Prensa

Prensa

Bermeoko XXV. Arrain Azoka inauguratu da emakumeen lana goraipatuz arrantza munduan

Adin guztietarako eskaintza zabala izango dugu igandera arte Bermeoko Arrain Azokan, itsas arrantza munduaren erakusleiho garrantzitsuenean

Bermeoko XXV. Arrain Azoka gaur inauguratu da, eta emakumeen lana goraipatu du Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak. Ildo horretan, batetik, gaur inaugurazio ekitaldian Hegaluze Saria jaso duen Erroxape emakume taldeak egindako lana balioan jarri du alkateak, eta, bestetik, Bermeoko arrantza munduan sareginek, neskatilek, arrain saltzaileek, freskerak eta kontserba lantegietako emakumeek egindako lana aitortu du. “Arrantza munduaren eta herri honen sostengua izan zarete”, esan die Bidegurenek.

Idurre Bidegurenek Bermeoko XXV. Arrain Azoka inauguratu du, eta berarekin batera egon dira Josu Erkoreka, Eusko Jaurlaritzako bozeramailea; Leandro Azkue, Arrantza eta Akuikultura zuzendaria; Unai Rementeria, Bizkaiko Ahaldun Nagusia; Ana Otadui, Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria, hainbat herritako alkateak, Bermeoko Udaleko zinegotziak, eta enpresa eta erakundeetako ordezkariak, besteak beste.

Aurten Hegaluze Saria Arrain Azokak bezala 25 urte bete duen eta urte horietan guztietan Bermeoko Arrain Azokan lagundu duen Bermeoko Erroxape emakume taldeak jaso du eta alkateak zorionak eman dizkie “bihotz bihotzez merezitako sariagatik”.

“Bermeoko hainbat andrek Erroxapen aurkitu dute askatasuna, gauza berriak ikasteko gogoa, norbere gaitasunak ateratzeko lekua, herriko hainbat ekimenetan parte-hartzeko aukera eta bizitza honetan behar-beharrezkoak diren momentu umoretsuak. Zuok konturatu barik, feminismoa eta, bereziki, emakumeen ahalduntzea lantzen ibili zarete urte guzti hauetan”, nabarmendu du Bidegurenek.

Era berean, Bermeoko arrantza munduari eta itsasoari lotutako emakumeen lana goraipatu du; izan ere, bere esanetan, “arrantza munduak identitate eta ondare baliotsua eman digu eta hori aitortzerakoan urte askotan ezkutuan utzi ditugu, sareginak, neskatilak, arrain saltzaileak, freskerak eta kontserba lantegietako emakumeak”.

“Eurak barik Bermeoko arrantza mundua, Bermeoko herria eta arrain azoka hau ere ezberdinak izango ziren”, adierazi du. Beraz, bere “aitortzarik zintzoena” egin die Arrain Azokaren 25. Urteurrenean, “urte askotan bigarren lerro batetik lan egin duten emakume horiei. Arrantza munduaren eta herri honen sostengua izan zarete”.

BTWC

25 urtetan Arrain azokaren ibilbidea “oparoa” izan dela gogoratu du alkateak eta hori “lortutako sare interesgarrian islatzen dela”. Bermeo atunaren munduan herri erreferentea izanik, joan den urtean Bermeo Tuna World Capital elkartea sortu zela gogoratu du eta, “iraunkortasunaren bidetik, aukera ekonomikoak sortzeko, ingurumena zaintzeko eta gure identitatea balioan jartzeko” lan egiten ari direla.

Ildo horretan, BTWC elkarteak eskuartean dituen proiektuak aipatu ditu: “sukaldari eta adituen foruma prestatzen ari gara, atun-ontzien sareak berrerabiltzeko ekonomia zirkularreko proiektu bat martxan dago jadanik, atun-ontzien eragina ekonomikoki eta sozialki aztertzen gabiltza, atunen markajeak egiteko kirol arrantzako ekimen bat prestatzen gabiltza, Nazio Batuen erakundean 2020-2030 ozeanoen hamarkadako proiektuen artean egoteko prestakuntza lanetan gabiltza eta beste hainbeste ideia gorpuzten gutxi gutxika”.

