Albisteak

Albistea

Asteburu honetan hasten da Bermeoko XXX. Nazioarteko Musika Astea

 

Asteburu honetan hasiko da Bermeoko XXX. Nazioarteko Musika Astean eta horrela hainbat estilotako sei kontzertu entzun ahal izango dira abuztuaren 1etik 7ra. Horrela, besteak beste, Benito Lertxundi, Gaudeamus Korala, Miquel Bofill Sax Quartet eta Bilbao Orkestra Sinfonikoaren  kontzertuekin disfrutatzeko aukera paregabea eskainiko die 30 urte betetzen dituen Bermeoko Musika asteak bertaratzen diren guztiei. 

Kalitatezko aukera zabala eskainiko du Bermeoko XXX. Nazioarteko Musika Asteak eta bere eszenatoki izango dira  Santa Maria eliza, Bermeoko Kafe Antzokia eta Artza Frontoia.  

Bermeoko XXX. Nazioarteko Musika Astea abuztuaren 1ean, zapatuan, Benito Lertxundiren kontzertuarekin hasiko da Artza Frontoian gaueko 22:00etan. Kontzertu honetan Benito Lertxundik bere azken diskoa ‘Oroimenaren oraina’ aurkeztuko du. Horrez gain, ikusleentzat ezagunak diren abestiak eskainiko ditu. Benito Lertxundik ia 20 disko kaleratu ditu 1974. urtetik, eta ikuslego oso fidela dauka. 

Benito Lertxundiren kontzerturako sarrerak salgai daude Gizarte eta Kultur etxean ostegunera arte eta egunero Kutxanbank-eko orotarako kutxazainetan eta www.kutxabank.es. 18 euro dira aurretiaz erosita eta egunean bertan, hau da, abuztuaren 1ean, 20 euro.  Frontoiko leihatila arratsaldeko 20:00etan irekiko da.  

Bigarren kontzertua abuztuaren 3an, astelehenean, Santa Maria Elizan izango da arratsaldeko 20:00etan eta, horretan, Gernikako Gaudeamus korala izango dugu. Talde honek lan berezi asko prestatu ditu, operak eta antzerki musikalak barne. Horrez gain, txapelketa ugarietan parte hartu du, sari ugari irabaziz. Esate baterako, joan den astean Torreviejako Habanera eta Polifoniaren Nazioarteko Lehiaketan sari nazionala irabazi zuen. Lehiaketa honetan Gaudeamus koralaren zuzendaria den Julia Foruriak Zuzendaritza hoberenaren saria irabazi du.  

2014. urtean, bere 20. urteurrenean, “Damen kantak” programa berezia prestatu zuen eta hori eskainiko du Bermeon. Lehenengo zatian, 6 “Ave Maria” ezberdin abestuko dituzte eta, bigarren zatian, XX. mendeko hainbat abesti eskainiko dizkigute. Gernikako taldea izan arren, 10 bat gazte bermeotar daude. Sarrera dohainik da.  

Abuztuaren 4an, martitzenean, 20:00etan, Santa Maria elizan Bartzelonatik etorritako Miquel Bofill Sax Quartet izango da, ez ohiko formazioan, lau saxofoiekin, hain zuzen ere. Esperientzi handiko taldea da eta kontzertu ugari eman ditu talde honek mundu guztian. 1982an Bartzelonako “Sax Quartet” taldea sortu zen eta 2010ean “Miquel Bofill sax quartet” izenagaz berragertzen da. 

Bere kideak dira Miquel Bofill, saxofoi sopranoa eta zuzendaria; Rosa Rodriguez, saxofoi altua, Jose Antonio Guillem, saxofoi tenorea eta Victor Bejar, saxofoi baritonoa. Kontzertu honen sarrera ere doan da.  

Edith Piaf kantariari omenaldia

Asteazkenean, abuztuaren 5ean, 20:00etan Bermeoko Kafe Antzokian Edith Piaf kantariari omenaldi bat eskainiko diogu, bere jaiotzaren mendeurrenean. Horretarako,  Edith Piaf hirukoteak, “Erase una voz. Edith Piaf: cien años de leyenda” ikuskizun berezia eskainiko du.  

Ysi Kalima abeslariak eta Luis Notario Ibarrola piano-joleak, narratzaile baten laguntza izango dute kontzertuan. Abeslariaren errepertorioa entzungo da frantsesez eta bere bizitzaren pasarteak euskaraz ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen direnek, argazki eta bideo proiekzioekin lagunduta. Kontzertu honen sarrera bost euro da eta salgai dago Gizarte eta Kultur etxean, Kutxanbank-eko orotarako kutxazainetan eta www.kutxabank.es

Hurrengo egunean, abuztuaren 6an, ostegunean, beste kontzertu berezi bat izango da Bermeoko Kafe Antzokian (20:00), Parisen sortutako “Duo Catalicia” taldearen eskutik. Angel Alvarez Safont eta Ana Perez Ventura piano-joleek, “Viaje a cuatro manos, España-Buenos Aires-Nueva York” programa 4 eskuetara eskainiko dute.  

Bertan, Katalunia eta Galiziako musika, Andaluziakoa eta gero, Argentina eta Nueva Yorkeko hainbat abesti ezagun entzuteko aukera paregabea izango du publikoak. Kontzertu honen sarrera bost euro da eta salgai dago Gizarte eta Kultur etxean, Kutxanbank-eko orotarako kutxazainetan eta www.kutxabank.es

Musika asteari amaiera emateko Bermeon abuztuaren 7an, ostiralean,  Bilbao Orkestra Sinfonikoa izango da Santa Maria elizan arratsaldeko 20:00etan. Bermeon 45 musikari inguru izango dira Txaber Fernández Martineren zuzendaritzapean eta Vanessa Goikoetxea sopranoaren ahotsa entzuteko aukera izango dute bertaratzen diren guztiek. Kontzertu hau dohainik izango da.            

Horrela,  Bermeoko Udalak pertsona guztiak gonbidatu ditu kontzertu hauetan parte hartzera eta musikarekin gozatzera.

 

 

29 / 07 / 2015

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0