Prensa

Prensa

Ginkana eta bizikleta ibilaldia Bermeoko V. Bizikleta Egunean apirilaren 3an, domekan

 

Bermeo Txirrindularitza taldeak eta Udalaren Kirol Patronatuak antolatuta, Bermeoko V. Bizikleta Eguna izango da domekan, apirilaren 3an, eta horren barne ginkana eta bizikleta ibilaldia egingo dira. 

Irune Ormaetxeak, Kirol Saileko zinegotziak, eta Ibon Gondrak, Bermeo Txirrindularitza taldeko ordezkariak, Bermeoko V. Bizikleta Eguna aurkeztu dute gaur egindako prentsaurrekoan. 

Bertan azaldu dutenez, Bermeoko V. Bizikleta Egunari hasiera emateko, goizeko 10:30ean ginkana bat egingo da Lameran, LH1etik DBH 4ra arteko ikasleei zuzenduta. “Bertan hainbat poste jarriko dira partaideek euren abileziak agertzeko eta gaztetxoek sigi-sagan edo/eta esku batekin ibiltzeko edo zubia pasatzeko aukera izango dute”, azpimarratu dute. 

Ondoren, adierazi dutenez, 12:30ean, Lameran bizikleta ibilbideari hasiera emango zaio, 7 kilometroko ibilbideari, hain zuzen ere. Adin guztietako herritarrek parte hartu ahal izango dute izaera herrikoia eta soziala duen ibilbide honetan. 

Ormaetxeak eta Gondrak gogoratu dutenez, ekintza bietan ezinbestekoa da kaskoa eramatea eta parte hartzeko izena eman behar da egunean bertan Lameran, kiosko inguruan egongo den gunean. “Izena ematea euro bat izango da eta parte-hartzaile bakoitzari bere eskumuturrekoa emango zaio ginkanan edo/eta bizikleta ibilaldian jarri beharrekoa”, aipatu dute . 

Euren esanetan, Bermeoko Udalaren Kirol Patronatuak eta Bermeo Txirrindularitza taldeak antolatutako Bizikleta Egunaren helburuak dira “herritarrak kirol jardueraz sentsibilizatzea, kirola Bermeoko kaleetan ikustea eta batez ere sentitzea,  eta kirola herritarrei hurbiltzea adin guztietara zuzendutako ekintza herrikoiak bultzatuz”. “Horrela, kirola ez dela federatuen gauza bakarrik, denona dena eta denok parte hartu ahal dugula adierazi nahi da ekimen honekin”, gaineratu dute. 

Ormaetxeak eta Gondrak gogoratu dutenez, iazko bizikleta egunean 220 pertsonek parte hartu zuten eta herritar guztiak V. Bizikleta Egunean parte hartzera animatu dituzte, “kirola egiteko eta ondo pasatzeko aukera paregabea izango delako”. Informazio gehiago jaso nahi dutenek Bermeoko Araneko kiroldegiko bulegoan edo www.bermeo.eus web gunean eskuratu ahal izango dute.

 

29 / 03 / 2016

Otras noticias

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0