Albisteak

Albistea

45 Asiako liztor erregina harrapatu dira Bermeoko Udalaren kanpainaren bidez

 

Amaia Elorzak, Bermeoko Lurgintza zinegotziak, azaldu duenez, Asiako liztorra azken urteetan izan dugun “izurri kaltegarrienetakoa da”. Horregatik, azken bi urteetan Bermeoko Udalak izurri hori kontrolatzeko neurri gehigarriak hartu ditu eta Asiako liztor erreginak harrapatzeko kanpaina berezia burutu du Udalak. Elorzaren esanetan, kanpaina horren “emaitzak onak izan dira, izan ere, 45 liztor erregina eta 527 liztor langile jaio berriak harrapatu dira”. 

Kanpaina horren bitartez, asiar liztorrentzat 22 tranpa homologatu jarri dira udalerriko landa auzoetan (San Migel, Demiku, Arane, San Andres, Almika, Artika, Agarre eta Mañu). Tranpa gehienak iaz liztor habiak aurkitu dituzten lekuetan jarri dira. 

Gaizka Aurrekoetxeak, Ingurumen teknikariak, azaldu duenez tranpak “oso selektiboak” izan dira, “euliak kenduta, harrapatutako beste ia guztia liztor asiarra izan da”. “Beraz, sistema honek bere helburua bete du eta ez du inongo eragin kaltegarririk izan ingurumenean”, gaineratu du. Ildo horretan, adierazi duenez, jarritako tranpa guztietan harrapatu dira liztor asiarrak, beraz, horien kokapena eta banaketa landa auzoetan “egokia” izan da. 

Bestalde, liztor erreginen kasuan aurten iaz baino %55 gutxiago harrapatu direla adierazi du eta horren arrazoi nagusi bezala aurtengo negua eta udaberria oso euritsuak izan direla eta, horren ondorioz, aurten, orokorrean, liztor erregina gutxiago egon direla gaineratu du. Aldiz, adierazi duenez, aurten liztor langile askoz gehiago harrapatu dira, 527 guztira, iaz baino ia bi aldiz gehiago, hain zuzen ere.  

Azkenez, gogoratu dutenez, “izurri horren kontrol lana indartzeko, herritarrek ere tranpak jar ditzakete 2019ko udaberrian haien etxe edo lurretan, plastikozko botila batekin egindako etxe-tranpekin eta ura ozpinarekin nahastuta erabilita”. 

Lurgintza zinegotziak adierazi duenez, “Asiako liztorra orain zortzi urte inguru heldu zen Euskal Herrira eta oso azkar zabaldu da”. “Asiar liztorrek honako kalteak sortzen dituzte: intsektu mota asko jaten dituzte, erleak batik bat; fruta-arboletan kalteak sortzen dituzte eta bere ziztada arriskutsua da gizakientzako”, azaldu du. “Beraz, izurri horri aurre egiteko lanean ari gara azken urteotan”, nabarmendu du. 

 

08 / 08 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

Certified iqnet management system AENOR. Empresa registrada bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0