Albisteak

Albistea

Hamabost erakusle izango dira martxoaren 6tik 15era egingo den Bermeoko Liburu Azokan

'Euskal aldizkariak’ erakusketa egingo da Liburu azokan eta Unai Elorriagarekin bere azken liburuari buruzko solasaldia izango da martxoaren 12an 

Bermeoko Liburu eta disko Azoka hurrengo barikuan, martxoaren 6an, hasiko da eta martxoaren 15era arte, egongo da Lameran eta hamabost erakusle izango dira euskal eta erdal nobedadeekin eta euskal diskogintzarekin eta liburu aukera zabalarekin. Euskal nobedadeetan liburu eta diskoek ehuneko 10eko beherapena izango dute.  

Liburu eta diskoekin batera, azokako standetan ”Euskal aldizkariak” erakusketa ere izango da. Azoka hau egiten den sasoian  idazleen presentzia garrantzitsua egongo da Bermeon. Horrela, martxoaren 12an, eguenean, Unai Elorriaga idazlearekin solasaldia egingo da Bermeoko Udal Liburutegian arratsaldeko 19:00etan. Bere azken liburuaz, ‘Iazko hezurrak’, mintzatuko da topaketan. 

Ildo berean, martxoaren 14an, zapatuan, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, J. Javier Abasolo izango dugu ‘Una del oeste’ bere liburua sinatzen eta baita ere Jon Arretxe ‘Hutsaren itzalak’ bere liburua sinatzen.  

Haur eta Gazte literatura, helduentzako literatura, sukaldaritza, historia, itsasoa, euskal gaia eta euskal diskogintza dira, besteak beste, azokan azalduko diren gaiak. Irakurzaletasuna bultzatzeko asmoz, azken eleberriak ezagutzera ematea eta liburua protagonista bilakatzea dira Liburu eta Disko Azokaren helburuak.  

Bermeoko Liburu azoka goizez 11:30etik 13:30era eta arratsaldez 16:30etik 20:00etara bisitatu ahal izango da. Asteburuetan ordu erdi gehiago.

04 / 03 / 2015

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0