Albisteak

Albistea

Bermeoko Arrain Azokak, 25. urteurrenean, adin guztietarako eskaintza zabala eskainiko du bihar, barikuan, zapatuan eta domekan

• BTWC izeneko karpa erraldoian ikerketen emaitzen aurkezpena, tailerrak eta Albacorako atunontziko sukaldariek sukaldaritza erakustaldiak eskainiko dituzte.

 

• Gure ondarea den Ortube itsasontzia bisitatu ahal izango da boluntarioek egindako lana ikusteko eta Corrado Conomiren artista italiarraren erakusketa izango dugu Kofradia zaharrean.

 

• Bela irteerak, umeentzako tailerrak, kontserbetara eta nautika eskolara bisitak, arrain salmenta itxurak, Hegaluze itsasontzian irteerak eta jai giro izugarria izango dira, bestea bestek, Bermeoko arrain azokan.

 

• Kofradi zaharrean atun errea jateko aukera izango dugu helburu solidarioekin eta #Bermeotunaminbiziarenkontra kanpaina solidarioa abiarazi da.

Bermeoko Arrain Azokak bere 25. urteurrena ospatuko du. Bihar, barikuan, hasiko da eta asteburu guztian, maiatzaren 17, 18, eta 19an, hain zuzen ere, adin guztietarako programa zabala eskainiko du. Eskaintza horretan Bermeo Tuna World Capital proiektuak, jasangarritasunak eta elkartasunak presentzia garrantzitsua izango dute. Horrela, herritar eta herriko elkarte, erakunde eta enpresa ezberdinen parte hartzeari esker, Bermeoko itsas ondare kulturalaren eta gastronomikoaren eta enpresa munduaren erakusleiho paregabea izango da Bermeoko Arrain Azoka.

Iazko Arrain Azokan aurkeztutako Bermeo Tuna World Capital (BTWC) proiektu estrategikoaren izena duen 300 metro karratuko karpa egongo da Lameran. Bertan, tradizioak eta berrikuntzak bat egingo dute eta ume, gazte zein nagusiek ikasteko eta gozatzeko aukera izango dute. BTWCen karpan izango dira PIE-EHU, Eroski, Urdaibai Bird Center, AZTI, Aranzadi, Foro Marítimo, Hazi, Urdaibaiko Patronatua eta azokako enpresak eta hainbat gauza berri ezagutzeko aukera izango dugu.

Esate baterako, Albacora atunontzietako sukaldariek itsasontzi batean egunero zelan sukaldatzen duten erakutsiko dute eta prestatutako jatekoa Kofradi Zaharreko elkartasun gunean jateko aukera egongo da. Gogoratu behar da, Albacora atun-ontzietako sukaldariek Arrain Azokaren 1. Edizioan parte hartu zutela eta aurten 25. urteurrena ospatu nahi izan dute, “atun-ontzien parte hartzea Arrain Azokan garrantzitsua delako”.

Era berean, jasangarritasunarekin eta gure ingurumenaren zaintzarekin daukagun konpromisoaren barne hainbat proiektu aurkeztuko dira BTWC gunean hiru egunetan: EHUko Itsas Biologia eta Bioteknologia Esperimentalaren Ikerketa Zentroak, hau da, Plentziako Itsas Estazioak (PIE) tailerrak izango ditu, Urdaibai Bird Center-ek ‘Hegaztiak Bermeoko portuan, nondik datoz?’ hitzaldia eskainiko du, Aztik itsasoko zaborrei buruzko tailerra eskainiko du, ‘Zero Plastiko Urdaibai’ ekimena aurkeztuko da, eta Aranzadi elkarteak Izaro irlan hegaztiei buruz egindako ikerketaren berri emango du, besteak beste.

Gainera, aurten, bigarren urtez, Urdaibaiko Erreserba biosferaren jasangarritasunaren alde egindako apustuaren barne, Arrain Azokak ‘Erronka Garbia’ ziurtagiria izateko konpromisoak hartu ditu, ingurumenean duen inpaktua murrizteko helburuarekin.

