Albisteak

Albistea

Tonpoia berreskuratzeko ekintza planari buruzko parte-hartze prozesua hasiko du martxoan Bermeoko Udalak

Parte hartzeko tailerrak martxoaren 15ean eta apirilaren 11n izango dira eta www.tonpoi-bermeo.eus bidez ere parte hartu ahal izango dute herritarrek

 

Tonpoiaren paisaia berreskuratzeko plana martxan jarri du Bermeoko Udalak eta horri buruzko parte-hartze prozesua martxoan hasiko du; izan ere, helburua da herritarrei Paisaia Planari buruz informatzea, gaur egun dituen beharrak eta etorkizunerako aukerak guztion artean eztabaidatzea eta proposamenak denon artean egitea eta adostea. 

Horrela adierazi dute gaur prentsaurrekoan Irune Ormaetxeak, Bermeoko Urigintza eta Ingurumen zinegotziak; Santi Muruak, Berualako zuzendariak; Vicente Lopezek Geotech enpresako ordezkariak, Jone Belausteguigoitiak Lur Studioko arkitektoak eta Laura Lafuentek Createlli enpresako ordezkariak.   

“Zelan hobe genezake Tonpoia? Zelan sustatu dezakegu Tonpoiaren ingurumen, paisaia eta aisialdirako indarra? Galdera horiek funtsezkoak dira eta Tonpoi Paisaiarako Ekintza Planaren parte-hartze prozesuan eztabaidatuko ditugu”, azaldu du Ormaetxeak. 

Urigintza eta Ingurumen zinegotziak adierazi duenez, interesa duten pertsona guztiek parte hartu ahal izango dute parte hartze prozesu honetan. Parte hartzeko, aurrez aurreko bi saio egongo dira: martxoaren 15ean, eguenean, eta apirilaren 11n, eguaztenean. Biak Kultur Etxean izango dira, 18:30etik 20:00etara. 

Era berean, martxoaren 15etik eta apirilaren 15era, www.tonpoi-bermeo.eus webgunearen bitartez parte hartu ahal izango da. Webgune horretan Tonpoiko paisaia berreskuratzeko ekintza planari buruzko informazioa ere eskuratu ahal izango dute herritarrek. Webgune horretara Bermeoko Udaleko webgunetik (www.bermeo.eus) ere sartu ahal izango da. Parte hartzeko izena eman beharko da, webgunean bertan. 

Irune Ormaetxeak azaldu duenez, Tonpoiaren paisaia berreskuratzeko plana 2017ko uda ostean martxan jarri genuen.”Lehenengo fase batean Talatik Tonpoirako inguru guztia aztertu da, paisaiaren egoera zein den ikusi da eta bere ahulgune eta indar-guneak identifikatu dira; ondoren, herritarrekin batera, parte-hartze prozesua martxan jarri ahal izateko”, adierazi du. 

Ormaetxeak azpimarratu duenez, Tala eta Tonpoia Bermeoko “toki zoragarriak” dira; hori dela eta, “gune horiei ahalik eta aprobetxamendurik egokiena emateko azterketa sakon bat egitearen beharra argi ikusi dugu”. 

Horrela, zehaztu duenez, lehenengo diagnostikoa egin dugu eta hortik atera diren ondorioak herritarrekin batera aztertu nahi ditugu, Tonpoi eta Talako inguru hori guztion artean ordenatzeko eta erabilerarik onena emateko”, azpimarratu du. Horretarako, aipatutako parte hartze prozesua martxan jarriko du Bermeoko Udalak. 

Ormaetxeak herritarrak animatu ditu parte hartze prozesu honetara, guztion artean Tonpoian zer nahi dugu erabakitzeko eta ahalik eta erabilerarik egokiena emateko.

 

 

05 / 03 / 2018

Beste barriak

  • Hitzorduak
  • Errolda agiria
  • Alkarbizitza agiria
  • Espediente ekonomikoak
  • Kirola on-line
  • Sastar batze erreziboak
  • Isunak
  • Matrikulak
  • Plusbalioak
  • Udal tributuak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

Certified iqnet management system AENOR. Empresa registrada bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0