Albisteak

Albistea

Lore erakusketa, paella erraldoia, musika eta margo lehiaketaren sari banaketa, besteak beste, bihar, zapatuan, Goiko plazan

 

Bermeoko Goiko plazak giro ederra izango du bihar, zapatuan, apirilaren 21ean; izan ere, besteak beste, herriko lora denden erakusketa, txosna, paella erraldoia, Unai Goiko DJaren musika eta eskoletako umeen marrazki onenen erakusketa eta sari banaketa izango ditugu.

Ekitaldi horiekin hasiera emango zaio Alde Zaharra kolorez eta biziz jantzi nahi duen lore lehiaketari. Lehiaketa hori  Bermeoko Udalak, Bermeoko lora dendek eta ‘Alde Zaharra bizirik’, ‘Haitz Nagusidxe’  ‘Berton’ eta Peña Barrueta Arte elkarteek antolatzen dute elkarlanean.  

Horrela, bihar, zapatuan, apirilaren 21ean, Goiko Plazan 11:00etatik 14:00etara loreen erakusketa eta azoka bat egingo da eta bertan parte hartuko dute Bermeoko loradendek. Horretan, lorak ikusteko eta erosteko aukera izango dute bertaratzen diren guztiek Alde Zaharrean giro polita sortuz. Umeak ere barazkiak landatzeko aukera izango dute azokan eta lore lehiaketan parte hartu nahi dutenek bihar ere izena eman ahal izango dute. 

Horrez gain, Alde Zaharra Bizirik elkartearen eskutik, paella erraldoia dastatzeko aukera izango dugu eta, egun guztian zehar, 11:00etatik 20:00ak arte, hain zuzen ere, txosna bat egongo da. Gainera,  musikarekin gozatzeko aukera izango dugu, Unai Goiko DJaren eskutik. 

Era berean, eskoletako umeek Alde Zaharrari buruz egin dituzten marrazki onenen erakusketa ikusteko aukera izango dugu eta, 12:00etan, sari banaketa ekitaldia izango da. Lehiaketa hori Peña Barrueta Arte elkarteak antolatu du. Horrez gain, Alde Zaharreko dendetan Peña Barrueta elkarteak erakutsitako arte lanei buruzko fitxategiak bete dituztenen artean ere opari txikiak banatuko dira. 

Beraz, Irune Ormaetxeak, Bermeoko Turismo eta Urigintza zinegotziak, adierazi duenez, bihar, zapatuan, apirilaren 21ean, giro “ezin hobea” izango dugu Bermeoko Alde Zaharrean lorak ikusteko eta erosteko, paella dastatzeko eta musika eta artearekin gozatzeko aukera izango baitugu. “Hortaz, herritar guztiak zapatuan Goiko plazara gonbidatu nahi ditugu”, azpimarratu du. 

Ildo berean, Alde Zaharreko bizilagunak loreen lehiaketan parte hartzera animatu ditu “gure Alde Zaharreko etxeak lorak jartzen badituzte Alde Zaharra edertuko baitugu”. 

 

 

 

20 / 04 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0