Albisteak

Albistea

Martxan da Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako liburuko artikuluak idazteko eta argitaratzeko deialdi publikoa

-Sorkuntza, berrikuntza, tradizioa, kultura eta jakituria bultzatu eta zabaldu nahi da, baita sortzaileei euren lanak ezagutarazteko aukera eman ere

-Lanak ekainaren 30era arte entregatu ahal izango dira Gizarte eta Kultura Etxean, kultura@bermeo.eus helbidean edota egoitza elektronikoaren bitartez

Bermeon, 2023ko apirilaren 25ean.- Sorkuntza, berrikuntza, tradizioa, kultura eta jakituria bultzatu eta zabaltzeko eta sortzaileei euren lanak ezagutarazteko aukera emateko helburuarekin, Bermeoko Udalaren Kultura eta Hezkuntza Sailak, 2023ko Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako jai-liburuan argitaratuko diren artikuluak edo lanak idazteko eta argitaratzeko deialdi publikoa abiarazi du.

Ekimenean 15 urtetik gorako pertsona guztiek parte ahal izango dute eta lanak Bermeoko Udalaren Kultura eta Hezkuntza Sailan bertan (Gizarte eta Kultura Etxea, 09:00etatik 14:00etara astelehenetik ostiralera), kultura@bermeo.eus helbidean edota egoitza elektronikoaren bitartez aurkeztu ahal izango dira ekainaren 30era arte.

Gaiei dagokionez, honakoei buruz idatzi daiteke besteak beste: antropologia, folklorea, hizkuntza, historia, ahozko zein idatzizko literatura, kultura, artea, musika… Lan bakoitzak gehienez 9.000 karaktere izango ditu, hutsuneak barru eta partaide bakoitzak lan bat edo gehienez bi aurkeztu ditzake. Idazkiak paperean eta euskarri informatikoan (Word formatua) aurkeztu ahal izango dira eta ilustraziorik edo argazkirik aurkeztekotan jpg formatuan aurkeztuko dira.

Jai liburuan lan hauei eskainiko zaien gehienezko orrialde kopurua 44 izango da, gehiago egotekotan, lan bi aurkeztu dituen egileari lan bakarra argitaratuko zaio eta argitaratzen ez diren lanak 2024 edo hurrengo urteko jai liburuan argitaratzeko lehentasuna izango dute. Hizkuntzari dagokionez, nagusiki euskaraz argitaratuko dira eta gaztelaniaz argitaratuko diren lanen orrialde kopurua gehienez ere, %20koa izango da. Artikulu originalak eta argitaratu bakoak lehenetsiko dira eta horiek aurkeztu ondoren, egileak ezin izango dio lana argitaratzeari uko egin.

Epaimahaikideak Udaleko arduradun politiko bi eta Euskera Saileko eta Kultura eta Hezkuntza Saileko teknikari bana izango dira.

26 / 04 / 2023

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0