Albisteak

Albistea

Bermeo abante jartzeko sasoia heldu dela dio Abaroak

Bermeo martxan jarriko duen proiektua herritarrei aurkezteko batu ziren EAJko ordezkariak atzo, Lameran.

“Zorakeriarik egin gabe”, Bermeo erakunde desberdinekin elkarlanean gestionatzeko konpromisoa hartu zuen atzo Lameran Aritz Abaroa Bermeoko EAJko alkategaiak, betiere “herritarren lehentasunak argi edukita”.

Bertan adierazi zuenez, denbora luze batean “herriarentzako eta herriagaz lanean” ari direla esaten eman dute, baita hori erakusten ere. Horrela, “etxerik etxe, kalerik kale eta auzorik auzo bermeotar askogaz egon ondoren Bermeo abante jarriko duen proiektua eratu dutela” adierazi zuen.

“Egin beharrekoak ulertu ditugu, eta lanean hasita gaude”. Bermeotarrek iniziatiba eta proiektu sendo bat duen taldea behar dutela dio, eta hori dela jeltzaleek eskaintzen dutena. “Mangak erremangatzeko sasoia” dela uste du Abaroak, “ilusioagaz etorkizunera begiratzen hasteko”, eta hori lortzeko hainbat proiektu eta konpromiso aurkeztu dituzte. Horiek biltzen dituen hiru ardatzez osatutako programa aipatu zuen: bizitza kalitatea, ekonomiaren biziberritzea eta estiloa eta nortasuna.

Era horretara, kalitatezko zerbitzuak “ezinbestekoak” direla dio alkategaiak. Alde Zaharra aipatu zuen, eta gunea erakargarri bilakatu eta bertako “komertzioak aktibatzeko” nahia azaldu zuen, “aktibitate ekonomiko berriak edukitzeko aukera eskaintzen duena”.

Aldaketaren bila. Unai Rementeria EAJren ahaldun nagusigaiak ere hartu zuen hitza atzoko ekitaldian. “Bermeok aldaketa behar duela” aldarrikatu zuen, “EAJren aldaketa”.

Bermeok izugarrizko aukerak dituela uste du Rementeriak, eta portua biziberritzeko lan egiteko gogoa azaldu zuen. Gaztelugatxe ere aipatu zuen, Bizkaia osoarentzat “imana” dela esanez, eta “denengan pentsatuta zaintzeko” beharra azaldu zuen.

Sollubeko tunelak izan ziren jeltzaleen beste lehentasunetako bat. Bermeo Bizkaia osora konektatzeko “Madrilen eta Bruselan borrokatzeko” gogoa erakutsi zuen Rementeriak.

Izan ere, aldundiak obra hori bakarrik aurrera eramatea ezinezkoa dela dio, baina beste erakunde batzuekin elkarlanean egitea posiblea dela uste du. “Horretan ari gara lanean, eta ez gaude geldirik. Egunero ari gara lanean hemen, Bilbon eta Bruselan”.

BUSTURIALDEKO HITZA

22 / 05 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0