Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak semaforo bidez jakinaraziko du Aritzatxu hondartzaren momentuko egoera

Burujabetasun zelaian semaforo bat jarriko du eta kolore berde, laranja eta gorriak hondartzaren momentuko egoera zein den adieraziko dute

Ekainaren 15ean hasiko da hondartzako denboraldia eta, ordurako, sistema hau indarrean egotea aurreikusten da.

Bermeon, 2020ko ekainaren 12an.- Uda honetan ezin izango gara hondartzara orain arte joan garen bezala joan. Izan ere, segurtasun eta osasun neurriek kontutan izan beharko dugun aldagai berri bat ekarriko dute: hondartzan dagoen jende kopurua. Geroz eta jende gehiago egon, zailagoa izango da 1,5 metroko distantzia mantentzea eta, hau dela eta, hondartzaren egoera kontrolatu beharko da.

Bizkaiko Foru Aldundiak ezarritako sistemaz gain -bandera laranja jarriko da segurtasun eta osasun neurriak behar bezala bermatu ezin direnean eta, gainera, BizkaiUP aplikazioan eta Foru Aldundiaren webgunean hondartza bizkaitarren momentuko egoeraren berri emango da-, Bermeoko Udalak herritarrari informazio gehigarria emango dion beste sistema bat ezarriko du herriko Aritzatxu hondartzaren gaineko aldean. Izan ere, Burujabetasun zelaiaren bukaeran (hondartzara beheratzeko aldapa hasten den tokian) semaforo bat jarriko du, kolore berde, laranja eta gorriarekin.

Koloreen sistema honen bitartez, herritarrak, beheraino beheratu gabe, hondartzaren egoera zein den ezagutuko du. Berdeak segurtasun neurriak behar bezala betetzen direla eta beheratzeko arazorik ez dagoela ziurtatuko dio. Laranjak, ordea, segurtasun neurriak betetzen direla baina mugan daudela adieraziko dio eta, beraz, itxarotea gomendatuko zaio, jendea bertan pilatu ez dadin eta hondartza itxi behar ez dadin. Azkenik, kolore gorriak, hondartza itxita dagoela jakinaraziko dio. Hondartzaren egoera zein den sorosleek eta herriko Udaltzaingoak gainbegiratuko dute eta, elkarlan honi esker, semaforoaren kontrola eramango da.

12 / 06 / 2020

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0