Albisteak

Albistea

2020ko Arrain Azoka bertan behera geratuko da Covid-19a dela eta

Hala ere, betiko Azokak Azoka Birtualari irekiko dizkio ateak, asteburu honek guztion egutegietan jarraitzeko eta enpresei erakusleiho garrantzitsu bat eman eta negozio aukera berri bat eskaintzeko

Bermeon, 2020ko apirilaren 17an.- 2020ko Arrain Azoka ez da normalean ospatzen den bezala ospatuko. Izan ere, Covid-19ak sortutako osasun krisiak milaka lagun biltzen dituen ekimen berezi hau bertan behera uztea behartu du. Hala ere, honek ez du esan nahi ezer ere egingo ez denik, ezta gutxiago ere.  Arrain Azoka Elkarteak (Bermeoko Udala eta sektoreko enpresek osatzen dutena) asteak daramatza lanean helburu garbi batekin: aurtengo Arrain Azoka egungo egoerara moldatzea eta, bere espiritua mantenduz eta arrantza sektorea eta izaera balioan jarriz, ekimen hau aurten ere egitea.

Ez da erabaki erraza izan, baina ez da beste erremediorik egon. Izan ere, bizi dugun itxiera egoerak ez du aukerarik eman Azoka egiteko. Honela, Arrantza sektorearen asteburua bertan behera utzi behar izan da, behintzat, guztiok ezagutzen dugun betiko formatuan. Baina Arrain Azoka Elkarteak ez zuen urte hau zuriz utzi nahi eta duela zenbait astetik hona gogor dabil lanean Azoka beste era batera egiteko. Ekimena bertan behera uzteko eta formatua aldatzeko erabakiak aho batez hartu dira, sektorearekin uneoro kontsulta eginda eta adostasuna bilatuz.

Formatu aldaketa:

Ezin badira postuak kalean ipini, eraman ditzagun postuak etxeetara. Bada, ideia honi tiraka, Arrain Azoka, Arrain Azoka Birtualean bihurtuko da aurten. Egoera berriak irtenbide berriak ematea ekarri du, baina betiko espiritua mantenduz. Azoka Birtualak bi helburu izango ditu: Arrain Azokak guztion egutegietan jarraitzea eta sektoreko enpresei erakusleiho garrantzitsu bat eman eta negozio aukera berri bat eskaintzea. Hau da, Azoka Birtuala erosketak bideratzeko puntu bat izango da. Gainera, hiru egun zabalik egon beharrean (aurtengo edizioa maiatzaren 22, 23 eta 24ean egitea aurreikusita zegoen), maiatzaren 18tik 24ra irekita egongo da.

Arrain Azokak, gainera, webgune berria estreinatu behar zuen aurten, eta horrela izaten jarraituko du. Webgune berriak, Azoka Birtuala izateaz gain, beste gauza asko eskainiko dizkio bisitariari: berriak, urteetan zehar emandako hegaluze sariak, erronka garbiaren gaineko informazioa, solidaritza gunea, babesleen eta kolaboratzaileen izenak, aurreko urteetako egitarauak, urte guztietako kartelak, argazki eta bideoakā€¦ guztia helbide honetan: www. bizibermeo.eus/arrainazoka

Egia da ere betiko Arrain Azokak beste aukera asko eskaintzen dituela. Izan ere, Bermeoko komertzio eta ostalari askorentzako oso egun garrantzitsuak dira, milaka lagun elkartzen baitira herrian. Nahiz eta Azoka Birtualak ez duen inolaz ere betikoa %100ean ordezkatuko -ez behintzat ikuspuntu honetatik begiratuta- inpaktu negatiboa minimizatzen saiatuko da formatu berri honi esker.      

17 / 04 / 2020

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0