Albisteak

Albistea

Bideguren: "Udal Gobernuaren kudeaketa ekonomikoa oso ona izan da, diruzaintza egoera hobetzea eta zor gehienak ordaintzea lortu dugu"

 

“Gure kudeaketaren ondorioz, hornitzaileek, banketxeek eta erakunde publikoek Udalean duten konfiantza maila handitu da”, adierazi du Bermeoko alkateak 

Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak, Bermeoko Udal Gobernuak legealdian egindako kudeaketa ekonomikoa “oso ona” izan dela adierazi du. Izan ere, horri esker, besteak beste, “diruzaintzako egoera hobetu da, aurreko urteetako zor gehienak ordaindu dira eta hornitzaileek, banketxeek eta erakunde publikoek Bermeoko Udalean duten konfiantza maila handitu da”, azaldu du.  

Bere esanetan, legealdi “oso zaila” izan da eta, “2011n aurkitutako egoeraren ondorioz, oraindik zailagoa, baina sarrera gutxiagorekin eta oinarrizko zerbitzuak mantenduz , egoera horri buelta emateko gai izan gara”. “Pozik gaude egindako kudeaketarekin, gure ustez, oso positiboa izan da eta horrela erakusten digute gaur ezagutzera ematen ditugun  datu ekonomikoek”, gaineratu du.  

Bidegurenek adierazpen hauek Osoko Bilkura ostean egin ditu Gaizka Gabantxo Ogasun zinegotziarekin egindako prentsaurrekoan. Bertan, 2014. urteko ekitaldia “positiboa” izan dela nabarmendu du “ikuspuntu ekonomiko eta finantziero batetik”. “2014erako 16,2 milioiko aurrekontua planteatu genuen, azkenean 19 milioiko sarrerak izan ditugu eta 17,2 milioiko gastuak egin dira, hau da, ahal izan dugunaren %90a”, esan du.  

2014ko aurrekontuaren eta diruzaintzako gerakinaren emaitza positiboa  

2014. urteko udal eta erakunde autonomoen aurrekontuaren eta diruzaintzako gerakinaren emaitza positiboa izan dela azpimarratu du. “Udal aurrekontuaren emaitza 79.330 eurotakoa izan da eta 382.373 eurotako diruzaintza gerakina daukagu. Kirol Patronatuan aurrekontuaren emaitza 45.190 euro izan da eta diruzaintzako gerakina 66.862 euro; Gizarte Ongizaterako Patronatuaren aurrekontuaren emaitza ere positiboa izan da 337.598 euro eta diruzaintzako gerakina 19.732 euro. Berualaren kasuan, urteko auditoriarekin batera onartuko dira urteko kontuak, baina hemen ere kudeaketa ekonomikoa ona izan da eta emaitza positiboa izatea espero dugu”, zehaztu du. 

“Udalaren egoera ekonomikoa asko hobetu” dela adierazteko beste hainbat datu eman ditu alkateak. Adierazi duenez, “2011n itxitako ekitaldien (2010 eta atzerakoak) hornitzaileekin zorrak 389.900 eurokoak ziren eta 2014an aldiz 7.055 eurora jaitsi dira”. “Horrez gain, 2011n 5,3 milioi euro gelditzen ziren ordaintzeko, 2014an berriz 1,6 milioi eta 2015eko martxoan 72.000 euro izan dira. Ildo berean, ordainketa epeak ere asko hobetu dira, 2011n 176 egun ziren eta %50ean jaitsi dira. 2014an batez besteko ordainketa epea 34 egunekoa izan zen”, azaldu du. 

“Aurreko urteetako zor gehienak ordaintzea ahalbideratu dugu, diruzaintzako egoera hobetu dugu eta, ondorioz, hornitzaileen ordainketa epeak asko hobetzea eta erakunde autonomoen ekarpenak hilero egitea lortu dugu”, azpimarratu du Bidegurenek. 

Guzti hau presio fiskala jaitsiz lortu dela adierazi du, “2011n 446,32koa zen eta 2014an 385,87koa”. “Finantza karga biztanleko ere jaitsi egin da, 2011n 72,72koa zen eta 2014an 50,82koa”, gaineratu du.  

Subkontratazio erlatiboak ere gutxiago direla aipatu du %13,50 2011n eta %10,27 2014an, eta aurrezki garbia igo egin da 2010eko -13,70etik, 2014ko %8ra pasatuz.  

Datu ekonomiko hauek “ahalegin handiak” eginda lortu dela adierazi du alkateak, “aurreikuspenetan, gastuaren kontrolean, eta kobrantzatan zorroztasuna izan da nagusi eta horrek Udalaren egoera ekonomikoa asko hobetu du”. Gainera, azaldu duenez, “kontuan hartu behar da udal guztiek izan dutela egoera txarra, baina gure kasuan oso berezia izan da,  diru sarrera gutxiago izateaz eta Udalkutxako zorrak ordaintzeaz gain (1,8 milioi ordaindu dira legealdian zehar eta aurten 264.000 ordainduko ditugu), beste hainbat gairi aurpegi eman behar izan diegulako”. 

Aurpegia eman 

Izan ere, gogoratu duenez, “2011n hainbat izan ziren aurkitu genituen zorrak, besteak beste: Lamera (milioi 1 euro, aurrekontuan sartu eta ordaindu genuen); BUP beste milioi bat euro (negoziatu eta zatika ordaindu genuen); Almikeko obrak (150.000 euro ordaindu genuen), Visesarekin 400.000 euroko zorrak (negoziatu eta etxeen truke likidatu dugu) eta Alde Zaharreko 600.000 euroko diru-laguntzak ordaintzeko kreditua eskatzeko tramiteak egiten gabiltza”. “Horrez gain, San Martineko etxebizitzen auzia dela eta, 4,5 milioi euroko mailegua eskatu behar izan dugu hornitzaileei ordaintzeko eta epaileak agindutakoa betetzeko”, gaineratu du.  

Idurre Bidegurenek nabarmendu duenez, legealdi “gatza” izan da baina “gestio ona” egin dugu. “Egoera hau, egin nahi izan ditugun gauza asko egiteko oztopoa izan da baina argi geneukan, etxean egiten den moduan, ez dagoen lekutik ezin dela atera, eta zorrak ordaindu barik gastu berriak egitea ez dela erantzukizunez aritzea. Argi izan dugu guk hartutako erabakiek ez dutela hipotekatu behar herri honen etorkizuna”, adierazi du. Gainera, zehaztu duenez, “egoera ekonomikoa hobetu dugu oinarrizko zerbitzu publikoak mantenduz”. 

“Hurrengo legealdira begira, nahiz eta diru sarrerak askorik ez handitu, aurreko urteetako zorren zama handia kendu dugu eta baikortasunez begiratzen diogu”, nabarmendu du.  

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

28 / 04 / 2015

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0