Bestalde, BTWC gunean, Eroskik elikadurarekin zerikusia duten tailerrak eskainiko du, Bertonek ‘umeak arrainekin’ izeneko tailerrak izango ditu eta Bostalek, Bermeoko ostalaritza elkarteak, beste tailer bat eskainiko du. Serrats eta BTWCek antolatutako ipuin lehiaketaren sari banaketa ere bertan izango da, besteak beste. Horrez gain, BTWC gunean 25 urte betetzen duen Izaro abesbatzaren emanaldia ikusteko aukera izango dugu.

Bestalde, Bermeoko Arrain Azokaren barne, maiatzaren 18an, zapatuan, umeei zuzendutako eskulan tailerrak izango dira Bekoportalan. Tailerrak adin ezberdinetako umeei zuzenduta egongo dira: 11:00etatik 11:45era 5 urteko umeei, 12:00etatik 12:45era 4 urteko umeei eta 13:00etatik 13:45era hiru urteko txikiei.

Elkartasuna eta Kofradia zaharra

Aurten, hirugarren aldiz eta joan den urtean izandako arrakasta kontuan hartuta, Bermeoko Kofradia Zaharrak ateak irekiko ditu eta, bertan, atuna erreta eta marmitakoa jateko aukera egongo da. Gainera, aurreko edizioetan bezala, helburu solidarioak izango ditu, eta lortzen den dirua osasun arazoak dituzten umeen familiei laguntzera bideratuko da.

Baina hori ez da Bermeoko Arrain Azokak hartuko duen ekimen solidario bakarra; izan ere, aurten lehenengo aldiz, Bermeoko Arrain Azoka Elkarteak eta Bermeo Tuna World Capital ekimenak, Minbiziaren Aurkako elkartearekin eta Cic BioGunerekin batera, minbiziaren aurkako ikerketaren aldeko kanpaina bat martxan jarri dute.

Parte hartu nahi duten pertsonek atuna jaten argazki bat egin behar dute eta sare sozialetara igo (instagram, facebook edo twitterrera) #Bermeotunaminbiziarenaurka edota #Bermeotunacontraelcáncer hashtag-arekin. Igotako argazki bakoitzagatik BTWC-ek euro bat bideratuko du Minbiziaren Aurkako Elkartera, Bizkaiko CIC Biogune-Ciberehd zentroak atunaren kontsumoak gibeleko minbiziaren prebentzioan dituen onurak aztertzeko egingo duen ikerketa finantzatzeko.

Gainera, era ludiko batean jendeak atuna jaten argazkiak ateratzeko photocall-ak izango dituzte arrain azokaren hainbat eszenatokitan, besteak beste, Kofradia Zaharreko elkartasun gunean eta pintxoak jateko gunean. “Animatu eta parte hartu kanpaina solidario honetan!”

Bestalde, Lameran karpa txiki bat egongo da eta bertan era ezberdinetako jatekoa ematen duten hiru stand kokatuko dira: “Gastronorte” gure produktuekin egindako arrain pintxoak eta txakolina izango duena; Camus, arrain kontserba eta itsaskiz egindako enpanadak eskainiko dituena, eta Rue del Percebe, lanpernak, izkirak, magurioak, nekorak, lanperna-kroketak eta lanperna-izozkia dastagai izango dituena”.

Era berean, aurtengo Arrain Azokan 21 erakustoki egongo dira. Horietan enpresek eta erakunde ezberdinek haien produktuak eskainiko dituzte herritarrek eta bisitariek dastatzeko eta erosi ahal izateko, eta, horrez gain, arrantza mundua erakutsiko dute.

25 urte hauetan beti Bermeoko Arrain Azokaren helburua izan da gure itsas ondarea eta tradizioak zaintzea eta erakustea eta horretarako hainbat ekimen antolatu dira Arrain azokako egun guztietan: arrain salmenta itxurak data hauetan bakarrik ikus daitezkeenak, irtenaldiak Hegaluze itsasontzian eta Arrantzaleen Museora sarrera dohainik.

