Albisteak

Albistea

Pentsio duinak eta bidezkoak aldarrikatu dituzte Bermeoko pentsionistek

Goiko Plazan hasi eta Lameran bukatu da eguerdian egin duten manifestazioa. Alde Zaharreko kaleak aldarrikapen ohiuz zeharkatu ostean, komunikatu bat irakurri dute herritarren aurrean.

Bermeoko pentsionistak pentsio duinak eta bidezkoak aldarrikatzeko batu dira eguerdian herrian. Goiko plazatik hasi eta Alde Zaharreko kaleetan barrena ibili ostean Lameran amaitu dute manifestazioa. 100 bat lagunek parte hartu dute.

“Pentsionistak aurrera” eta “pentsio publiko eta duinak” oihukatuz, Bizkaiko Pentsionisten Mugimenduko aldarrikapenekin bat egiten jarraitzen dutela adierazi, eta manifestazioa bukatu aurretik bertan bildutakoek komunikatu bat irakurri dute. Irakurgaian, agintariek Europako Gizarte Gutuna “bete dezatela” eta lanbide arteko gutxieneko soldata 1.200 eurokoa eta gutxiengo pentsioa, berriz, 1.080 eurokoa izatea eskatu dute.

2011 eta 2013ko lan erreformen “alde atzerakoienak” indargabetu eta Espainiako Gobernuko ordezkariek KPIaren araberako errebalorazioa egiten jarraitu behar dutela esan dute bildutakoek, “pentsioen igoera automatikoa izatea” nahi dute, eta “pobrezia energetikoa erauzteko” neurriak har ditzatela aldarrikatu dute, beraiei eragiten dieten erabakietan zuzenean parte hartzeko eskaera eginez.

“Gizon eta emakumeen soldata eta pentsioen arteko arrakalak gainditu behar ditugu, alargunen pentsioen kasuan, bikoteari dagokion pentsioaren % 100 eman behar digute. Zigorrik gabeko aurre-erretiroa nahi dugu, baldin eta 40 urteko kotizazioa badugu”.

Udako etenaldiaren ostean, eskualdeko pentsionistak berriz hasi dira beraien aldarrikapenak ezagutarazteko batzen. Hala, Bermeon gaur egindako manifestazioan gogoratu dute irailaren 23tik aurrera astelehenero elkartuko direla 12:00etatik aurrera Goiko Plazan, udaletxearen aurrean.

HITZA

23 / 09 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0