Albisteak

Albistea

Penta futbol zelaiko aldagelen berritze lanak burutu dira

-Besteak beste, igeltserotza, arotzeria eta margotze lanak egin dira

-Gainera, denboraldia bukatutakoan 198.183,57 euro bideratuko dira berdegunea aldatzera

Bermeon, 2022ko maiatzaren 6an.-  Bermeoko Penta futbol zelaian hainbat lan burutu dira azken hilabeteotan. Duela gutxi zelaiko argiteria berritu zen. Halogenuro metalikoak LED sistemarekin ordezkatuko ziren, efizientzia nabarmen hobetuz (%71-ko aurrezpen energetikoa). Lan horiek burutzeko 35.878,15 euro bideratu ziren, BEZ barne. Bada, oraingoan, aldagelak berritu dira. Besteak beste, igeltserotza, arotzeria eta margotze lanak burutu dira, instalazioak nabarmen hobetuz.

“Penta futbol zelaian hainbat berritze-lan burutu ditugu. Kirol instalazio hauek urteak zeramatzaten inbertsiorik jaso gabe eta ordua zen hainbat gauza berritzeko. Duela aste gutxi halogenuro metalikoak LED sistemarekin ordezkatu genituen eta, oraingoan, aldagelak berritu ditugu udaleko brigadak eta Enplegu-Planei esker kontratatutako langileek egindako lanari esker. Itxura asko hobetu da”, hasi da Bermeoko alkate Aritz Abaroa.

Igeltserotza lanei dagokienez, alikatatu guztiak birpasatu dira. Akatsak zuzendu eta, behar izan den kasuetan, gainera, apurtutako baldosak ordezkatu dira. Hormetako eta sabaiko altxatuak ere zuzendu dira. Arotzeria lanei dagokienez, kaltetutako elementuak saneatu eta, ondoren, margotu dira. Besteak beste, ateak, markoak… konpondu eta berriz margotu dira. Bestalde, apurtutako leihoak ordezkatu eta aldagelak barrutik margoztu dira. Azkenik, eserlekuak txukundu eta zoruan klorokautxo produktua aplikatu da.

2021-2022 denboraldia bukatutakoan Penta futbol zelaiko berdegunea ordezkatuko da. Lan hauek burutzeko 198.183,57 euro bideratuko dira. Bizkaiko Foru Aldundiak ematen duen diru-laguntzari esker 78.460 euro lortu dira lan hauek egiteko. “Berdegunea aldatzeko lanak bukatzen direnean, Penta futbol zelaiak beste itxura bat izango du. Pausoka joan gara baina, hartu genuen konpromisoa betez, argiteria, aldagelak eta berdegunea bera berritzea lortu dugu. Kirol instalazio hau oso garrantzitsua da herriarentzako. Herriko ume eta gazte askok bertan kirola egiten dute. Gure helburu estrategikoetako bat da herriko kirol instalazioak hobetzea. Udal honek esfortzu handia egin du zentzu horretan”, bukatu du Abaroak.

06 / 05 / 2022

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0