Albisteak

Albistea

Namibiatik zehar lasterka

Julen Urdaibai korrikalaria Afrikan lastertuko da: bost egunetan 250 kilometro beteko ditu

Abentura eta kirola uztartuko ditu Namibeko basamortuan egiten den bakarkako frogan

 Bakarka, lasterka eta beharrezko duen guztia motxilan eramanda. Hala emango ditu Julen Urdaibai bermeotarrak bost egun, azaroaren 22tik 26ra, Namibeko desertuan lehiatzen den Desert Ultra 2019 iraupen luzeko frogan. Urdaibai ez da berria kontu hauetan, iraupen luzeko hainbat lasterketetan aritu izan baita azken urteotan, baina badu meritua: bost jardunalditan 250 kilometro egingo ditu, basamortuan zehar korrika. Bost hilabete eman ditu entrenamendu lanetan eta gogotsu ekingo dio erronka berriari. Dioenez, “hain gustoko” duena egingo du: “abentura eta kirola” uztartzen dituen lehiaketan aritzea.

Badu esperientzia luzea bermeotar lasterkariak, mundu zabaleko ultratrail deritzon frogetan aritua baita aspalditik. Eta mundu zabalean barrena. Amazonian, Alpeetan, Antartikan, Afrikako zenbait txokotan, Ipar Amerikan, Saharako basamortuan, Islandiako... hotz zein bero, Asian aritzea baino ez zaio falta. “Etorriko delakoaren” esperoan, Urdaibai azken entrenamendu fasean dabil burubelarri, “asko baitira zaindu beharrezko detaileak”. Entrenamendua, noski, berebizikoa da. “Baina baita Namibiara eramango ditudanak ongi prestatzea ere: materiala, janaria, botikina, bidaiak...”. Hala ere, badu urte luzeetako eskarmentua. Baina bere betiko filosofiari eutsiko diola aurrera-tzen du: “nire helburua ez da irabaztea, baizik eta pixkanaka hastea eta ahal bezain posturik onena eskuratzea. Kilometroek jartzen zaituzte zure tokian, ez indar biziz hasteak eta gero behera egiteak. Akats txikienek ere -oinetan baba batek, materiale gabeziak, indarrak ondo ez gordetzeak, behar bezala ez deskantsa-tzeak...- jokoz kanpo utz zai-tzakete, beraz onena zuhurtiaz jokatzea izaten da. Nire korri-tzeko era beti da berdina, nagoen lekuan nagoela. Buruarekin jokatzen dut, indarren arabera lasterketak jar-tzen baizaitu zure lekuan”. Kilometroek esaten diote Urdaibairi “non nagoen. Beti izan da horrela”.

Kirol esperientziaz aparte, Bermeoko korrikalariak beste sentimendu batzuk ere lantzen ditu lasterka ari den bitartean. “Ez da bakarrik korrikan aritzea. Esperientzia oso politak izaten dira eta horien bila ere joaten naiz. Abentura puntu hori oso gustoko dut;autosufiziente izateak ere garrantzitsua da. Jatekoa, lo egiteko sakua eta materialea nik eraman behar ditut eta antolakuntzak lo egiteko tokia eta ura eskaintzen digu, besterik ez. Ikuspuntu psikologikotik ere, gogorra izaten da. Hainbeste ordu bakarrik lasterka, buruari milaka buelta emateko aukera...”. Aurtengoan Namibian topatuko duena ondo aztertu du bermeotarrak. Izan ere 50 kilometrotako etapa bi egingo ditu, lehen bi egunetan. Hirugarren 40-45 kilometrotako tartean dago eta laugarrena, berriz, laburragoa izango da, 15 kilometrotakoa. “Baina azkenak 87 eta 92 kilometro lasterka aritzeak suposatzen du”, dioenez. Orduak eta orduak korrikan, “inoiz ez naiz halako tankerako lasterketan baten aritu. Baina estrategia argi dut: lasaitasunez hartzea. Kilometroek jartzen dute lasterkari bakoitza bere lekuan”.

Urdaibai Suediara joatekoa zen otsailean, bertan lehiatzen den distantzia luzeko froga baten parte hartzeko. Senitarteko batek izandako osasun arazoa zela medio, ezin izan zuen joan. Hala ere, etsi ez eta posible izan du datorren hilean Namibiara joatea eta pasio duen lasterketetan aritzea. Antolakuntzari “esker onez”, Gernmka-Lumoko San Fidel ikastetxean maisu ari den bermeotarrari Namibian korri-tzeko aukera eman diote. Baina oso argi du horrelako frogetan nola aritu behar den: iraupen luzeko lasterketak jarriko du bere lekuan. “Horrelako lasterketetan, ditugun baliabide urriak ondo kudeatu behar dira: janaria nola eta noiz jan, hidratazioa egoki mantendu, deskantsua, erropa... Detaile guztiak zaindu behar dira eta gero lasterketak jar dezala bakoitza bere postuan”, dioenez. Bost kiloko motxila prestatuko duela iragarri du, “egunerokoa bertan eramango dudalarik”. Julen Urdaibai prest da abentura berri baten bila Namibiara joateko.

DEIA

23 / 10 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0