Albisteak

Albistea

Tribisburuko nekropolia eta Mintegitxuko karobia ezagutzeko irteera egingo du Sollube 707 Mendizale Taldeak

Domeka goizean abiatuko dira bi gune horiek bisitatzeko. Juan Jose Cepeda Ocampo arkeologoak nekropoliari buruzko hitzaldia eskainiko du ekimenaren barruan.

Bermeoko inguruak ezagutzen izena jarri dioten ibilbidea egingo dute Bermeoko mendizaleek domekan. Udalerriko Sollube 707 Mendizale Taldeak eta Bermeoko Udalak antolatutako ibilaldiak kirola egin eta Bermeoko ondare kulturala ezagutzeko aukera eskainiko die herritarrei.

09:00etan Taraskan batuko direla adierazi dute taldeko ordezkariek, bertatik Tribisburuko Nekropolira abiatzeko. Helmugara heldu arteko bidea bi ordu eta erdian egitea aurreikusi dute.

Ibilaldi kulturala. Nekropolian, Juan Jose Cepeda Ocampo arkeologo eta Kantabriako Unibertsitateko Aintzinako Historiaren irakasleak ondare historikoaren inguruko azalpenak emango ditu bertaratzen direnentzako. Ibilaldia egin ezin dutenek 11:30ean hitzaldira zuzenean joateko aukera izango dute.

Domekan eguraldi txarra egiten badu, Cepedaren hitzaldia bertan behera geldituko dela aurreratu dute antolatzaileek. Tribisburu ezagutu ondoren, Bermeoko bi karobietako bat den Mintegitxuko karobia ere bisitatuko dute mendizaleek.

Ez da antzeko ibilbidea egiten duten lehen aldia. Martxoan ere bi gune horiek ezagutzeko ekimena egin zuten bermeokoek, baina eguraldiak ez zien lagundu orduko hartan, “euriari aurre egin behar izanez”.

Egitasmoan parte hartzea doakoa dela azaldu dute antolatzaileek. Gainera, Sollube 707koekin ibili nahi dutenek ez dute izenik eman beharko. Ibilbideari buruzko informazio gehiago jaso nahi duenak 676 62 01 95 telefono zenbakira deitu ahalko du.

 

HITZA

16 / 10 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0