Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak martxan jarritako bonuen kanpainak 319.221,27 euroko inpaktu ekonomikoa izan du

-Udalak 51.200 euro inbertitu ditu kanpainan, 7.000 bonutan banatuta, eta guztiak saldu dira

-Herritarrek, batez ere, etxetresna elektronikoetan, modan eta dekorazioan erabili dituzte bonu hauek

-Guztira, herriko 106 establezimenduk parte hartu dute

Bermeon, 2021eko otsailaren 17an.- Bermeoko Udalak maiatzean abiarazi zuen ‘Nik, BermeON’ egitasmoaren barruan garatu da bonuen kanpaina. Izan ere, ekimen honek 6 hilabeteko iraupena izan du, ekainetik abendura, hain zuzen ere. Bada, Udalak kanpaina honen balorazioa burutu du. Guztira, Udalak 51.200 euro inbertitu zituen, 7.000 bonutan banatuta eta, guztiak saldu ostean, kanpainak 319.221,27 euroko inpaktu ekonomikoa izan du herrian. Bermeoko 106 establezimenduk parte hartu dute guztira.

“Oso pozik gaude emaitza hauekin. Kanpaina honen helburua zen herriko merkatari, ostalari eta turismo enpresak laguntzea, herritarrek euren erosketak egiteko erraztasun gehiago izatea eta herrian kontsumoa sustatzea. Bada, datuak ikusita uste dugu helburua lortu dugula”, azaldu du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.

“Oso urte zaila izan da atzean utzi duguna. Herritarrek oso gaizki pasatu dute eta, datozen urterako aurreikuspen ekonomikoak ez dira onak. Honegatik da oso garrantzitsua horrelako egitasmoak martxan jartzea eta, batez ere, herritarren erantzuna ona izatea. Hau da, funtzionatu behar dute eta, gure ustez, bonuen kanpainak oso ondo funtzionatu du”, gehitu du.

Esan bezala, Bermeoko ekonomia berraktibatzea helburu duen ‘Nik, BermeON’ ekimenaren barruan garatu den egitasmoetako bat izan da bonuen kanpaina. Guztira, 7.000 bonu jarri ziren martxan, 4 euroko (6 euro gastatzeko), 10 euroko (15 euro gastatzeko) eta 20 euroko (30 euro gastatzeko) bonutan banatuta. Bada, den denak saldu dira. Batez ere, herritarrek etxetresna elektronikoetan, modan eta dekorazioan erabili dituzte bonu hauek.

17 / 02 / 2021

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0