Albisteak

Albistea

Behargintzako enplegu zentroa herritarrei euren ibilbide profesionalean aholkularitza emateko Izaro topagunean bihurtuko da

 

Hausnarketa sakon bat egin ondoren eta herritarrei zerbitzu hobeagoa emateko helburuarekin, Behargintzako enplegu zentroan eraldaketa prozesu bat jarri da martxan eta apirilaren 29tik aurrera Izaro topagune bihurtuko da. Izaro topagunea erabilera anitzeko gela bat izango da eta helburua da herritarrei euren ibilbide profesionalean aholkularitza eta laguntza eskaintzeko gune izatea.

Horrela adierazi dute prentsaurrekoan Nere Mintegik, Behargintzako zuzendariak, eta Nerea Domingezek, Behargintzako orientazio teknikariak. Horrela, Izaro topagunearen erabilera zehaztu dute. Orain arte enplegu zentroa astelehenetik barikura 9:00etatik 14:00etara irekita zegoen eta bertan herritarrak lan bilaketarako beharrezkoak diren baliabideak eskaintzen ziren: kurrikuluma egiteko laguntza, lan eskaintzak…“Oraindik aurrera gelari erabilera anitzagoa ematea da gure asmoa”, adierazi du Mintegik.

Ildo horretan, Dominguezek zehaztu duenez, astelehenetan eta eguaztenetan Izaro topagunea 11:00etatik 13:00etara herritarrei lan bilaketa prozesuan aholkularitza eskaintzeko erabiliko da eta bertan ohikoak diren baliabideez gain (lan eskaintzak..), orientatzaile batek laguntza eskainiko du elkarrizketa eta curriculumak prestatzeko eta lan eskaintzak eta formazioa bilatzeko, besteak beste. “Herritarrari lan bilaketa prozesuan dituen beharrizanetan laguntza eta aholkularitza eskaini nahi diogu”, azpimarratu du.

Martitzenean ekintzaileen topalekua izango da Izaro gela; izan ere, 10:00etatik 14:00etara gela hori erabiltzeko aukera izango dute euren beharrizan ezberdinetarako: negozio planak lantzeko, batzarrak izateko, informazioa bilatzeko…Eguenetan tailerrak egiteko erabiliko da Izaro topagunea, tailerrak beti ere lan bilaketa prozesuari lotuta daude: lan web-etan izena nola eman, curriculumak zelan egin, elkarrizketak prestatu…

“Espero dugu aldaketa honekin herritarrei zerbitzu hobeago bat eskaintzea eta Izaro topagunea herritarren ibilbide profesionala lantzeko gune erabilgarria eta aproposa izatea, gure helburua herritarrei lan bilaketa prozesuan ahalik eta laguntza hobeena ematea baita”, azpimarratu du Mintegik.

Ildo horretan, gogoratu duenez, Behargintzak 2018an 86 lan eskaintza kudeatu ditu eta 24 pertsona kontratatuak izan dira (15 emakume eta 9 gizon). Gainerakoak hutsik gelditu dira arrazoi ezberdinengatik edo beste bide batzuetatik bideratu dira (Lanbide, Aldi Baterako Laneko enpresak, pribatuak..), izan ere, lan eskaintza berdinak toki ezberdinetatik kudeatzen dira. Lan eskaintza gehien kudeatu diren hilabeteak uztaila, maiatza, abuztua eta abendua izan dira eta sektore aipagarrienak zerbitzuak, ostalaritza eta zaintza.

12 / 04 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0