Albisteak

Albistea

Bermeoko kaleetatik euskal kantak abesten joateko 'Kanta kanta lorue' ekimena martxan jarriko da bihar

Bermeoko kaleetatik euskal kantak abesten joateko ‘Kanta kanta lorue…’ ekimena martxan jarriko da bihar, barikuan, ekainaren 26an. Hortaz, abesteko gogoa duten pertsona guztiek bihar Goiko Plazan arratsaldeko 20:00etan hitzordua dute.  

Bertan 20 euskal kanten letrak banatuko zaizkie bertaratzen diren guztiei edo bestela QR kodigo baten bidez ordenagailu edo telefono mugikorraren bidez deskargatu ahal izango dira.Goiko plazatik irtenda Bermeoko kaleetatik ibilbidetxo bat egingo dute euskal kantak abestuz eta Bermeoko giroa alaituz.

Ekimen hau Jai Batzordeak eta herriko taldeek antolatu dute eta hainbat barikutan errepikatuko da, uztailaren 24an eta abuztuaren 28an, hain zuzen ere.  

Izan ere, Jai Batzordean Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaien programan euskal kantak herriko kaleetatik abesten joateko ekimena burutzea proposatu zen. Hau onartuta ekimen hau prestatzeko, udan zehar hainbat saio egitea proposatu zen. Horretan lanean jarri eta bihar hasiko den ‘Kanta kanta lorue…’ ekimena da horren emaitza. Gainera ekimen alai eta polit hau uztailaren 24an eta abuztuaren 28an errepikatuko da.  

Antolatzaileek azpimarratu dutenez, ‘Kanta kanta lorue…’ irekia da eta nahi duten pertsona guztiek parte hartu ahal dute, “abesteko gogoa izatea da baldintza bakarra”. Hortaz, herritar guztiei ‘Kanta kanta lorue’ ekimenean parte hartzera gonbidatu die “elkarrekin geure euskal kantak abesteko eta ondo pasatzeko, herrian ere giro paregabea sortuz”.  

Jai liburuan artikuluak idazteko deialdi publikoa 

Bestalde, Bermeoko Udalak gogoratu duenez 2015eko Andra Mari eta Santa Eufemiako jai liburuan argitaratuko diren artikuluak edo lanak idazteko eta argitaratzeko deialdi publikoa egin du lehenengo aldiz. Hortaz, euren lanak aurkeztu nahi dituztenek Kultur etxeko Kultura eta Hezkuntza Sailean edo e-mailez (kultura@bermeo.org) aurkeztu ahal izango dituzte ekainaren 29ra arte.

Oinarriak eta informazio gehiago www.bermeo.eus web gunean, ekimenak atalean. “Bermeotar guztiei zuzendutako ekimena da, eta herri mailako sorkuntza, berrikuntza, tradizioa, kultura eta jakituria bultzatzea eta zabaltzea da helburua, sortzaileei euren lanak ezagutarazteko aukera emateaz gain”, azaldu du Bermeoko Udaleko Kultura Sailak.

 

 

25 / 06 / 2015

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0