Prensa

Prensa

Zubi-Gane tabernak irabazi du Bermeoko XVII. Tabernen Mozorro txapelketaren lehenengo saria

Taraskak eta Ipar Amets tabernek jaso dute bigarren eta hirugarren saria, hurrenez hurren

 

 

 

Alde Zaharreko lore lehiaketan girotuta egon den Zubi-Gane tabernak XVII. Tabernen mozorro txapelketan lehenengo saria irabazi du. Bigarren saria ‘Harritarrak’ marrazki bizidunetan girotuta egon den Taraska tabernak jaso du, eta hirugarren saria Ipar Amets tabernarentzat izan da ‘Popeye marinela’ marrazki bizidunen gaiarekin. 

Jai Batzordeak, urtero bezala, Aratusteetako martitzenean tabernen mozorroen lehiaketa antolatu du. Aurten XVII. edizioa izan da, eta sei taberna aurkeztu dira: Zubigane, Gure Toki, Gaztelupe, Ipar Amets, Irish Pub eta Taraska. 

Aurten herritarrek ere bozkatzeko aukera izan dute internet bidez edo Kultur etxean egon den kutxaren bidez. Boto horiek guztien %60ko balioa izan dute eta gainerako %40a epaimahaiak erabaki du tabernarik taberna joanda. 

Epaimahaia Bermeoko alkateak eta alkateordeak, Idurre Bidegurenek eta Benito Ibarrolazak, hurrenez hurren, Kultura zinegotziak, Aingeru Astuik,  Jai Batzordeko kideek eta Oizmendi telebistak osatu dute. 

Epaimahaiak parte hartzaile guztien tabernak bisitatu ditu eta guztien “orijinaltasuna” azpimarratu du. Ildo berean, tabernek egindako lan handia nabarmendu du. 

 “Eskertzekoa da parte hartu duten tabernek egindako ahaleginak apainketa eta mozorro sortzaile eta orijinalak aurkezteko”, esan du. Sariak ematerakoan honakoak izan dituzte kontuan: tabernen apainketen eta mozorroen orijinaltasuna, umorea, erabili diren materialen kontsumo orekatua, euskararen erabilera eta tabernarien mozorro eta apainketa bat etortzea, besteak beste. 

Sariak 

Sariei dagokienez, lehenengo sariaren irabazle izan den Zubi Gane tabernak Itsuki irratiak emandako iragarki publizitate paketea eta hiru eguneko lagun birentzako egonaldi berezia  jaso ditu.  

Bigarren saria irabazi duen Taraska tabernak hiru eguneko lagun birentzako gourmet egonaldia jaso du. Ipar Amets-ek hirugarren saria jaso du, bi eguneko lagun birentzako egonaldia, hain zuzen ere. 

13 / 02 / 2018

Otras noticias

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0