Albisteak

Albistea

Hasi da 28. Arrain Azoka!

  • “Bermeo 365 eguneko arrain azoka izatea da guztion helburua”, adierazi du Bermeoko alkate Aritz Abaroak
  • Irekiera ekitaldian, gainera, aurtengo Hegaluze Sariaren irabazleak parte hartu du: Rafael Sardina bermeotarrak, hain zuzen ere

Bermeon, 2022ko maiatzaren 20an.- Gaur ireki ditu bere ateak Bermeoko 28. Arrain Azokak. Goizean egindako irekiera ekitaldian, Bermeoko alkate Aritz Abaroak zinta moztu du eta, honela, gaurtik igandera bitartean hainbat ekitaldiz, tailerrez, hitzaldiez, bertoko kirolaz, produktu hoberenez… gozatzeko aukera egongo da. Bermeoko izaera, tradizioa, nortasuna eta produktuak balioan jartzen dituen jai honek 2 egunetan zehar denetik eskainiko die bermeotarrei eta kanpotik etorriko diren bisitariei.

Gaur goizeko ekitaldian egon dira, besteak beste: Bermeoko alkate Aritz Abaroa; Bizkaiko Ahaldun Nagusi Unai Rementeria; Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapia; Ekonomia Sustatzeko Sailaren foru diputatu Ainara Basurko; Ingurumen eta Jasangarritasuneko sailburuorde Amaia Barredo; Nekazaritza Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Oroz; BBK Fundazioko Gizarte Ekintzako zuzendari Nora Sarasola eta El Correo egunkariko Erakundeen Arteko Harremanen Komunikazio aholkulari Juan Alberto Viejo.

Irekiera ekitaldian, gainera, aurtengo Hegaluze Sariaren irabazleak parte hartu du: Rafael Sardina bermeotarrak, hain zuzen ere. 1968. urtean jaiotako grabazio ingeniari honek herrian ematen den sari garrantzitsuena jaso du modu birtualean alkatearen eskutik. Izan ere, on-line bidez konektatu da Kaliforniatik eskerrak emateko eta ordenagailu bidez bertokoak agurtzeko. Rafael Sardinak, beste sari batzuen artean, 18 Grammy eskuratu ditu bere ibilbidean zehar. Hegaluze Sariak Bermeoren izena zabaldu eta goratu edo herriaren alde egin duen pertsona zein erakundea nabarmentzea du helburu.

 

Aurtengo Arrain Azokaren gai nagusia ‘gastronomia’ izango da. Izan ere, arrantzaleak itsasoratzeko arrazoi nagusia da gure platerera kalitate hobereneko produktuak ekartzea. Gainera, kontserberek ere helburu bera dute, lehen mailako arrain-kontserbak gure etxeetako mahaietara eramatea. Hau dela eta, aurten gastronomiari aparteko garrantzia emango zaio. Produktu bikainak ditugu, eta horiek baliatzen eta maridatzen badakigu

Aritz Abaroak esan du: “Azoka hau bermeotarron izana eta izena lau haizetara zabaltzen duen ekimena izateaz aparte, herritarron argazki bizi bat be bihurtu da, geure-geure ditugun itsasoa, kresala, arraina eta berorren testuinguruan loturiko ekonomia, ohiturak eta ondarea uztartzen baititu”.

Eta Gehitu du: “Azoka hau arrantzaren balio-kate osoaren erakusleiho ezin hobea da; beste urrats bat gure garapen ekonomiko eta sozialaren lanketan, hain zuzen ere. Balio-kate hau osotzen duten eragileek apustu sendoa egin dute eta egiten dute herri eta eskualde honen garapenean, berrikuntzan eta baita ere jasangarritasunean. Bermeo itxaso eta arrantza barik ezin da ulertu. Gure nortasuna portura lotuta dago eta etorkizunera begira be gure sektore hau jagon eta bultzatu beharra daukagu”.

“Gure bajurako arrantzaleek be eguneroko jakiak Km O filosofian bermatzen dizkigute; denok dakigu arrain freskoa gure etxe eta jatetxeetan edukitzea zein garrantzitsua den! Eta, zelan ez, kate honetako beste kate-begi bat den gure kontserba sektoreak be kalitatezko produktuen aldeko apustu irmoa egin du jasangarritasunean eta kalitatean oinarrituriko produkzio sistemen bidez.  Horrela ba, enpresoi eskatzen diet “Bermeo eta Urdaibai balioa” sortzen eta munduan eredu izaten jarraitu dezatela inguru eta sektorearekin daukazuen errespetuzko praktikak indartuz”, adierazi du alkateak.

“Herritarroi eta kontsumitzaileoi be mezu bat. Jarri dezagun balioan gure arrantzale eta kontserberek egiten duten lana eta kalitatezko apustua. Erosketak egiterakoan pentsa dezagun atun lata edo arrain fresko eta ultrakonjelatuaren atzean dagoen baliokatea, pertsonen lana eta berrikuntzaren eta geure herriaren aldeko apustua. Errebelatu gaitezen prezioen gerran sartuta lan baldintza duinak edo espezien etorkizuna errespetatzen ez dituzten eskaintzen aurrean. Zaindu dezagun geurea dena!”, aldarrikatu du.

“Bermeo 365 eguneko arrain azoka izatea da guztion helburua. Horretarako itsasoko jakiak geure sukalde eta jantokietan eskaintzen jarraitzeko lanean segituko dugu herriko ostalaritzarekin eta produktoreekin batera formazioan, kolaborazioan eta generazioen arteko erreleboan sakonduz. Eta era berean, Bermeo eta gure arrantzaren arloko sektore eta produktuak merkatu zabaletan kokatzeko estrategiak lantzen be jarraituko dugu”, esan du Abaroak.

“Denok gonbidatuta zaudete hiru egun hauetan zehar edukiko ditugun ekintza guztietara. Gozatu dezagun asteburu bikain honetaz; gozatu dezagun Bermeoz!”, bukatu du.

20 / 05 / 2022

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0