbat iniziatiba aurrera eroateko aukera eman digu. Auzo eta gune ezberdinetan hobekuntzak egitea adostea lortu dugu. Talan irisgarritasuna hobetzeko inbertsioak konprometitzea, aparkalekua egitea, Itsasbegirako irisgarritasuna bermatzeko neurriak hartzeko udala konprometitzea, aparkalekuaren proiektua ipintzea, espaloiak berriztea, Zarragoitxirako irisgarritasuna hobetzeko hainbat neurri… Garbitasunagaz lotutako iniziatiba batzuk aurrera eroatea ere lortu dugu. Adibidez guk proposatu dugu 5. edukiontzia martxan ipintzea eta edukiontzi berriak jartzea. Edukiontzien guneak txukuntzea lortu dugu edota zaztarren bilketarako kamio berri bat aurrekontuetan aurreikustea ere bai. Kirol instalazioetan ere hobekuntzak egitea lortu dugu edota baserri auzoetan bideak hobetzea eta bideetan segurtasuna hobetzeko neurriak hartzea. Baliabide publikoen kudeaketan zorroztasuna eta eraginkortasuna bermatzea ere gure lana izan da. Udal errekurtsoak, herriko errekurtsoak zorroztasunez kudeatu behar dira, eta gane-ganean egon gara.

Alkatetza lortuz gero, zer da egingo duzun lehen gauza?

Udal langile danekin egotea, martxan dauden proiektuak, iniziatibak eta langileen artean dauden lan dinamikak zeintzuk diren ezagutzeko. Udalaren egoera ekonomikoa eta nondik norako denak zorrotz ezagutu behar ditugu. Horrela jakingo dugu ze aukera ditugun gobernu programa martxan jartzeko. Hori da egingo dugun lehen gauza, baina, lehen lehentasuna herria garbitzea da, hori adierazi digute herritarrek. Garbitasunerako plan integrala egin gura dugu; atentzio berezia ipiniko dugu baltzituta eta berdiñegaz dauden behegain eta espaloietan, eta batez ere kartelagaz, pankartakaz eta pintadakaz josita dauden horma, baranda eta faroletan.

“Herria garbitzea lehentasuna da; garbitasunerako plan integrala egingo dugu”

Eskualdeko gainerako herrietan ze egitasmo nagusi dituzue?

Biztanleriaren bizi kalitatea hobetzea da helburu nagusietako bat. Mankomunatuta dauden gizarte zerbitzuak indartzeko proposamenak ditugu. Herri eta auzoetako instalazioetan herritarren beharrizanei erantzuteko inbertsio zehatzak proposatu dira, kalitatezko zerbitzuak sustatzeko. Formakuntza giltzarria da; berton hezi gura ditugu gure profesionalak. Goi mailako LHko eskola teknologikoa martxan ipini gura dugu, ingurugiroagaz, energia berriztagarriekin eta uraren kudeaketaz lotutako formakuntza emango duena. Eskualdean uraren hornikuntza bermatu, eta isurketak ekiditeko neurriak aurrera atera behar dira. Saneamendu sarean, ur hornidura sarean eta instalazioetan inbertsioak egiteko gaitasuna bermatu behar dugu. Kalitatezko ura edukitzeko neurriak proposatu ditugu, gainontzeko bizkaitarren prezio berdinean. Ez dugu gura Bizkaiko urik garestiena eduki. Eskualdearen erreaktibazioa eta lanpostuak sortzeko aukerak sustatzea ere helburu nagusietako bat da. Lehen sektorerako neurriak proposatu ditugu; laguntzak eta produktuen promozioa sustatu behar ditugu. Gernikako azoka berriztatzea eta Bermeoko portua eskualdeko gune ekonomiko erreferentzial bihurtzeko birmoldaketa proposatzen ditugu, erakundeekin elkarlanean. Gernikako industriagunea ere giltzarria da eta Muxikako poligonoa errealitate bihurtzeko pausoak ematen segituko dugu. Konexioak hobetzea da beste erronka bat eta Autzagane eta Sollube giltzarri dira hobetzeko. Aldundiagaz batera lan talde bat sortzea proposatu dugu, Sollubeko tunelen proiektua indartzeko. Turismo jasangarridun plana egitea eta garatzea proposatu dugu; turismo ekologikoa, kulturala eta gastronomikoa bultzatuko dituena.

HITZAk biztanleko 3 euroko diru laguntza eskatzen die udalei, euskararen normalizazioan pausoak ematen jarraitzeko. Zelan lagunduko duzue?

Udalak urteak daramatza HITZA eta komunikabide lokal eta euskarazkoen aldeko apustua egiten; konpromiso hori mantentzen dugu. Kalitatezko komunikabideak, euskarazkoak, gure nortasunagaz lotura dutenak direla uste dugu. Euskarazko komunikabideen aldeko apustua egiten jarraitu eta orain arte moduan ekarpen ekonomikoagaz segitzeko konpromisoa hartzen dugu.

BUZTURIALDEKO HITZA

24 / 05 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0