Albisteak

Albistea

Tokiko kontsumoa eta herriko merkataritza sustatzea lortu du 'Bermeoko bonoa' kanpaina "arrakastatsuak"

Mota ezberdinetako Bermeoko 117 establezimenduk parte hartu dute eta ekimen honen bidez ia 61.000 euro mugitu dira maiatzaren 2tik 26ra

 

 

Irune Ormaetxeak, Bermeoko Garapen eta Turismo zinegotziak, azpimarratu duenez, Bermeoko Udalak lehenengo aldiz martxan jarritako ‘Bermeoko bonoa’ kanpaina “arrakastatsua” izan da; izan ere, aurreikusitako helburuak bete ditu, hau da, tokiko kontsumoa bultzatzea eta herriko merkataritza sustatzea. Mota ezberdinetako Bermeoko 117 establezimenduk parte hartu dute eta ia 61.000 euroko erosketak egin dira Bermeoko saltoki parte-hartzaileetan maiatzaren 2tik 26ra martxan egon den ekimen honekin. 

Ormaetxeak adierazpen horiek ‘Bermeoko bonoa’ kanpainaren balorazioa egiteko prentsaurrekoan egin ditu. Berarekin batera egon dira Nere Mintegi, Behargintzako zuzendaria; Enplegu planen barne Karmele Sánchez proiektuaren dinamizatzailea eta kanpainan parte hartu duten hainbat dendari, Baby eta T-Kimua dendetako ordezkariak, Amaia Bustinza eta Bihotza Navarro, hurrenez hurren. 

Garapen zinegotziak azpimarratu duenez, Bermeoko Udalaren ekimen berria izan da ‘Bermeoko bonoa’ kanpaina eta “pozik gaude” emaitzak “onak izan direlako; izan ere, “gure lehentasuna da tokiko kontsumoaren alde egitea, horrek gure herriko merkataritza sustatzen duelako eta herriko merkataritzak bizia, garapena, enplegua eta bestelako onurak ematen dizkiolako gure herriari”. 

Ildo honetan, gogoratu duenez, kanpaina maiatzaren 2an abiarazi zen eta sei egunetan Bermeoko Udalak ateratako 1.500 bonoak agortu ziran. Harrera ona dela eta, Bermeoko Udalak beste 1.000 bono ateratzea erabaki zuen, eta horiek ere hiru egunetan agortu ziren. Hortaz, guztira 2.500 bono atera ditu Udalak “Bermeoko bonoa’ kanpainaren barne eta guztiak agortu dira. 

Kanpaina honetan herriko mota ezberdinetako dendak parte hartu dute (ileapaindegiak, arropa dendak, farmaziak, zapata dendak, estetika zentroak, harategiak, arraintegiak, fruta dendak…). Bonoaren prezioa 10 eurokoa izan da, baina gastu ahalmena 15 eurokoa. Gainera bonoak metagarriak izan dira elkarren artean, hau da, 60 euroko gastu bat lau bonorekin ordaindu ahal izan da. 

Bezeroek bonoak erabiltzeko epea 2018 maiatzaren 2tik 26ra arte izan dute. Epe horren ostean parte hartu duten negozioek bonoak entregatu dituzte ordainketa egiteko. Jasotako datuen arabera, kanpaina honen bidez, ia 61.000 euroko erosketak egin dira Bermeoko establezimendu parte hartzaileetan. 18 bono entregatu gabe geratu dira. 

Bonoekin erosketa gehien egin den sektorea modarena izan da, ondoren,  altzairuak eta dekorazioa eta zapata-dendak. Bestalde, bonoak gutxien erabili dira urdaitegietan, fruta-dendetan eta arte grafikoen sektorean.   

Ormaetxeak azaldu duenez, ‘Bermeoko bonoa’ kanpainaren kostua Bermeoko Udalarentzat 13.651,24 euro (BEZ barne) izan da, 12.500 euro bonoen diru-laguntza izan da eta gainerakoa kudeaketa zerbitzua, materiala, banaketa… Establezimendu guztiek jaso dute bonoen dirua. 

 “Bermeoko bonoa kanpainaren emaitzak positiboak izan dira eta hori garrantzitsua herriko merkataritza sustatzea guretzat apustu garrantzitsua delako, izan ere, herriko merkataritzak herrian dituen onurak asko dira, herri bizia, garapena eta enpleguak sortzen dituelako, besteak beste. “Erosi Bermeon!”, nabarmendu du Ormaetxeak. 

19 / 07 / 2018

Beste barriak

  • Hitzorduak
  • Errolda agiria
  • Alkarbizitza agiria
  • Espediente ekonomikoak
  • Kirola on-line
  • Sastar batze erreziboak
  • Isunak
  • Matrikulak
  • Plusbalioak
  • Udal tributuak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

Certified iqnet management system AENOR. Empresa registrada bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0