Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak Frantziskotarren komentuko teila botako du Madalen Egunean herriko mugak berresteko

-600 urte betetzen dira aurten lehen frantziskotarrek Bermeoko Kontzejuak emandako Izaro uhartearen jabetza hartu zutenetik

-“Bi urteren ostean Madalen Eguna normaltasunez ospatu ahal izango dugu. Bermeotarrok gogo handiarekin gaude gure tradizioa beste urte batez ospatzeko”, adierazi du Bermeoko alkate Aritz Abaroak

Bermeon, 2022ko uztailaren 18an.- “Bi urte luzeren ostean Madalen Eguna normaltasunez ospatzeko unea iritsi zaigu. Bermeotarrontzako horren berezia den tradizioa ehuneko ehunean berreskuratu ahal izango dugu. Elkarrenganako errespetua eta ardura ardatz hartuta, ilusio eta emozioei ateak irekiko dizkiegu. Gogo handia dugu uztailaren 22a iristeko, hain gure dugun tradizioa mantentzeko eta denok kalera ateratzeko!”, adierazi du Bermeoko alkate Aritz Abaroak gaur goizean egin den prentsaurrekoan.

Urte hunkigarri honetarako aukeratu den teila ere oso berezia eta sinbolismoz betea izango da. Izan ere, Bermeoko Frantziskotarren komentuko teila bat aukeratu da Izaro uhartearen ipar-ekialderantz dauden mugak berresteko. 1422ko otsailaren 27an, Bermeoko Kontzejuak Izaroko lurrak eman zizkion Fray Martin de Arteagari bertan frantziskotarren komentu bat sortzeko, eta Bermeok jurisdikzio zibila eta judiziala beretzat gorde zituen. Urte horretan bertan lehen frantziskotar ‘obserbanteak’ Izaron finkatu ziran.

“Oso data eta gertakari esanguratsua da, zalantzarik gabe. 600 urte ez dira urtero betetzen eta Izaro eta bertako komentua esanguraz eta sinbolismoz beteriko ondarea dira bermeotarrontzako. Izaroko komentuko teilarik gordetzen ez bada ere, badaukagu frantziskotarren komentuko teila bat. Bermeoko herrian frantziskotarren komunitateak, direla zein klaustrokide (1357tik) zein obserbante, beti izan du presentzia eta herriko bizitzarekin lotura estua eduki dute eta daukate. Horregatik guztiagatik uste izan dugu Madalen eguneko tradizioaren testuinguruan, aukera ezin hobea daukagula Izaroko frantziskotarren lekukotzaren 600. urteurrena eta Bermeoko historian hain esanguratsuak izan ziran frantziskotarrak eurak omentzeko”, jarraitu du Abaroak.

Tradizioari jarraituz:

10:45ean Udalbatza Goiko Plazan elkartuko da alkate soinua entzuteko. Ondoren, Goizeko 11etan alkateak eta udal zinegotziek Bermeoko Santa Eufemiako elizan geldialdia egingo dute, nahi dutenek meza nagusian parte hartu ahal izateko. Meza amaitu ondoren, udalbatza berriz ere eratu ostean, segizioari berriz hasiera emango zaio eta porturako bidea hartuko dute Kankinkabara txistu taldearekin kalejiran. Txistulariek Madalen Eguneko zortzikoa joko dute bidean doazela. 12:00ak aldera Itsasoratu ostean, eta Izaro uharteko ipar-ekialdean daudela, Bermeoko Udalak herriko banderaren eta ikurrinaren jasoera egingo du eta Aritz Abaroa alkateak, ohikoa den legez, teila jaurtiko du “honaino heltzen dira Bermeoko ituginak” esaldia ozen esanez eta, honela, Bermeoren mugak berretsiz.

Teila bota eta Elantxobe eta Mundakatik pasa ostean, udalbatza arratsaldeko 8ak aldera iritsiko da berriz Goiko Plazara eta, bertan, ikurrina eta herriko bandera jaso eta dantzaldian parte hartuko du.

“Zergatik dira emakumeak beldurra pasatzen dutenak etxera bakarrik itzultzean?”

Bizkaiko Foru Aldundiak “Zergatik dira emakumeak beldurra pasatzen dutenak etxera bakarrik itzultzean?” mezua zabaltzea helburu duen kanpaina jarri du martxan uda honetarako. Izan ere, Bizkaiko kontzertu, diskoteka eta herriko jaiak furgoneta batekin kurrituko dituzte gizonak sentsibilizatzeko asmoz. Kanpaina uda osoan zehar egingo da eta Madalen Eguna aprobetxatuz, Lameran jarriko dute aipatu furgoneta informazioa banatzeko eta kontzientziazioa lantzeko. Uztailaren 22an bertan egongo dira 11:00etatik 20:00etara.<u>
</u>

Ordutegia:

Madalen Egunean ezingo da ibilgailurik sartu portura 13:00etatik 20:30etara (ibilgailuak atera ahal izango dira ordutegi horretan). 20:30etatik 24:00etara, ordea, ezingo da ibilgailurik sartu ezta atera ere.<u>
</u>

Segurtasun neurriak:

Bestalde, guztion segurtasuna bermatze aldera, Bermeoko Udalak itsas jaian parte hartuko duten itsasontziei indarrean dagoen araudiak jasotzen dituen segurtasun neurriak mesedez betetzeko eskatzen die.

Araudiak honako neurriak jasotzen ditu: itsas jaian ezin izango dute parte hartu lau metroko luzera baino gutxiago duten itsasontziek, belaz nabigatzen ari diren itsasontziek, arraunez mugitzen diren itsasontzi edo tresnek (piraguak, kayak, paddle surf tablak…), ezta ere beste era bateko ur gaineko tresnek.

Horrez gain, itsasontzietako aforoa errespetatu behar dela gogorarazten da. Era berean, Izaro inguruan, alkateak teila botatzen duen momentuan, itsasontziei euren arteko distantziak errespetatzeko eskatzen da.

Gainera, itsasontziek seguruak eguneratua, dokumentazioa behar bezala eta salbamendu eta segurtasun baliabideak eguneratuta izan beharko dituzte. Itsas zirkulazio eta segurtasun arautegia ere bete behar dela gogorarazten da.

Araudiak ezartzen duenez, kaian amarratzeko eta irteteko maniobrak pixkanaka egingo dira, gertu dauden itsasontzien aldibereko maniobrak saihestuz. Bidaian, ontzian edo beste ontzi batean dauden pertsonen segurtasuna arriskuan jarriko duen maniobrarik ezin dela egin gogorarazten da.

18 / 07 / 2022

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0