Albisteak

Albistea

'Gaztedi Busturialdea'k eskualdeko laugarren enpresa lehiaketa jarri du martxan

Arratzu, Bermeo, Ereño, Forua, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka eta Sukarrietako udaletako gazteria zerbitzuek, Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera, ‘Busturialdeko IV. Enpresa Ideia Lehiaketa’ jarri dute martxan, laugarren urtez jarraian. Lehiaketak enplegua sortu eta Busturialdeko gazteen ekintzailetza kultura sustatzea du helburu. Aurreko hiru edizioetan, guztira, ia 60 enpresa eta enpresa ideia aurkeztu ziren.

 

Eskualdeko gazteak lan mundura sartzea ahalbidetzen duen "Lana bilatzea, Lana da" programa Bizkaiko Foru Aldundiaren ‘Gaztedi Busturialdea’ proiektuan kokatuta dago eta lehiaketaren laugarren edizio honek beren ideia berritzaileak abiatzeko eta enpresa ikuspegia saritzeko aukera eskaintzen die Busturialdeko gazteei.

 

Busturialdeko IV. Enpresa Ideia Lehiaketaren helburuak, besteak beste, eskualdean ekintzailetza kultura hedatu, Busturialdean lana eta aberastasuna sortu, eskualdeko ekonomia sustatu eta enpresa proiektu onenak saritzea dira.

 

Aurreko urteetan bezala, lehiaketan 18 eta 35 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal dute, beti ere, aurkeztutako enpresa ideia Busturialdean kokatzen bada. Bestalde, posiblea da enpresa ideia edo 2017an sortutako enpresa bat aurkeztea.

 

Baloratzerako orduan, epaimahaiak honako irizpide hauek kontuan hartuko dira:

 

·        Berritzaile izaera, balio erantsia eskaintzea edo/eta originaltasuna.

·        Enplegua sortzeko duen potentzialitatea eta sortutako lanpostuen kalitatea.

·        Ekintzaile taldeak proiektua aurrera eramateko duen gaitasuna.

·        Busturialdeko eskualdean proiektu hori aurrera eramateko aukera egotea edo eskualde honetan proiektu horrek duen egokitzapena.

·        Proiektuaren definizio-garapen maila.

·        Proiektuaren jasangarritasuna (ekonomikoki eta ingurugiroarekin).

·        Gizarte-eragina.

 

Lehiaketan parte hartu nahi dutenek heldu dan azaroaren 10eko 14:00ak arteko epea dute beren proposamenak aurkezteko. Sari-banaketa abenduaren 15ean izango da. Lekua eta ordua zehazteke daude oraindik.

 

Irabazleak 3.000 euroko saria jasoko du, bigarrenak 2.000 eurokoa eta lehen sektorearekin zerikusia duen ideia onenak 1.000 euro jasoko du, aurreko sarietan ez bada saritua izan. Gainera, eta berrikuntza moduan, lehenengo eta bigarren sailkatuei Arratzuko Elkartegi berrian kokatutako langune batean urtebeteko kuota ordainduko zaizkie.

 

Informazio gehiago lortzeko eta izen-emate orriak batu eta entregatzeko Bermeoko eta Gernika-Lumoko Udaletako Gazte Informazio Zerbitzuetara edo Urremendi Landa Garapen Elkarteko bulegora jo behar dute interesatuek. Halaber, aurtengo ekainean martxan jarritako www.gaztedibusturialdea.eus webgunean ere informazio osoa eta izen-emate orriak lortu daitezke. Izen-emate orri horiek eta beharrezko dokumentazio guztia paperean aurkeztu beharko dira, arestian aipatu zerbitzuetan, 2017ko azaroaren 10a baino lehenago. 

2016ko irabazleak

Joan zen urtean, Aldapeko Ahuntz Esnekiak izeneko ideiak eraman zuen 3.000 euroko lehenengo saria. Guadarrama arrazako ahuntz-esneki ekologikoak ekoiztea du helburu: antxumea, jogurta, esnekiak eta gazta, hain zuzen ere. Ideiaren sortzailea, Maddi Amezaga Arriaga (Errigoiti, 1996) izan zen, eta dagoeneko bere ideia garatzen hasi da.

 

Bigarren saria, 2.000 eurokoa, Nagusialde izeneko proiektuak jaso zuen. Horren helburua, Busturialdeko eskualdean dementziadun pertsona nagusien bizi-kalitatea hobetzea da, arlo kognitiboa, emozionala, konduktuala eta soziala landuz etxez-etxeko arreta psikologikoa emanez. Legendika Zuazua Romero (Gernika, 1991) gazte gernikarra izan zen ideiaren sortzailea.

20 / 09 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

Certified iqnet management system AENOR. Empresa registrada bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0