Albisteak

Albistea

Bermeoko XXXIII. Nazioarteko Musika Asteak kalitate handiko bost kontzertu eskainiko ditu euskaldunen presentzia garrantzitsuarekin

Abuztuaren 6tik 10era izango den Jaialdi honekin musika herriari hurbildu nahi dio jaialdi honekin Bermeoko Udalak eta aurten ere arrakastatsua izatea espero du

 

 

Kontzertu lirikoa, ‘Soinuaren Bidaia’, Euskal Herriko Kammerphilarmoniako bakarlariak, Dúo Antwerp eta Old Timey String Bandekin disfrutatzeko aukera Musika Astean.

 

 

Bermeoko XXXIII. Nazioarteko Musika Astea abuztuaren 6tik 10era izango da, eta hainbat estilotako kalitate handiko kontzertuak entzun ahal izango dituzte bertaratzen diren guztiek. Gainera euskaldunen presentzia garrantzitsua izango da jaialdi honen XXXIII. edizioan.  Kontzertu lirikoa, Soinuaren Bidaia, Euskal Herriko Kammerphilarmoniako bakarlariak, Dúo Antwerp eta Old Timey String Bandekin disfrutatzeko aukera Musika Astean.

 

Lehenengo lau kontzertuak Santa Maria elizan izango dira 20:00etan, eta sarrera dohainik izango da. Azkena,  Old Timey String Bandarena, abuztuaren 10ean izango da Bermeoko Kafe Antzokian  20:00etan eta sarrera 6 euro izango da.

 

Aingeru Astuik, Bermeoko Kultura zinegotziak, eta Susana Regidorrek, Kultura teknikariak, aurkeztu dute gaur prentsaurrekoan kalitatezko kontzertuak eskainiko duen Bermeoko XXXIII. Nazioarteko Musika Astea.  Astuik azaldu duenez, aurtengo Jazzberrean gertatu den moduan, Bermeoko Nazioarteko Musika astean ere artista euskaldunek protagonismo garrantzitsua izango dute.

 

Kultura zinegotziak Bermeoko XXXIII. Nazioarteko Musika Astea urtero oso arrakastatsua izaten dela gogoratu du eta aurten ere horrela izatea espero dutela adierazi du; izan ere, “gure helburua da “musika herriari hurbiltzea guztiok musikarekin gozatu ahal izateko.

 

Astuik azaldu duenez, Bermeoko XXXIII. Nazioarteko Musika Astea abuztuaren 6an, astelehenean, hasiko da Olaitz Saituak (sopranoa), Beñat Egiartek (tenorea) eta Elena Cadiernok (pianoa) eskainiko duten kontzertu lirikoarekin Santa Maria Elizan arratsaldeko 20:00etan.

 

Olatz Saituak Torre del Lagoko Puccini jaialdian Musetta (Italia), Rosina (Siena) eta Bastienne (Florentzia) paperetan debuta egin ondoren, hainbat antzeztokitako konpainia iraunkorretako kide izan da, hala nola, Essengo Aalto Theater, Madrilgo Teatro Real, Bilbo, Oviedo,Valladolid, Kordoba, A Coruña, Sevilla, Donostia… Zornotzako Beñat Egiarte tenore finalista bakarra da eta “Concurso Internacional de canto Montserrat Caballé” ekimenean parte hartu duen estatuko kide bakarra eta 2010ean bere kategorian “Concurso Mirna Lacambra” irabazi zuen, besteak beste.  

Bere aldetik, Elena Cadierno piano eta errepertorio irakaslea izan da Albaceteko Real Conservatorio de Musica y Danzan, Tomás de Torrejón y Velasco kontserbatorioan eta  Ciudad Realgo Marcos Redondo kontserbatorioan. Egun Bilboko Juan Crisóstomo de Arriaga kontserbatorioan irakaslea da. “Hortaz, kalitate handiko kontzertu lirikoa eskainiko digute euskal soprano, tenore eta piano-joleak”, adierazi du Astuik.

 

Kultura zinegotziak azpimarratu duenez, bigarren kontzertua abuztuaren 7an, asteartean, Santa Maria Elizan izango da arratsaldeko 20:00etan eta, horretan, Alberto Urretxok (tronboia), Itxaso Sainz De La Mazak (pianoa), Adriana Grigorasek (biola) eta Jone Martinezek (abeslaria) Soinuaren Bidaia taularatuko dute.

