Prensa
Bermeoko Udaleko Ingurumen Sailak eta Lurgaia Fundazioak joan den larunbatean, uztailaren 4an, Gaztelugatxeko kostaldea garbitzeko antolatutako boluntario jardunaldia “arrakastatsua” izan da, antolatzaileek adierazi dutenez.
Bermeoko Udaleko Ingurumen Sailak gogoratu duenez, jardunaldiaren helburua Gaztelugatxeko babestutako biotopoko itsas ertza hondakinez garbitzea zen, euskal kostan hain berezia den Gaztelugatxeren ingurumen-balioa eta bere paisaiaren edertasuna zaintzen eta mantentzen laguntzeko.
40 pertsonatik gora parte hartu zuten ekimen horretan. Boluntarioak adin guztietakoak izan ziren, gizon zein emakume.
Talde guztia San Juan azpiraino jaitsi zen, itsasbehera aprobetxatuta eta bertan, Akatz eta Gaztelugatxe bitarteko badia guztian garbiketa lanetan aritu ziren eta hondakinen kopuru handia batu zuten.
Bermeoko Udaleko Ingurumen Sailak azaldu duenez, batutako hondakin gehienak itsasoko jardueraren ondorioz sortutakoak izan dira (arrain kaxak, sare zatiak, sokak, buiak…), baina beste era bateko hondakinak ere batu dira (ontziak, botilak…).
Bermeoko Udaleko Ingurumen Sailak azpimarratu duenez, lekuaren zailtasuna kontuan edukita, boluntarioek egindako lana “izugarri baliotsua” izan zen. Hori dela eta, antolatzaileek parte hartu duten pertsona guztiei bere lana eskertu diete.
Horrez gain, adierazi duenez, nahiz eta joan den urtean toki hau garbitzeko boluntario jardunaldi bat egin zen, aurten ere hondakin asko bildu dira. Horregatik, helburua da garbiketa boluntario jardunaldia bat urtero antolatzea.
010 (94 617 91 00)