Albisteak

Albistea

Itsas Market merkatua, itsasontzien prozesioa eta lore eskaintza, besteak beste, Bermeon, Galarrenaren 105. urteurrenean

 

 

Bermeon 1912ko abuztuaren 12an gertatutako galarrenaren 105. urte beteko dira, eta hori gogoratzeko Galerna Taldeak eta Bermeoko Udalak hainbat ekitaldi antolatu dituzte hurrengo asteburuan, hau da, abuztuaren 11n, 12an, eta 13an. Horrela, asteburu horretan, besteak beste, Itsas Market merkatua Olatuko Kaian, itsasontzien prozesioa eta lore eskaintza izango ditugu Bermeon. 1912ko galarrena XX. mendeko lan istripurik handiena izan zen gure mugetan eta horretan 143 arrantzalek bizia galdu zuten. 

Irune Ormaetxeak, Turismo zinegotziak, eta Unai Bilbaok eta Gotzon Zabalak Galerna taldeko ordezkariek, Bermeoko galarrena gogoratzeko ekitaldiak aurkeztu dituzte gaur Aita Guria baleontzian egindako prentsaurrekoan.   

Bertan azaldu dutenez, ekitaldiak galarrenaren urteurrenaren bezperan, abuztuaren 11n, barikuan, hasiko dira; izan ere, 18:00etan Brandari taldearen eskutik, Itsas market merkatua hasiko da Bermeoko Portuko Olatu kaian. Adierazi dutenez, ekitaldi horrek aisialdi jasangarria, artea, bertoko kontsumoa, uretako kirolak eta genero berdintasuna sustatzen ditu. 

Hori lortzeko hainbat dira Itsas Market-en barne egingo diren ekimenak: food truck, bertoko produktuen aurkezpena, txikientzako itsas ekintzak, erreziklapen tailerrak, kontzertua…. Diseinatzaile eta artisau azoka bat izango da Itsas Market merkatuan: Inka & Co bitxigintza andinoa, Surailur arropa jasangarria, Sophie Hindennach eskuz egindako estanpatuak, Mikel Arbulu lore osagarriak,  Vicente Atienza  larruzko tailerra, Carlottas, Uhaina Surf & Art eta hainbat produktu berezi eta bitxiak aurkituko ditugu. 

Janari eta gastronomiari dagokienez, Rue del Percebe, La Hambroneta, La Vintage eta Tipi Tapa Bizkaiko food truck-ak aurkituko ditugu. Gozogintzan  Mañeko baserriko gutiziak eta  Nafarroako ‘Magdabuenas’ aurkituko ditugu. 

Horrela, abuztuaren 11n, barikuan, arratsaldeko 18:00etan irekiko ditu ateak eta 19:00etan etxeko txikienek itsas pertsonaien aurpegi margotzearekin ondo pasatu ahal izango dute margo ekologikoekin 

19:30ean txosna zabalduko da eta bideo emanaldiak izango dira, Galerna taldearen eskutik. 21:00etan musika egongo da presente Olatuko kaian, Tximino taldeak kontzertua eskainiko baitu. 

Abuztuaren 12an, zapatuan, Galarrenaren 105. urteurrena betetzen denean, Itsas Market-ek goizeko 11:00etan irekiko da, eta ordu berdinean belaontzi estropada bat egingo da, Izarora itzulia nabigatzaile berriekin, hain zuzen ere. Umeek ere euren tokia izango dute; izan ere, 12:00etan ‘txalupak egiten’ kortxo birziklapen tailerrarekin gozatzeko aukera izango dute. 

Arratsaldean, 18:00etan, piratak sukaldean gastro tailerra egingo da Serrats kontserba enpresaren eskutik; eta haien kontserbak erabiliz eta bertoko beste hainbat osagaiekin, gure pirata txikienak pintxo sortzaileetan bihurtuko dira. Arratsaldean ere bai, 19:00etan, atuna erreta dastatu ahal izango da Bermeoko Olatuko kaian. 

Prozesioak eta lore eskaintza 

Ildo berean, Bermeoko 1912ko galernan hildako 143 arrantzaleak omentzeko, arratsaldean, itsasontzi tradizionalak uretaratuko dira, eta gaueko 21:00etan itsasontzien prozesio isila egingo da Xixilirantz. Aldi berean, 21:00etan lehorrean dauden herritarrak Baztarretik Portuzaharrera jaitsiko dira Kankinkabara txistularien soinuak lagunduta, eta, bertan, Serrat enpresak kandelak banatuko ditu galernan euren bizia galdu zuten arrantzaleak gogoratzeko. 

Herritarrak bokalerantzat bideratuko dira eta bertan itsasontziekin batuko dira, guztiak elkarrekin, Izaro abesbatzarekin batera, 21:30ean lora eskaintza egiteko ekitaldi hunkigarri batean. 

Horrez gain, abuztuaren 12an, zapatuan, Aita Guria baleontzia eta Bermeoko Arrantzaleen Museoa dohainik bisitatu ahal izango dira “Bermeok itsasoarekin duen lotura eta historia zabaltzeko”. Bermeoko Arrantzaleen Museoak opari bat emango die egun horretan bertaratzen diren guztiei. 

Abuztuaren 13an, domekan, galarrena gogoratzeko ekimenekin jarraituko dugu Bermeon; izan ere, Itsas Market merkatuarekin gozatzeko aukera izango dute bermeotarrek eta Bermeora datozen pertsona guztiek. 12:00etan txikienek aurpegi margoketa izango dute eta 18:00etan ‘neoprenoak birziklatzen’ tailerra izango da. Bertan karterak, diru-zorroak, zorroak eta kutxatilak egingo dituzte Galerna taldeak eta itsas kirolen beste elkarte batzuek emandako materiala erabiliko da. 

Ormaetxeak eta Zabalak pertsona guztiei ekitaldi horietan parte hartzera gonbidatu die “gure arrantzaleak, gure historiaren momentu garrantzitsua eta itsasoarekin dugun lotura gogoratzeko”. 

Ormaetxeak gogoratu duenez, 1912ko galarrenean Matxitxakoko lurmuturretik 45 milatara arrantzan zeunden 143 arrantzale hil ziren, euretatik 116 bermeotarrak, eta besteak inguruko herrietakoak, Elantxobe, Lekeitio eta Ondarroakoak, hain zuzen ere. 

“1912ko galarrena XX. mendeko lan istripurik handiena izan zen gure mugetan eta, hori dela eta, 105 urte betetzen direnean, urtero bezala, Bermeoko herriak arrantzale horiei guztiei eta euren bizia aurrera atera behar izan zuten familiei omenaldia egin nahi die”, azpimarratu du. 

04 / 08 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0