Corrado Bonomiren erakusketa eta Ortube itsasontzira bisitak

Gainera, aurten Corrado Bonomi artista italiarrak atun latekin egindako arte-lanen erakusketa ere izango dugu Kofradi Zaharrean, elkartasun gunean, hain zuzen ere. Ortuberen Lagunak elkarteak, Ortube itsasontzian ate irekien jardunaldiak antolatu ditu maiatzaren 18an, zapatuan, 10:00etatik 14:00etara gure ondarea den Ortube itsasontzia bisitatzeko eta pertsona guztiek boluntarioek egindako lan izugarria ikusi ahal izateko.

Ildo berean, barikuan 17:00etan Galerna elkarteak antolatuta, umeei portu barruan belaontzian nabigatzeko aukera eskainiko die. Irteera Izotz fabrika aurretik izango da.

Aurten bigarren aldiz Nautika eskolak ateak zabalduko ditu barikuan eta zapatuan, Nautika eskolako nabigazio simulagailura eta planetariuma bisitatu ahal izango dira 11:00etan eta familientzako korapilo tailerrak izango dira. Horrez gain, Arroyabe kontserba lantegia bisitatzeko aukera egongo da barikuan 11:00etan eta 12:00etan.

Ildo berean, gaur, maiatzaren 16n, eguenean, Robert Ugaldek ‘El subsector atunero en cifras, 2011-2017’ hitzaldia eskainiko du Bermeoko Arrantzaleen Museoan.

Jai giro paregabea

Arrain Azokaren inguruan antolatutako ekimen kulturalak ere asko izango dira eta herriko kultur taldeen inplikazioari esker, Bermeon 17, 18 eta 19ko asteburuan “jai giro paregabea izaten dugu, “fanfarreak, dantzak, danborradak, txistulariak, trikitilariak, erraldoiak eta gaiteroekin herria alaitzea lortuko baitute”.

Habanerak ere izango dira Frontoian larunbatean, Radio Nervionek antolatuta, aurten ere iluntzeko 20:00etan izango dira, iazko moduan. Larunbatean, 11:00etan Batelen estropada VI. Arrain azoka banderea egingo da eta 13:30ean sari banaketa kioskoan.

Bermeoko Arrain Azokako erakustokiak bihar, ostiralean, goizeko 11:00etatik aurrera bisitatu ahal izango dira, eta inaugurazio ekitaldia 12:30ean hasiko da BTWC espazioan eta, bertan, Hegaluze saria emango zioa Erroxape emakume elkarteari eta Arrain Azokari hasiera ofiziala emango zaio.

Eusko Trenek tren zerbitzu bereziak eskainiko ditu arrain azokaren egunetan eta Bermeon Matxikorta, Landabasoko Poligonorazko bidean, eta Udal Azokako parkingean ere aparkatzeko aukera egongo da. Gainera, aurten Erronka Garbia proiektuaren barne, mugikortasuna hobetzeko helburuarekin, Bermibus zerbitzua eskainiko da asteburu osoan, Arrain azokako ordutegian.

Azokaren ordutegia honakoa izango da: 11:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 21:00etara izango da ostiralean eta larunbatean eta 11:00etatik 15:00etara igandean.

Bermeoko alkateak, Idurre Bidegurenek, gogoratu duenez, “Arrain Azoka herriko jai garrantzitsuenetariko bat bilakatu da bermeotarrontzat eta baita ere bisitatzen gaituzten guztientzat, eskaintzen duen giroak eta berrikuntzek jende asko erakartzen baitute; izan ere, gure produktuak, enpresak eta herria ezagutzeko eta, aldi berean, jai giroaz disfrutatzeko aukera paregabea eskainiko du Bermeok maiatzaren 17, 18, eta 19an”. “Erdu eta gozatu”

Programa osoa Bermeoko Udaleko web gunean (www.bermeo.eus) eta Bermeoko turismoko webgunean (www.bizibermeo.eus) eta sare sozialetan (Arrain Azoka eta Bermeoko Udala).

 

16 / 05 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0