Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak ‘Martillo’ moilan bainurako gunea zabalduko du ostiralean

Guztira, lehorreko eremurako 600m2 mugatu dira eta bainu eremurako, ordea, 2.377 m2

Guneak Gurutze Gorriko sorosleak izango ditu eta ordutegia 12etatik arratsaldeko 7etara izango da

Bermeon, 2020ko uztailaren 2an.- Bermeoko Udalak bainurako gune berria zabalduko du ostiralean. Izan ere, ‘Martillo’ moilan aisialdirako eremua egokitu du, bai bainurako eta baita lehorrean eguzkia hartu edo jolasteko ere. Bainu gune berriak Gurutze Gorriko sorosleak izango ditu eta ordutegia 12etatik arratsaldeko 7etara izango da. Eremu honetan bainatzea Udalak Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietako zuzendaritzarekin sinatutako hitzarmenari esker izango da posible.

Guztira, lehorreko eremuak 600m2 mugatu dira. Erabiltzaileak eguzkia hartu edo jolastu ahalko du bertan. Uretan, ordea, bainu eremurako 2.377 m2 gorde dira bertan igeri edo jolastekoeta gunea baliza bidez markatu da.

Udalak gunearen erabilera egokia egiteko arau eta gomendioekin informazio panela jarriko du moilan. Gainera, ingurune naturala modu egokian zaintzeko deia egiten du udalak. Bestalde, xaboia erabiltzea erabat debekatuta dagoela eta hondakinak jaso eta dagokien lekuan uztea beharrezkoa dela gogorarazten da. Hau errazteko, edukiontziak jarri ditu Udalak bertan eta egunero gunea garbitzeaz arduratuko da. Era berean, bertara kotxez ez gerturatzea eskatzen da.

Mugatutako tokia bada ere eta itsasontziak bertatik pasatu ezin badira ere, erabiltzaileari portuko eremuan dagoela gogorarazten eta kontuz ibiltzeko eskatzen zaio. Gainera, uraren kalitatea ezin da portuan bermatu. Azkenik, erabiltzaileari gogorarazten zaio erabat debekatuta dagoela moilatik salto egitea eta araututako gunetik kanpo igeri egitea. Bertako segurtasuna Gurutzeko Gorriko sorosleez gain herriko Udaltzaingoak ere segurtatuko du.

Urrats honi esker, bermeotarrek aisialdirako gune berri bat edukiko dute udara begira, urteetako herritar askoren demanda bateri erantzuna emanez. Era berean, Udalak gogorarazten du COVID-19a dela eta hartu beharreko segurtasun eta osasun neurriak behar bezala bete beharko direla moilan eta uretan.

 

02 / 07 / 2020

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0