Albisteak

Albistea

Hamabigarren urtez metala Bermeora ekarriko du Halloween Metal Festek

"Aniztasun handiko musika eskaintza" batuko du Spookypheria Productions kultur elkarteak Kafe Antzokian. Lau talde ariko dira bertan, baina jarduera gehiago egingo dituzte jaialdiaren baitan.

Musika estilo alternatiboen hiriburuetako bat bihurtu da Bermeo; horren adibide ezin hobea da azaro hasieran hutsik egin gabe egiten duten Halloween Metal Fest. Spookypheria Productions kultur elkarteak antolatzen duen ekimena indarra hartzen joan da azken urteetan. Hamabigarren urtez ospatuko duten jaialdiak ospe handia hartu du eskualdeko zein kanpoko metalzaleen artean.

Spookypheriakoek zapatuan 21:00etan jarri dute hitzordua. Ohi bezala Kafe Antzokian egingo dute musika jaialdia: lau kontzerturekin batera beste hainbat jarduera egingo dituztela aurreratu dute antolatzaileek. Kontzertuen aldetik, metalaren barnean “aniztasun handiko musika eskaintza” ekartzeko lana egin dutela diote elkartekoek. “Metal estilo bakarraren jaialdia egiten baduzu, estilo zehatz horren zaleak bakarrik etorriko zaizkizu. Halloween Metal Festen kartelerako mota desberdinetako taldeak ekartzen saiatzen gara, ahalik eta entzule kopuru handiena hurreratzera animatzeko”.

Hala izanik, jaialdia “bi zatitan banatuta” egongo dela diote; The Hammer Killers bermeotarrek rock and roll eta heavy metalaren artean mugitzen den estiloko kontzertua eskainiko dute. Bermeoko taldea estreinako dago gainera: zapatuan beraien lan berria, Berserker, argitaratuko dute antzokian bertan. Azaldu dutenez, datorren astetik aurrera jarriko dute salgai diskoa. Bilboko The Wizards taldea ere rock and roll eta metal kutsuko doinuekin Bermeo girotzera hurreratuko da. Metalzaleen artean arrakasta handia lortzen joan den taldeak iaz argitaratu zuen bere hirugarren diskoa, Rise of the Serpent.

Ostean Vita Imana eta Ktulu taldeak ariko dira. Lehenengoek groove metala jotzen dutela diote antolatzaileek; Ktuluko katalanek berriz, industrial metal estiloaren kutsua dute. Gainera, kataluniako taldea zortzi urteren ostean bueltatuko da Halloween Metal Festera, kontzertu benetan berezia eskaintzeko asmoagaz.

Kontzertuak baino gehiago. Jaialdiak irauten duen bitartean hainbat zozketa egingo dituzte: parte hartuko duten taldeen merchandisinga banatuko dute antzokira hurreratzen direnen artean.

Kontzertuak amaituta, tradizioa bihurtu den Halloween Metal videojukebox ekitaldiari hasiera emango diote. Bertan Bermeo zein inguruetako metalzaleek gustuko dituen taldeen bideoklipak aurkeztuko dituzte. “Arrakasta handia” hartzen joan den ekimena dela nabarmendu dute elkartekoek, eta publikoak “ondo pasatzen duela”. 06:00etan amaitzea aurreikusi dute; ordura arte metal musikak girotuko du antzokia.

Sarrerak dagoeneko salgai jarri dituzte. Aurretiaz erosi gura dutenek 13 euro ordaindu beharko dituzte. Bermeon kafe antzokian eta Luma liburudendan daude salgai; Gernika-Lumon Ospa tabernan eros daitezke, baita Bilboko Gothic Zonen ere. Internet bidez erosteko aukera ere dagoela azpimarratu dute, Kafe Antzokiko webgunean. Zapatuan lehiatilan ere erosi ahalko dira, 16 euroren truke.

Spookypheriakoak pozik agertu dira publikoaren erantzunaren aldetik; izan ere, dagoeneko sarrera asko saldu dituztela azaldu dute. Horren harira, herritarrei jaialdian parte hartzeko deialdia egin diete: “Izen handiko taldeekin batera beste mota bateko ekimenak ere egiten direla ikustea gura dugu. Aurreko urteetan animatu diren askok errepikatu egingo dute; urtero itzel pasatzen dugu jaialdiagaz”.

HITZA

31 / 10 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0