 

Alberto Urretxo Bilboko Orkestra Sinfonikoko tronboi bakarlariak eta Euskadi Brasseko sortzaile eta sustatzaileak 2015ean Soinuaren bidaia aurkeztu zuen, Artistaren esanetan, “disko hau sortu dut hainbat gai artistiko eta soinua batzeko gune moduan, pieza bakoitzean oihartzun eta asmo desberdinak bilatuz. Kantu bakoitzean sentimendu bat, oroitzapen bat, adierazteko beharrizan bat ipini dut. Ez dut inoiz perfekziorik bilatu. Nire helburu bakarra da disko hau entzutean zure barruan zirrarak, pentsamenduak, oroitzapenak…esnaraztea”.

 

Beraz, Astuiren esanetan, kontzertu honetan “zirraren bidetik musika entzutearen ikuspuntu desberdina entzuteko aukera” izango dute bertaratzen diren guztiek

 

Abuztuaren 8an, asteazkenean, 20:00etan, Santa Maria elizan Euskal Herriko Kammerphilarmoniako bakarlariak kontzertua eskainiko du. Talde horren oinarrizko helburua da bere errepertorioa osatzean eta prestatzean gorentasuna bilatzea eta, horrela, euskal musika eta kultur eskaintzan toki garrantzitsua betetzen du. Bermeoko kontzertuan 11 musikarik hartuko dute parte, Kammerphilarmoniako bakarlariak izeneko taldekoek, Riccardo Sciammarellaren zuzendaritza artistikopean.

 

Astuik azpimarratu duenez, Euskal Herriko Kammerphilarmoniako kideek musika ulertzeko eta maitatzeko modua, bizitzeko aukera bihurtu dute eta kontzertu benetan polita eskainiko dute. 

 

Abuztuaren 9an, ostegunean, Santa Maria Eleizan, 20:00etan Duo Antwer-en ikuskizunarekin gozatzeko aukera izango dugu. Antwerp bikotea interpretatzaile nabarmen bik osatzen dute: Adilia Yip marinban eta Daniel Belloví klarinete baxuan. Hasieratik Antwerp bikoteak musika- profesional, konposatzaile eta orokorrean entzuleen arreta bereganatu du euren interpretazio liriko zoragarriari esker.

 

Europa eta Asiako jaialdi nazional eta nazioarteko garrantzitsuenetariko batzuetan parte hartu du bikoteak. Konbinazio berezi honetarako errepertorioa garatzeko ahaleginean, bikoteak enkarguak egiten jarraitzen du eta mundu mailako konposatzaileen musika berria jorratzen jarraitzen du.

 

Musika Asteari amaiera emateko abuztuaren 10ean, ostiralean, The Old Timey String Band taldearen kontzertua izango dugu. Kasu honetan Bermeoko Kafe Antzokian izango da eta sarrera 6 euro izango da.

 

2015ean Getxon (Bizkaia) sortutako laukotea da The Old Timey String Band. Andoni Zarragak (ahotsa), Iñigo Cotok (fiddle), Gontzal San Martinek (gitarra) eta Ricardo de Lucasek (kontrabaxua) osatzen dute eta Ipar Amerikako sustraiak dituen musika zabaltzeko sortu zen. Musika folk amerikarra dakarte euren poltsetan. Bluegrass, Old Time, folk eta baita rocketik ere igarotzen dira, baina betiere euren eraginak jazzetik soulera doazenak, musika klasikotik igarota, albo batera utzi gabe.

 

Astuik adierazi duenez, The Old Timey String Bandek entzuleari hurbiltasun sentsazioa helarazi nahi dio euren zuzenekoekin, gaur egungo ekoizpen metodoetatik urrunduta, bizitasun eta benetakotasun handiago baten alde.

 

“Beraz, kalitatezko musika eskaintza zabala eta interesgarria izango dugu Bermeoko XXXIII. Nazioarteko Musika Astean eta Bermeoko Udaletik pertsona guztiak gonbidatu ditugu kontzertu hauetan parte hartzera eta musikarekin gozatzera”, nabarmendu dute Astuik eta Regidorrek.

 

25 / 07 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

Certified iqnet management system AENOR. Empresa registrada bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0