Albisteak

Albistea

Bermeoko Udala emakumeen eta gizonen arteko berdintasun udal plana egiten ari da

Orain egoeraren diagnostikoa egiten ari da eta horretarako herritarrak www.bermeo.eus webgunean dauden galdetegiak erantzutera animatu ditu

 

 

Gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna Udalaren helburu izanik, Bermeoko Udala emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna plana egiten ari. Horretarako, momentu honetan gaur eguneko egoeraren diagnostikoa egiten ari da eta, lan hori egiteko, herritarrek berdintasunaren inguruan duten ikuspegia jaso gura nahi da. 

Horrela, herritarrei zuzenduta galdetegi batzuk jarri dira webgunean eta, Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak, herritar guztiak galdetegi horiek betetzera animatu ditu maiatzaren 14tik 27ra; izan ere, “berdintasuna lortzeko eta jendartea eraldatzeko guztion inplikazioa beharrezkoa dugu”. Galdetegi horiek www.bermeo.eus webgunean Berdintasuna saretzen izeneko kutxan ikusi eta bete ahal  dira:  ( https://goo.gl/forms/wkzlfhKER7otB8aF2 eta https://goo.gl/forms/AwLicwSjo8fHv5TA2)

Bidegurenek azaldu duenez, “genero-ikuspuntua txertatzea, nazioartean eta Europan gomendatzen den lan-estrategietako bat ez ezik, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko euskal herri-aginteen jarduera zuzendu eta orientatu behar duten printzipio orokorretako bat ere bada”.

Hori dela eta, azpimarratu duenez, Bermeoko Udalak “beste bultzada bat eman gura dio emakumeen eta gizonen berdintasunari”. Horretarako, bere esanetan, “lehenik eta behin, gaur eguneko egoeraren diagnostikoa egiten ari gara; hau da, berdintasunaren inguruan orain arte egindako lana ebaluatu, eta gaur eguneko egoera aztertu”.

Berdintasuna saretzen

Horrekin batera, nabarmendu duenez, “Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Udal Plana egingo dugu, ‘berdintasuna saretzen’ deitu dioguna”. “Berdintasun Planean jasoko dira, batetik, hurrengo urteetan berdintasunaren alorrean jorratu nahi diren helburuak, eta, bestetik, helmuga horietara heltzeko zehaztutako ekintzak”, azaldu du Bermeoko alkateak.

Hori guztia egiteko, esan duenez, Udalari eta udalerriari buruzko datuak eta informazioa bildu dira eta Bermeoko talde feministekin eta emakumeen taldearekin batzar batzuk egin dira. “Horrekin batera, Udaleko langileek eta herritarrek berdintasunaren inguruan duten pertzepzioa eta ikuspegia ere jaso gura dira”, gaineratu du.

Horretarako, Udalak galdetegi bat jarri du bere webgunean eta  hori herritar guztiek bete ahal izango dute, maiatzaren 14tik 27ra bitartean, eta emandako erantzunak erabat anonimoak izango dira. “Galdetegiaren bidez jasotako informazioa oso baliagarria izango da berdintasunak gaur Bermeon daukan tokia ezagutzeko eta aurrera begirako erronkak zehazteko”, esan du Bidegurenek. Horrela herritarrak galdetegi horiek betetzera animatu ditu “guztion proposamenak eta parte-hartzea ezinbestekoak direlako”.

Gainera, jakinarazi duenez, bi saio ireki egingo dira herritarrekin. Lehenengoan, diagnostikoa aurkeztu eta herritarren ekarpenak jasoko dira. Bigarrenean, ostera, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Udal Plana landuko da, herritarrekin batera.

“Lan horiek guztiak amaitutakoan, Bermeoko Udalak herritar guztien arteko berdintasuna bermatzeko eta emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako borrokan tinko jarraitzeko oinarri-oinarrizkoa izango den baliabide bat edukiko du: Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Udal Plana”, azpimarratu du.

 

 

 

 

14 / 05 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

Certified iqnet management system AENOR. Empresa registrada bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0