Albisteak

Albistea

Ormaetxea: "Bermeoko Gaztelugatxeko Doniene 'Hamarkadako Europako zinema-kokalekurik onenarako' hautagaia izatea albiste ona da herriarentzat"

Bermeoko Gaztelugatxeko Donieneren aldeko botoa ematera animatu ditu herritarrak www.cineuropa.org webgunean

 

 

 

European Film Commission Network —Europako Film Commision Sareak— (EFCN) Bermeoko Gaztelugatxeko Doniene hautatu du “Hamarkadako Europako zinema-kokalekurik onena” eskuratzeko lehiatuko diren 11 tokietako bat izan dadin, Europako kokalekurik onena sariaren barne. Irune Ormaetxeak, Bermeoko Turismo zinegotziak, adierazi duenez, Bermeo hautagaia izatea “albiste ona da gure herriarentzat”; izan ere, lehiaketako finalisten zerrendan egoteak “Bermeo, nazioartean pelikulak grabatzeko erreferentziazko toki bezala kokatzen du”.

 

Orain hamaika hautagaien artean Europako ikusleek aukeratuko dute irabazlea; izan ere, haiek emandako botoen bitartez aukeratuko da. Europa osoko ikus-entzunezko sektorearen eta zinemako profesionalak biltzen dituen Cineuropa izeneko plataformaren webgunean egingo da bozketa: www.cineuropa.org. Parte-hartzaileek urriaren 25era arte eman ahal izango dute botoa.

 

Ormaetxeak Bermeo eta Euskal Herri guztiko herritarrak Gaztelugatxeko Donieneren aldeko botoa ematera animatu ditu www.cineuropa.org webgunean “garrantzitsua delako Bermeorentzat aitorpen hori jasotzea”.

 

Bermeoko Gaztelugatxeko Donienerekin batera hautagaiak honako hauek dira: Antiparos uhartea (Grezia), Wroclaw hiria (Polonia), Dubrovnik hiria (Kroazia), Kastilac gaztelua (Kroazia), Görlitz hiria (Alemania), Mínima irla, Guadalquivir (Sevilla), Karakalaren termak (Erroma-Italia), Val Senales glaziarra (Italia), Valldal-Juvet Landscape hotela (Norvegia) eta Viena (Austria).

 

“Hamarkadako Europako zinema-kokalekurik onena” sariaren irabazlea azaroaren 7an jakinaraziko da, European Film Commission Network sarearen hamargarren urteurrenaren ospakizun-ekitaldian,  Bruselan, Europako Parlamentuko egoitzan, hain zuzen ere.

 

 

19 / 09 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

Certified iqnet management system AENOR. Empresa registrada bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0