Albisteak

Albistea

Bermeo eta Bakio lotzen dituen Bizkaibus zerbitzua zapatu eta jaiegunetan ez kentzeko eskatu dio Udalak Bizkaiko Aldundiari

 

 

Bermeo eta Bakio lotzen dituen Bizkaibus zerbitzua zapatu eta jaiegunetan ez kentzeko eskatu dio Bermeoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiari. Benito Ibarrolazak, Bermeoko alkateordeak eta Zerbitzuetako zinegotziak, azaldu duenez, uda sasoia amaituta, Bizkaiko Foru Aldundiak Bermeo eta Bakio lotzen dituen Bizkaibus zerbitzua murriztu eta zapatu eta jaiegunetako bidaia guztiak bertan behera utzi ditu. 

Ibarrolazak azaldu duenez, Bizkaibusen A3524 linea Bermeo eta Bakioren artean garraio publikoak eskaintzen duen lotura bakarra da, eta “zapatu eta jaiegunetan zerbitzu hori ez egoteak herritarrei hainbat oztopo eraginarazi die”. 

Gainera, Bizkaibus linea horrek Bermeoko herria eta Arane-Gibelortzaga auzoa lotzen dituela ere bai adierazi du. Hortaz, bere esanetan, “linea hau asteburuetan eta jaiegunetan kenduz, auzo horretako bizilagunak garraio publiko zerbitzu eraginkor bat gabe uzten ditu”. 

Horregatik guztiagatik, Bermeoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiari Bermeo eta Bakio lotzen duen Bizkaibus zerbitzua asteburu eta jaiegunetan eskaintzen jarraitzea eskatu dio. Ibarrolazak adierazi duenez, “espero dugu Bizkaiko Foru Aldundiak gure eskaera onartzea; garraio publikoaren erabilera sustatzeko eta kalitatezko zerbitzu bat eskaintzeko, autobusen maiztasunak herritarren beharrizanetara egokitzea ezinbestekoa delako”. 

11 / 10 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0