Horrez gain, udan Bermeon martxan jarriko den produktu turistiko erakargarri baten berri ere eman du, atunaren munduko hiriburua ezagutzeko ibilbide turistikoa, hain zuzen ere. Horren barne, honakoak eskainiko dira: Gaztelugatxera bisitak, kontserba lantegietara bisitak, Arrantzaleen museora bisita eta kofradiara bisitak, baxurako arrantza ezagutzeko sareginen eta neskatilen eskutik . Era berean, parte hartzaileek gure kostaldea ezagutzeko Hegaluze itsasontzian itsas ibilbideak egingo dituzte eta atunaren pintxoak dastatuko dituzte gure tabernetan.

Enpresak euskararekin

Azkenez, aipamen berezia egin dio Bermeoko identitate euskaldunari. Bere esanetan, “Euskal Herrian gaur egun daukagun erronka euskarari bere lekua ematea da, munduari egiten diogun ekarpena aberasgarria baita”. Ildo horretan, gogoratu duenez, 2019- 2020rako Euskaraldiaren barne, Bermeoko enpresa garrantzitsuenetarikoak euren prestutasuna erakutsi dute ahobizi eta belarriprest eremuak izateko ahalegina egiteko eta euren enpresetan hizkuntza praktika berriak bultzatzeko pausoak ematen jarraituko dutela adierazi dute.

Euren artean Arrain Azokan presente dauden Echebastar, Garavilla, Albacora, Royo, Toja, Urdaibai kontserbak, Cusumano, Arroyabe Kontserbak, Salica, Zallo eta Serrats aipatu ditu. Enpresa horien “erantzukizun soziala” txalotu du alkateak “konpromiso hau gure hizkuntzaren iraunkortasuna bermatzeko salto kualitatibo bat izan ahal delako”.

“Gure enpresak, gure paisaiak, gure ingurumenak, gure kulturak eta gure hizkuntzak urte askotan iraungo du, danon artean jositako eta kresalez bustitako sare honi esker. Izan zirelako gara eta garelako izango dira. Filosofia horrekin guztiok egiten ditugun ekarpenei esker heldu gara indartsu 25. Urteurren honetara”, azpimarratu du Bidegurenek.

Ozeanoen sinbologia

Arrain Azokari hasiera emateko ozeanoen sinbologia erabili da eta bertan Arrain Azokaren antolakuntzan sortutako sareak eta elkarlana eszenifikatu dira. Horrela, ozeanoen urak jaurti dituzte Juan Karlos Goienetxeak, orain dela 25 urte Arrain Azoka hasi zenean alkate izandakoak; Enrique Bediagak enpresa eta arrantza munduaren ordezkariak, Ainhoa Arenalek, Alkartasuna dantza taldeko kideak, herriko kultur eta kirol taldeen izenean; Mari Tere Aguinagak, Erroxapeko taldeko kideak, boluntarioen mugimenduaren izenean, eta Bego Gangoitik Arrain Azokaren ordezkari moduan. Horrez gain, inaugurazio ekitaldian Matxalen Bilbao dantza garaikidean erreferentea den bermeotarraren ikuskizunarekin gozatu dute.

“Arrain Azokan aukera izango dugu gure produktuak dastatu, ezagutu eta erosteko, itsasoaren munduan murgiltzeko eta hori zaintzearen garrantzia ezagutzeko, jai giro paregabean, eta adin guztietarako pertsonentzako ekintzekin”. Horrela bada, alkateak pertsona guztiak gonbidatu ditu asteburu honetan Bermeora.

Bermeoko Arrain Azokaren programa ikusi hemen: www.bermeo.eus/fileadmin/bermeokoudala/doc_bermeo/Nabarmenbiratu/ARRAIN_AZOKA_EU_Z.pdf

 

 

17 / 05 / 2019

Otras noticias

  • Citas
  • Volante de empadronamiento
  • Volante de convivencia
  • Expedientes económicos
  • Deporte on-line
  • Recibos de basura
  • Multas
  • Matrículak
  • Plusvalías
  • Tributos municipales

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0